Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du datorren asteazkenerako, hilaren 28rako, elurragatik

elurra.JPG

2018.eko otsailak 26

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du datorren asteazkenerako, hilaren 28rako, elurragatik, 00:00etatik 15:00etara. Elur aldia gaur, astelehena, eta bihar, asteartea, sartuko den Siberiako aire-masa hotzaren eta Penintsula hegoaldetik iritsiko den aire-masa beroaren arteko elkarreraginaren ondorioa izango da.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, tenperatura minimoak oso baxuak izango dira, batez ere astearte goizaldean, eta elur-maila itsas-mailara arte jaits daiteke asteazken eguerdira arte.

Iragarpenek adierazten dute gaur, hilak 26, eguzkia izango dela nagusi, nahiz eta eguzkia ezkutatzen denean tenperaturek berriz ere behera egingo duten, eta izotza izango da barrualdean eta Gipuzkoako kostaldeko hainbat puntutan.

Siberiatik iritsiko den aire-masa hotzaren ondorioz, eta hodeirik izango ez denez, bihar, asteartea, egunaren lehenengo erdian eta gauean izotza egingo du, barnealdean handia, eta Arabako hainbat puntutan oso handia. Tenperatura maximoak ere oso baxuak izango dira, 1 eta 5ºC artekoak.

Asteazken arratsaldeko lehenengo orduetatik aurrera egoera aldatzen hasiko da, eta elur-mailak azkar egingo du gora eta 1.000 metro inguruan kokatuko da; eguna amaitzerako 1.500 metro inguruan kokatuko da.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Aholkuak eta gomendioak

HERRITARRENTZAT

Prebentzio-neurriak:

Bidaiatu behar baduzu:

• Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren 011 telefono-zenbakiaren eta Twitter (@trafikoaEJGV) bidez, eta egoera meteorologikoari buruzkoa Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

• Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea

• Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.

• Edonola ere, jarraitu beti Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak Twitter eta Internet bidez

Mendira joan behar baduzu:

• Alerta laranja aktibatuta badago, bertan behera utzi mendiko txangoak eta ibilaldiak.

Etxean

• Kontuz ibili berogailu-sistema osagarriekin, estufa edo sutontziekin, istripurik gerta ez dadin.

Elurretan ibilgailuan harrapatuta geratzen bazara:

• Ez atera autotik denboraleak barruan harrapatu bazaitu. Ez ahaztu telefono mugikorra, eta bateria ondo kargatuta eduki.

• Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta tarteka airea berritu.

• Ez lo hartu. Tapakiren bat eskuratu, eta ondo jantzita egon.

Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira

 

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.