Dokumentu-ondare historikoaren espoliazioaren aurkako garrantzi handiko ikerketa baten xehetasunak azaldu ditu Ertzaintzak

2017.eko uztailak 06

Aditu batek bereganatu zituen milaka dokumentu historikoren arrastoa jarraitu du hainbat urtetan

Hainbat urtetan egindako ikerketa baten xehetasunak azaldu dituzte gaur Donostian Segurtasuneko sailburuak, Kultura Ondarearen zuzendariak, Bergarako alkateak eta Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko unitateen arduradunek. Ikerketa horri esker 2007tik 2011ra bitartean pertsona batek Euskadiko eta Estatuko hainbat artxibotatik iruzur eginez ateratako dokumentu-kopuru esanguratsua aurkitu eta berreskuratu ahal izan da.

Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHUren “Problemas derivados del régimen de protección de los bienes culturales en el País Vasco” uda ikastaroaren esparruan, gaur goizean egin den prentsaurrekoan izan dira Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agote, Bergarako alkate Elena Lete, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Sekzio Zentraleko buru Klemente Garai, Ondarearen aurkako Delituen Sekzio Zentraleko buru Koldo Olabarrieta, eta Ertzaintzako Ondarearen aurkako Delituen Areako Agente Iñaki Salgado.

Hedabideen aurrean azaldu duten moduan, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Sekzio Zentraleko Ondarearen Taldeko agente espezialistek ikerketa neketsua egin zuten 2011tik 2015ra bitartean Euskadiko eta Espainiako beste hainbat tokitako artxiboetatik 2007tik legez kontra ateratako milaka dokumentu historikoren arrastoa jarraitzeko. Ertzaintzak kultura-ondasun historikoen espoliazioaren aurka egindako operaziorik handiena izan zen ikerketa hori, eta horri esker ia bi mila dokumentu historiko berreskuratu ahal izan ziren.

Ikerketaren lehenengo urratsak

Ikerketari ekin zitzaion 2011. Urtearen - Bergara Udalak salaketa bat aurkeztu ondoren - Euskadiko hainbat artxibotatik dokumentu historikoak ateratzea leporatu zitzaion aditu bat, filatelia zalea, atxilotu zutenean.  

Pertsona hori arrastatu zutenean eskuratutako datuak eta dokumentuak sailkatu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ondare historikoaren arloko adituekin batera aztertu ondoren, konturatu ziren hasieran uste zutena baino garrantzitsuagoa zela esku artean zutena, eta arrastatuak lapurtutako dokumentu-ondarea askoz ere handiagoa zela. Horren harira, 2013ko otsailean, eta hainbeste ebidentziaren aurrean, ikerketaren beste fase bati ekin zitzaion, eta oraingoan Kultura Saileko espezialisten laguntza zuzena izan zuen Ertzaintzak.

Ikerketaz Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Sekzio Zentrala arduratu zen, eta unitate horretako agenteek adierazi zuten milaka zirela, eta asko eta asko balio historiko handikoak, auziperatuak Euskadiko nahiz Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako hainbat artxibo publiko eta pribatutatik lapurtutako dokumentuak. Ikerketak helburu gisa markatu zuen dokumentuak aurkitu eta berreskuratzea.  

2.000 dokumentu berreskuratu dira

Gutunak operazioa” izeneko ikerketaren ondorioz, Ertzaintzako ikertzaileak batetik bestera ibili ziren Estatu osoan, eta lekuko izan zitezkeenekin eta ondare historikoaren arloko adituekin jarri ziren harremanetan.  Ikerketan zehar ia bi mila dokumentu berreskuratu zituzten, guztiak 1604 eta 1895 artekoak. Dokumentu horiek bildumazaleen merkatuan auziperatuarentzat eta dokumentu horiek erosi zituzten pertsonentzat zuten interesa eta balioa batez ere horien izaera “pre-filatelikoa" zen. Dokumentu horien artean daude, besteak beste, Felipe III.a eta Felipe IV.a erregeen hainbat gutun.

Euskadiko artxiboetako 160 dokumentu

Bergarako Epaitegiak hasieratik izendatu zuen aditu bat, peritu judizial bat, berreskuratutako dokumentuak aztertzeko, eta honek adierazi zuen horietako batzuk Euskadiko funtsetakoak zirela, eta horixe bera egiaztatu zuten ikertzaileek ere artxiboetan egindako erkatzeen bitartez.  

Alde horretatik, berreskuratutako bi mila dokumentuetatik 160 inguru Euskal Autonomia Erkidegoko artxiboek babestuta eta zainduta zeuden lapurtu zirenera arte.  Euskadiko dokumentuengatik erosleek ordaindutako prezioa kasuren batzuetan 400 euro ingurukoa zen ale bakoitzeko.  

Gainerako dokumentuak, peritu teknikoek emandako datuen arabera, beste autonomia-erkidego batzuetako artxibo eta funtsetakoak ziren, eta Ertzaintzaren ikerketak, beraz, beste polizia-kidego batzuetako (Polizia Kidego Nazionala, Guardia Zibila, Mossos d’Esquadra eta Nafarroako Foru Polizia) adituen laguntza ere izan zuen dokumentuen legez kontrako jatorria egiaztatu ahal izateko.  

Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko lankidetza funtsezkoa izan zen, bestalde, kulturaren munduko hainbat euskal erakundek ikerketetan parte hartzea lortu ahal izateko. Horiei batu zitzaien dokumentuen jatorrizko artxiboak dauden udalerrietako udalek eskainitako laguntza, eta agerian geratu zen, beraz, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa dela eraginkortasunez borroka egiteko ondare historikoarekin loturiko delituen aurka.