Haurren bide-segurtasunaren esparruan Eusko Jaurlaritzak abian dituen jarduerak azaldu ditu Trafikoko zuzendariak

Argitalpen-data: 

Captura.JPG

Haurren bide-segurtasunari buruzko jardunaldi batean parte hartu du gaur goizean Kongresuan

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak ibilgailuetako haurren segurtasunari buruzko jardunaldian parte hartu du gaur goizean Madrilgo Diputatuen Kongresuan, eta bertan aurkeztu ditu 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan adingabeei dagokienez jasota dauden jarduera-ildoak.
 

Sonia Díaz de Corcuerak adingabeen bide-segurtasuna hobetzeko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak garatzen dituen estrategia eta helburuak azaldu ditu bere esku-hartzean, bai eta Sailak lantzen dituen esku-hartze esparruak ere: familia, hezkuntza-sistema eta aisialdia.

Trafiko Zuzendaritzako Bide Segurtasun atalak haurren segurtasunerako gailuak behar bezala erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio kanpainak egiten ditu osasun-zentroetan (emaginentzat eta Pediatria zerbitzuentzat), haurrak lotzeko sistemei buruzko informazioa ematen du saltokietan –elkarteekin lankidetzan– eta haurren bide-segurtasuna sustatzeko dibulgaziozko materiala hedatzen du, besteak beste “Hasieratik seguru/Desde el comienzo seguro” gida. Honako esteka honen bidez eskura daiteke gida hori.

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzak bederatzi bideo ditu Youtubeko bere kanalean argi eta garbi azalduz nola jarri behar diren haurrak lotzeko sistema ezberdinak.

Adingabeen artean portaera seguruak sustatzeko bide horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan erabiltzeko material didaktikoa prestatzen du eta hezitzaileei eta aisialdiko begirale eta arduradunei prestakuntza ematen die.

Euskadin nahiko apalak dira 14 urtetik beherako adingabeen errepideko ezbehar-kopuruen zifrak. 2013an bi hil ziren; 2014an ez zen adin horretako adingaberik hil; 2015ean, 2016an eta 2017an –orain arte–, adingabe bat hil da. Trafiko-istripuetan larri zauritutako adingabeei dagokienez, 2013an 12 zauritu larri izan ziren; 2014an 8; 2015ean 12; 2016an 8 eta aurten, orain arte, 7.

Datuek adierazten dute segurtasun gailuak gehienetan erabiltzen direla. 2016an Ertzaintzak erregistratutako trafiko-istripuetan inplikatutako 14 urtetik beherako adingabeen % 84k zegokion gailua zeramaten. Gainerako % 16tik % 9k ez dago jasota bazeraman ala ez.

Trafikoko zuzendariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo duela konpromisoa hartzen eta lankidetzan jarduten neska-mutilak joan-etorrietan babesteko ekimenekin. “Trafiko-istripuak saihesteko modurik onena prebentzioa da, eta, alde horretatik, informazioa eta prestakuntza eman behar da eta etengabe gogoratu behar da haurrak lotzeko sistemak erabiltzea beharrezkoa eta nahitaezkoa dela gure kale eta errepideetan adingabeak zauritzea eta hiltzea eragozteko, edota ahalik eta adingabe gutxien zauritu eta hiltzea lortzeko, behintzat", esan du Sonia Díaz de Corcuerak.