Segurtasun Sailaren aurrekontuaren erronka nagusiak dira euskal segurtasun publikoko sarearen telekomunikazioak eta informatika-sistemak indartzea, Ertzaintzaren belaunaldi-berrikuntza egitea eta parke mugikorra berritzea

2017.eko martxoak 02

Segurtasun  Sailak bere aurrekontuko 6,3 milioi Ertzaintzaren XXVI. promozioa hautatzera eta prestatzera zuzendu du

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak gaur aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean 2017rako aurrekontu-proiektuaren zenbateko nagusiak. Berarekin izan dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria eta Guadalupe Camino Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendaria. Proiektuak 625.771.000 euroko zenbatekoa du, aurreko urtean baino % 1,2 gutxiago. Horretan eragina izan du 2016an izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak antolatzeko eta garatzeko kontu-sail bereziak ezabatzeak.

Segurtasun Sailak telekomunikazioak eta informatika-sistemak kudeatzera zuzenduko den zuzendaritza berriaren sorrerarekin erronka hauei egin nahi die aurre: batetik, euskal segurtasun publikoko sarean informatika-sistemak eta telekomunikazioak sustatu eta modernizatu beharrari, eta, bestetik, gaur egungo premietara egokitu beharrari. Zuzendaritza berri hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari atxikiko zaio, eta segurtasun-beharretara gehiago egokituko diren informatika-ereduetara eta -inguruneetara migratzeko aukera emango duen modernizazio-programa gidatuko du.

Bultzada berritzailea eman nahi zaio Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Orokorraren integrazio teknologikoari, eta arreta berezia emango zaio polizia-informazioko sistemak eguneratzeari eta egokitzeari eta gure segurtasun-sistema osatzen duten komunikazio-sareei”, adierazi du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak. Aurrez nabarmendu du garrantzi handikoa dela gaur egungo sistemak eskakizun teknologiko berrietara arian-arian egokitzeko aukera emango duen prozesua gauzatzea.

5,8 milioi euroko kontu-saila esleitu da Ertzaintzaren, Larrialdi Zerbitzuen, Osakidetzaren, hainbat udalen eta babes zibileko taldeen zerbitzuak barnean hartzen dituen ENBOR-Sarearen hainbat elementu berritzeko —lurreko loturen sarea, irrati-terminalak, talkieak eta igorgailuak—.Horrez gain, beste informatika-aplikazio batzuk garatzeko 3,8 milioi euroko beste kontu-sail bat esleitu da. Informatika-aplikazio horien bidez berrituko dira Segurtasun Saileko, Ertzaintzako, Trafikoko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako web-orriak eta Udaltzaingoa ataria. Kontu-sail horretan sartuko da, halaber, Polizia Zientifikoko Unitateko Reseña sistema eta Sailaren mendeko zentroetako segurtasun-sistemak eguneratzea eta zabaltzea.

Parke mugikorra

Segurtasun Sailaren aurrekontuaren barruan, kontu-sail adierazgarrienetako bat Ertzaintzaren parke mugikorra berritzera zuzentzen da. 5,3 milioi euroko zenbatekoa izango du.

Aurten egingo den berrikuntza horretarako, renting modalitatea erabiliko da 300 patruila-autoren kasuan, 100 lur orotarako ibilgailuren kasuan eta polizia-erabilerako 70 furgonetaren kasuan —bereizgarria izango duten furgonetak—.Aurreikusten da urtea amaitu aurretik ibilgailu horien % 50 edukitzea, eta gainerako ibilgailuen  % 50 2018an edukitzea.

Bestalde, kontu-sail horren barruan sartzen da bereizgarririk gabeko 600 ibilgailuren errentamendua —joan den urteko ekainean Ertzaintzaren flota osatu zutenak—.

Horrela, Segurtasun Sailak aurre egin nahi die Wolkswagen motoreen eredu baten CO2ko emisioak neurtzeko sistema batean izandako iruzurraren ondoriozko zailtasunei, horrek zuzenean izan baitzuen eragina jada esleitutako 120 patruila-autoren hornikuntzan.

Rentingaren formula erabiliko da, halaber, Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroetako bat ordezkatzeko; horretarako, 500.000 euro esleitu da.

Uniformeak

2017an uniforme-elementuetara zuzentzen den kontu-sailak 6,6 milioi ditu, eta, batik bat, hainbat unitatetan banatuta dauden 7.740 ertzainei arropa zuzkitzera eta aldatzera zuzenduko da. Berrikuntzetako bat da balen aurkako babesak berritzea, erabilera pertsonalekoak zein unitateen dotaziokoak. Lehen aldiz izango dira emakumeen ezaugarri ergonomikoetara egokitutako txalekoak.

Aurrekontu-proiektuak bi milioi euro baino gehiago zuzentzen ditu zenbait instalazio birmoldatzera, hala nola Ondarroako Ertzain-etxea edo Arkauteko zentro medikoa, eta Durangoko, Getxoko eta Basauriko Ertzain-etxeak birmoldatzeko eta berritzeko proiektuetara. Era berean, etxeko indarkeriako edo genero-indarkeriako biktimei arreta emateko espazioak egokitzeko proiektuak egingo dira, dependentzia horiek atseginak izan daitezen. Birmoldatze-lan horiek pixkanaka egingo dira berritzeko edo birmoldatzeko lanak egingo dituzten ertzain-etxeetan.

Belaunaldi-berrikuntza

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurten 14,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Ertzaintzaren Zuzendaritza Kontseiluak onartutako plangintzari jarraituta, aurrekontu horretatik 6,3 milioi zuzenduko dira Ertzaintzaren XXVI. promozioko 250 izangaiak hautatzeko eta prestatzeko prozesura eta urtea amaitu aurretik beste deialdi bat abian jartzera.

Bestalde, 1,3 miloi euroko kontu-saila izango da Ertzaintzako, udaltzaingoetako, su-hiltzaileetako, larrialdi-zerbitzuetako eta babes zibileko kideentzako igoera-ikastaroak, hobekuntza-ikastaroak eta eguneratze-ikastaroak egiteko. Kontu-sail horretan barnean hartuko da segurtasun publikoko euskal sistemaren hainbat gairi buruzko Parez Pare jardunaldien beste ekitaldi bat.

Inbertsioen kapituluan, Akademiak bere instalazioak berritzeko prozesuarekin jarraituko du, eta beste modulu bat birmoldatuko du aurten. Horretarako, 433.000 euroko zenbatekoa izango du.

Euskara

Euskara moduko zeharkako gai baterako, Segurtasun Sailak 2017an 1,3 milioi euro baino gehiago bideratzea aurreikusi du. Kontu-sail nabarmenenak dira euskalduntze-prozesuarekin jarraitzea, euskararen erabileran sakontzea —euskara polizia-zerbitzuko hizkuntza den aldetik— eta euskararen erabilera sustatzeko programak garatzea.