Segurtasun Sailak Ertzain-etxeetarako bereizgarridun lehenengo 150 patruila-autoak jaso ditu

2018.eko uztailak 04

  • Ertzaintzaren automobil-parkea berritzeko prozesu zabal baten lehenengo fasea da, eta bereizgarridun beste 150 ibilgailurekin, lur orotako 100 ibilgailurekin eta 70 trafiko-furgonetarekin osatuko da

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia egun hauetan Ertzaintzaren bereizgarridun lehenengo 150 patruila-autoak jaso dituen Erandioko base nagusian izan da gaur goizean. Lehenengo ibilgailu hauek SEAT markako León X-perience 2.0 TDi modeloak dira, eta horiekin Segurtasun Sailak beste urrats bat eman nahi izan du Ertzaintzaren ibilgailuen flota berritzeko konpromisoan. Lehenbizi bereizgarririk gabeko 600 polizia-auto berritu zituen. Datozen hilabeteotan automobil-parkea berritzen jarraituko da, eta bereizgarridun beste 150 auto, lur orotako 100 ibilgailu eta 70 trafiko-furgoneta berri iritsiko dira.

“Lehenengo 150 patruila-auto horiekin bultzada handia emango diogu polizia-ibilgailuen flota berritzeko prozesuari, eta datozen aste eta hilabeteotan jarraitu egingo dugu berritze-prozesuarekin eta bereizgarridun beste 150 auto, herritarren segurtasunerako lur orotako 100 ibilgailu eta errepideetan patruilatzeko eta istripuak ikertzeko edo prebentzio-kontroletarako 70 trafiko-furgoneta iritsiko dira", adierazi du Segurtasuneko sailburuak Ertzaintzaren Erandioko base nagusian polizia-ibilgailu berriak aurkezteko ekitaldian.

Txanda honetako ibilgailuak SEAT markako León X-perience 2.0 TDi modeloak dira, 150 Cv, trakzio integrala eta aldagailu automatikoa dituzte. Ibilgailuak egokituta eta moldatuta daude polizia-lanetarako, eta ekipamendu espezifikoa, seinalizazio-elementu modernoak, errotulazioa eta barruko bidaiari-lekuak eta maletategia egokituta dituzte.

Behin komunikazio-sistemak instalatu eta kodifikatu ondoren, lehenengo 150 auto horiek pixkana erabilgarri egongo dira datozen egunotan Ertzaintzaren hainbat ertzain-etxetan.

Bereizgarridun polizia-autoen bigarren sorta urrian entregatuko da, eta atxilotuentzat manpara izango duten beste 150 ibilgailu izango dira.

Wolksvagen markako motor-modelo baten CO2 emisioak neurtzeko sistemen aurkako iruzur-salaketek eragindako krisiaren ondoren, Segurtasun Sailak automobil-parkea berritzeari ekin behar izan zion, eta renting bidez eskuratzeko kontratu berri bat onartu zuen.

Ibilgailuak alokatzeko kontratuak 60 hilabeteko epea izango du, eta beste 24 hilabetez luzatu ahal izango da, eta arrisku orotako asegurua izango du, bai eta ibilgailuak konpontzeko eta mantentzeko zerbitzua ere. Hala ere, baldintzen pleguan aurreikusita dago Segurtasun Sailaren baliabideekin konponketa txikiak egiteko aukera, hain zuzen ere, erabilgarri dauden baliabideak optimizatu ahal izateko eta Ertzaintzaren automobil-parkean izaten diren gorabeherei erantzun azkarra emateko.

300 patruila-autoen alokairuaren kostua 18,6 milioi eurokoa da, eta bost urteko iraupena du.

Bata bestearen atzetik entregatuko dira

Ertzaintzaren ibilgailuen flota berritzeko prozesua azaroaren amaierara arte luzatuko da. Uztailean lur orotako 50 patruila-ibilgailu berri iritsiko dira, abuztuan 35 trafiko-furgoneta berriak iritsiko dira eta urrian manparadun beste 150 patruila-autoak eta lur orotako beste 50 ibilgailu. 2018ko aurreikuspenarekin amaitzeko, azaroan trafiko-unitatearen lanetarako gainerako 35 furgonetak jasoko dira.