Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritako Udal Larrialdietarako Planak eguneratzearen aldeko txostena eman du

2018.eko urriak 10

Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga buru dela Gasteizen egindako ohiko bileran, Bizkaiko Barakaldo, Ermua, Galdakao, Ondarroa, eta Santurtzi eta Gipuzkoako Arrasate, Azkoitia, Pasaia, Urretxu eta Oiartzun herrietako Udal Larrialdietarako Planak eguneratzearen aldeko txostena eman du.

Horrela, adierazitako udalek jada badituzte, egon litezkeen arriskuei eta kasu bakoitzean erabilgarri dauden bitartekoei dagokienez, jarduteko protokoloak jasotzen dituzten dokumentu eguneratuak.

Erakundeen arteko organo horretan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, Eudel–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak daude.

Gaur egindako bileran Batzordeak Bilboko Portuko Zierbenako (Bizkaia) instalazioetan kokatuta dagoen eta erregaiak biltegiratzean espezializatuta dagoen Bilbao Port SL enpresaren Kanpoko Larrialdi Planaren aldeko txostena ere eman du.

Era berean, aldeko txostena eman dio Itsasertzaren (Ribera del Mar) kutsadurari aurre egiteko EAEko Larrialdietarako Plan Bereziaren Proiektuari ere.

Itsasertza EAEko Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea garatzeko prozedura bat da, eta itsasoko kutsadura-egoerei aurre egitea du helburu, horien intzidentzia arriskutsua izan badaiteke pertsonentzat eta ondare materialarentzat.

Azkenik, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak Kantauri Ekialdeko Demarkazioko Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluazioa (UAAE) berrikustea eta eguneratzea ere onartu du, EAEko ibaietako prebentzio eta jarduera planak oinarritzat hartuta.