Segurtasun Sailak larrialdietako eta babes zibileko lehen meritu-dominak eman dizkie Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza mendizaleei eta Vitoria-Gasteizko eta Bilbaoko Maite Pascual eta Unai Zubizarreta herritarrei

01.JPG

2018.eko otsailak 24

Ekitaldian aintzatetsi dituzte, halaber, babes zibileko zereginetan laguntzen 10 eta 25 urte bete dituzten tokiko elkarteak, erakundeak eta boluntarioak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Larrialdietako eta Babes Zibileko lehen meritu-dominak eman ditu, Larrialdiei Arreta Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatuta. Wopeak17 espedizioko Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleei bereizgarri gorriko meritu-domina eman die eta Maite Pascual eta Unai Zubizarreta Vitoria-Gasteizko eta Bilbaoko herritarrei bereizgarri berdeko meritu-domina.

Ekitaldia Bilbaoko Campos Eliseos Antzokian egin da, eta ekitaldiko buru izan dira Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Arreta Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria.

Ekitaldian aintzatetsi dituzte, halaber, babes zibileko zereginetan laguntzen 10 eta 25 urte bete dituzten tokiko elkarteak, erakundeak eta boluntarioak.

Larrialdietako eta Babes Zibileko meritu-dominen bost saritu hauek dira Segurtasun Sailak urtero eman nahi dituen sarien lehen hartzaileak. Ohorezko sari hutsak dira, eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako zerbitzuei —eta bertako langileei— ez ezik, larrialdiko egoeren ondorioak minimizatzeko eta arintzeko prebentzio-lanetan nabarmendu diren pertsonei eta erakundeei ere emango zaizkie, banako gisa edo kolektibo gisa.

Hiru himalaistak bereizgarri gorriko dominarekin saritu dituzte, hain zuzen ere sari hori kategoria honi dagokio: pertsonak edo ondasunak arriskuan direneko larrialdi-egoeretan entrega, adore, espiritu humanitario edo elkartasun sozialeko kualitate bikainak agerian utzi dituzten egintzen edo jardunen kategoriari.

Bereizgarri berdeko domina, berriz, emango zaie larrialdi-egoera batean pertsonen eta ondasunen babesean eta zaintzan, edo horien ondorioak arintzen, laguntza erabakigarria ematen duten —Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren helburuetan lagunduz— herritarren merituzko ekintzei, jardunei edo egintzei.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza

Larrialdietako eta Babes Zibileko bereizgarri gorriko meritu-dominak eman zaizkie Wopeak17 euskal espedizioko Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleei, 2017ko uztailean Himalaiako Karakorum mendikateko Gasherbum II mendian Valerio Annovazzi alpinista italiarra erreskatatzeagatik.

Erreskatea 2017ko uztailaren 25ean gertatu zen. Oso baldintza meteorologiko txarretan hamabi ordu eskalatu ostean, hiru mendizaleek alpinista italiarra erreskatatu ahal izan zuten, Himalaian egoera etsian, bakarrik eta bizitza-arrisku oso larrian zegoenean.

Maite Pascual eta Unai Zubizarreta

Era berean, Segurtasun Sailak Larrialdietako eta Babes Zibileko bereizgarri berdeko meritu-dominak eman dizkie Maite Pascuali eta Unai Zubizarretari, Vitoria-Gasteiz eta Bilbao arteko linea erregularreko autobusetako batean bidaiari zirela trafiko istripu bat saihesteko izandako parte-hartze erabakigarriagatik.

2017ko ekainaren 26an, Arabako Sarria herrian, autobus horretako gidaria zorabiatu zenean, Maite Pascualek eta Unai Zubizarretak ibilgailuaren bolantea eta balaztak kontrolatu zituzten, eta ondorio latzeko istripua gerta zedin saihestu zuten.

Boluntarioak

Aldi berean, Segurtasun Sailak diploma baten bidez aintzatetsi nahi izan ditu babes zibileko zereginetan laguntzen 10 eta 25 urte bete dituzten tokiko elkarteak erakundeak eta boluntarioak.

Zehazki, 10 elkarte eta erakunderi eta 115 boluntariori eman zaizkie diplomak. Hauek dira saritutako elkarteak eta erakundeak:

Sestaoko, Barakaldoko, Bermeoko, Basauriko, Erandioko, Tolosako, Irungo, Laudioko eta Errenteriako babes zibileko elkarteak eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea.

Bestalde, aintzatetsitako 115 boluntarioak Alonsotegiko, Gatzaga Buradoneko, Amurrioko, Balmasedako, Barakaldoko, Basauriko, Erandioko, Errenteriako, Irungo, Laudioko, Ordiziako, Pasaiako, Gaubeako, Sestaoko eta Zarauzko babes zibileko elkarteetako eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeko kideak dira.