Barne Ministerioak eta Segurtasun Sailak Ertzaintza Estatuko polizia-foroetan gehiago integratzea eta Europako polizia informazioetarako sarbidea izatea adostu dute Segurtasun Batzordean

2017.eko ekainak 14

Polizia-jardunarekin zerikusia duten gaietan gehiago parte hartzea, koordinazio handiagoa eta eskumenak mugarritzea itundu dute

Juan Ignacio Zoido Barne ministroa eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia akordio batera iritsi dira gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan Euskadiko Segurtasun Batzordeak egin duen bileran, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa areagotzeko, Ertzaintza Estatuko polizia-foroetan gehiago integratzeko, Europako polizia informazioetarako sarbide gehiago izateko eta polizia-jardunarekin zerikusia duten gaietan eskumenak argitu eta mugatzeko mekanismoak ezartzeko.  Gaur berretsitako akordioen artean nabarmentzen da Ertzaintzak eutsi egingo diola 2004ko Segurtasun Batzordean adostutako ertzain kopuruari, euskal herritarrek eskatzen dituzten segurtasun-zerbitzuei erantzun ahal izateko.

Euskadiko Segurtasun Batzordea lehenengo aldiz elkartu da legealdi honetan bi arduradunek joan den martxoan Madrilen egindako bileraren ondoren. Bilera hartan jarri ziren 2012tik elkartu gabe zegoen aldebiko organoaren gai-zerrenda adosteko oinarriak. Segurtasun Batzordearen bileran ministroarekin eta sailburuarekin batera izan dira, Espainiako Gobernuaren aldetik, Segurtasunerako Estatu idazkari José Antonio Nieto, Gobernuaren ordezkari Javier de Andrés, Segurtasunerako Estatu Idazkaritzako Koordinazio eta Ikerketarako Kabineteko zuzendari Diego Pérez de los Cobos eta eta Idazkari Tekniko Orokorra, Juan Antonio Puigserver; eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aldetik, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendaria, Eugenio Artetxe.

Bilera ordu betekoa izan da, eta bertan hainbat akordio adostu dira gai-zerrendan jasota zeuden puntuen gainean: erabaki polizialak hartzeko eta informazioa trukatzeko Estatuko foroetan Ertzaintzaren parte-hartzea antolatzea, Europako polizia informazioetarako sarbide gehiago izatea, polizia-jardunarekin zerikusia duten gaietan eskumenak argitu eta mugatzeko mekanismoak ezartzea eta poliziaren arloko koordinazio teknikoa areagotzeko eta Batzordean hartutako erabakiak betetzeko mekanismoak sendotzea.  

CITCOn integratzea             

Segurtasun Batzordearen bilerako aktan jaso da Ertzaintza CITCO-Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroan integratuko dela, eta gainera sarbidea izango duela alerta goiztiarrerako sistemara eta Europako polizia-informaziora (EUROPOL, SIENA, SIRENE). Bestalde, adostu da kriminaltasunari edo genero-indarkeriako kasuen jarraipenari buruzko datu estatistikoak trukatzeko dagozkion protokoloak onartzea.  

Ertzaintzak Segurtasunerako Estatu Idazkaritzaren gida-planetan, parte-hartzea izango duela ere jaso da.  

Polizia-jardunarekin zerikusia duten gaietan eskumenak argitu eta mugatzeko mekanismoei dagokienez, azpimarratu behar da Ertzaintza “jazarraldiak beroan” egiteko gaituko hemendik aurrera, eta lantalde espezifiko bat eratuko dela Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko portuetako eskumenen banaketa aztertzeko.  

Koordinazio handiagoa

Polizien arteko koordinazioa sendotzeko eta Segurtasun Batzordeak hartutako erabakiak betetzeko egindako lorpenei dagokienez, azpimarratzekoa da Ertzaintzaren promozio berriak deitzeko ahalmena, hain zuzen ere, bere garaian itundutako ertzain kopuruari eutsi ahal izateko. Bestalde, 1989ko Polizia Koordinaziorako Batzorde Teknikoa suspertuko da eta lanerako hiru azpibatzorde eratuko dira: Informazio Lanerako Azpibatzordea, terrorismoarekin zerikusia duten jardueretarako; Polizia Judizialaren Lanerako Azpibatzordea, ikerketa kriminalarekin zerikusia duten jardueretarako; eta Koordinazio Operatiboko Lanerako Azpibatzordea, gatazkak sor daitezkeen esparruetan gorabeherei konponbidea emateko.

Bestalde, Segurtasun Batzordean erabaki da Koordinazio Batzorde Iraunkorra sortzea beste koordinazio-maila batzuetan erabakitzerik izan ez diren aldeak ebazteko.