Segurtasun Sailak Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza mendizaleei eta Gasteizko eta Bilboko Maite Pascual eta Unai Zubizarreta herritarrei emango dizkie Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren lehenengo dominak

2018.eko otsailak 09

Domina-banaketa otsailaren 24an egingo da Bilboko Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta babes zibileko lanetan laguntzen 10 eta 25 urte daramatzaten elkarteak eta boluntarioak ere sarituko dira

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur eman ditu, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatuta, Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren dominak lehenengo aldiz jasoko dituztenen izenak.Wopeak17 espedizioko Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleek bereizgarri gorridun domina jasoko dute eta Gasteizko eta Bilboko Maite Pascual eta Unai Zubizarreta herritarrek bereizgarri berdedun domina.

Bost saridun horiek dira Eusko Jaurlaritzak, batetik, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzuak eta langileak eta, bestetik, larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo gisa nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak, urtero saritzeko sortu dituen ohorezko sari horiek hartzen lehenak.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza

Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren bereizgarri gorridun dominak Wopeak17 espedizioko Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleek jasoko dituzte, 2017ko uztailean Valerio Annovazzi alpinista italiarraren erreskatean parte hartu zutelako Himalaiako Karakorum mendikatean, Gasherbum II mendietan egoera larrian zegoenean.

Hiru mendizale horien kasuan, bereizgarri gorridun domina pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen egoera baten aurrean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainen kategoriari dagokio.

2017ko uztailaren 25ean hiru mendizaleek arrakastaz erreskatatu zuten, hamabi orduz eskalatu ondoren eta baldintza meteorologiko oso txarretan, Valerio Annovazzi alpinista italiarra, Himalaian egoera etsipengarrian bakarrik zegoela.

Maite Pascual eta Unai Zubizarreta

Era berean, Segurtasun Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatuta, Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren bereizgarri berdedun domina emango die Maite Pascual eta Unai Zubizarreta herritarrei, Gasteiz-Bilbo lineako autobusetako batean bidaiari gisa zihoazela trafiko-istripu bat erabakigarritasunez saihestu zutelako.

Bereizgarri berdedun domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.

2017ko ekainaren 26an, Arabako Sarria herriko udal-mugartean, autobusaren gidaria zorabiatu egin zen. Une horretan, Maite Pascualek eta Unai Zubizarretak autobusaren bolantearen eta balazten kontrola hartu zuten eta istripua izatea saihestu zuten.

Ekitaldia otsailaren 24an, eguerdiko 12etan egingo da Bilboko Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta diploma  bana emango zaie Segurtasun Sailarekin hitzarmena duten eta lankidetzan 25 urte bete dituzten udal babes zibileko 12 elkarteri eta zerbitzuan 25 urte bete dituzten boluntarioei.

900.000  dei inguru, eta 200.000 gorabehera baino gehiago

Era berean, Europar Batasun osoan otsailaren 11n (2. hilabeteko 11n) egingo den larrialdietako 112 telefono-zenbakiaren Europako eguna dela eta, SOS Deiak Koordinazio Zentroaren iazko balantzea egin dute prentsaurrekoan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituak.

SOS Deiak Koordinazio Zentroek 2017an 864.261 dei artatu zituzten eta 205.708 gorabehera kudeatu zituzten Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikitako 112 telefonoaren bidez. Zifrak 2016koaren antzekoak dira (876.865 dei eta 194.669 gorabehera).

Aurreko urteetan bezala, artatutako gorabehera gehienak larrialdi medikoekin (% 23,22), kalean arriskuak hautematearekin (% 21,08), pertsonen istripuekin (% 14,72), herritarren segurtasunarekin (% 14,61) eta trafiko-istripuekin (% 10,97) lotuta zeuden.

Lurraldeen arabera, Bizkaian guztira 99.535 gorabehera artatu zituzten (2016an 94.361), Gipuzkoan 70.274 (2016an 66.584) eta Araban 35.899 (2016an 33.724).

Artatutako deiei dagokienez, Bizkaian 471.693 dei izan ziren (2016an 484.020), Gipuzkoan 265.024 (2016an 264.815) eta Araban 127.544 (2016an 128.030).

112ren Europako Eguna egiten da herritarrei gogora ekartzeko 112 estatu kide guztietan dagoela erabilgarri, eta kabina batetik, telefono mugikor batetik edo telefono finko batetik markatu daitekeela.

112 1998ko martxoan jarri zen abian Euskadin, 1983an ezarritako 088ren ordez, Europan larrialdietako telefono bateratu bat ezartzeko erabakiari erantzunez.