Zabalik dago segurtasun pribatuaren jardunen ondoriozko ohorezko aipamenetarako hautagaiak aurkezteko epea

seg.jpg

2017.eko martxoak 07

Apirilaren 18ra arte

Zabalik dago segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenetarako proposamenak aurkezteko epea. Aipamen horiek jaso ditzakete sektore horretako langileek zein arlo horrekin lotzen diren enpresek eta organismoek, eta garrantzi berezia duten jardunak sarituko dira. Hautagaiak aurkezteko epea apirilaren 18an amaitzen da, eta sariak 2017ko ekainaren 14an emango dira, Euskadiko segurtasun pribatuaren egunean.

Gaur, asteartea eta hilaren 7a, EHAA aldizkarian argitaratu ostean, zabalik dago segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenenetarako proposamenak aurkezteko epea. 2016ko martxoaren 1eko Segurtasuneko sailburuaren agindu batek arautzen du ohorezko aipamen hauek ematea. Arlo horretako ekimen profesionala, arriskua, nekagarritasuna edo munta agerikoak diren merituzko jardunak aintzatestea du helburu. Aipamenak ofizioz eman daitezke, edo segurtasun pribatuarekin lotuta dauden partikularren, enpresen eta erakundeen ekimenez.

Sari ekonomikorik ez duten ohorezko aipamen horien hartzaileak segurtasun pribatuko langileak, enpresak edo bestelako pertsona fisikoak, erakundeak, korporazioak, elkarteak edo establezimendu publikoak edo pribatuak izan daitezke. Kategoria hauek hartu dira aintzat: ohorezko kondekorazioa, ohorezko  saria, diploma eta ohorezko plaka.

Ohorezko kondekorazioak aintzatesten ditu beren egitekoa betetzean, bereziki Ertzaintzarekin elkarlanean, haien bizia edo integritate fisikoa arriskuan jarrita nabarmentzen diren langileak, betiere delitu larriak saihesteko, segurtasunerako informazio garrantzitsua emateko edo delitu larriak prebenitzen edo argitzen laguntzeko.

Ohorezko saria, berriz, segurtasun pribatuko langileei zuzentzen bazaie ere, saritzen ditu jardun humanitarioak, segurtasun publikoan laguntzen dutenak, hain larriak ez diren delituak saihesten dituztenak edo Ertzaintzari arau-hausteak edo legez kontrako ekintzak argitzen laguntzen diotenak.

Diplomak, bestalde, segurtasun pribatuko enpresak aintzatesten ditu, segurtasun pribatuaren zerbitzuak egiten edo hobetzen nabarmentzen direnak, batez ere Ertzaintzarekin elkarlanean, segurtasun pribatuko langileen etengabeko prestakuntza-politikak sustatzen dituztenak, enpresaren ibilbidea eta prestigioa, eta abar.

Azkenik ohorezko plaka zuzentzen zaie Euskadin segurtasun pribatuaren zerbitzuen hobekuntzan nabarmendu diren pertsona fisikoei, erakundeei, korporazioei, elkarteei eta establezimendu publikoei eta pribatuei.

Ohorezko adierazpen horiek emango ditu Segurtasuneko sailburuordeak, ebaluazio-batzorde batek proposatuta. Aginduan arautzen da batzorde horren osaera.

Eskabideak aurkeztea

Pertsona fisikoek aurrez aurre edo modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan, Zuzenean, Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48001 Bilbao), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro Maeztu 10 beheko solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz). Modu elektronikoan, berriz, honako helbide honetan. Eskaeraren ondorengo tramiteak, modu elektronikoan, helbide honetan egingo dira.  Helbide horiek berak erabili ahal izango dituzte pertsona juridikoek.