Babes zibileko euskal boluntarioak Segurtasun Sailarekin lankidetzan arituko dira 112 SOS Deiak App-a zabaltzeko kanpaina berrian

Entrega_de_folletos_(002)-APP-JOSU_ZUBIAGA.jpg

2018.eko urriak 04

Babes zibileko euskal boluntarioak Segurtasun Sailarekin lankidetzan arituko dira 112 SOS Deiak App-a zabaltzeko kanpaina berrian, eta informazio-triptikoak banatuko dituzte parte hartu ohi duten egintza eta ekitaldietan jendearen artean.

Liburuxka berriak Babes Zibileko Boluntariotzako Aholku Batzordeak Bilbon egindako bileran aurkeztu dira. Euskaraz eta gaztelaniaz editatu dira, eta aplikazioa zehatz-mehatz erakusten duen tamaina errealeko smartphone baten irudia dute.

Hasierako tirada 3.000 alekoa izan da. Triptikoek, nolanahi ere, app-aren baliagarritasuna utzi nahi dute agerian, honako mezu generiko honen bidez: “Zenbat app baliagarri dituzu mugikorrean? Hau hil ala bizikoa izan daiteke”. Halaber, app-aren abantaila nagusiak daude azpimarratuta triptikoan.

SOS Deiak zerbitzuaren aplikazioaren bidez, 112 telefonoko operadoreekin harremanetan jar daiteke botoi bakar bat sakatuta. GPS seinalea aktibatuta badago, deia hasten den unean bertan igortzen da. Beraz, oso tresna baliagarria da, batez ere kokapen zehatza zailtasun gehigarria den kasuetan (trafiko-istripuetan, mendiko bilaketetan eta abar).

Gainera, grafikoen eta txat baten bitartez, komunikatzeko aukera ematen die entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonei. Txat hori zuzenean ikusten da 112-SOS DEIAK zerbitzuaren operazio-pantailetan, eta gorabeherari buruz bidezkotzat hartzen den informazioa eman daiteke.

EAEn, gaur egun, 6.000 boluntario inguru daude hiru lurralde historikoetan banatuta.