Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu dute

Argitalpen-data: 

elurra.JPG

Atzo lehen aldiz aktibatu zuten jarraipen-fasean

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak 2016-17 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du gaur. Aurkezpen ofiziala gaur goizean egin dute, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren egoitzan egindako bilera batean. Bertan izan dira Ertzaintzaren, foru-aldundien, autobideen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Gobernu Zentralaren ordezkariak. Topaketan, Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok eta ETKZko arduradun Jon Aizpuruak Planaren xehetasunak azaldu dituzte eta aurreko denboraldiaren balantzea eskaini dute.

2016-17 Neguko Bidezaintza Planak hainbat administrazioren lanak koordinatzen ditu. Guztira hirurehun baliabide mugikor baino gehiago dituzte (elurra kentzeko makinak, patruilak eta laguntzako eta zaintzako ibilgailuak). Foru-aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 168 makina mobilizatzen dituzte eta, gainera, laguntzako 130 ibilgailu dituzte koordinazio- eta zaintza-lanak egiteko. Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak, bestalde, zazpi garabi astun aktibatzen ditu tonaje handiko ibilgailuak erretiratzeko eta Ertzaintzak operatiboaren eskueran jartzen ditu Trafikoko Unitateetako patruilak. Fase operatiboan horien kopurua handitu egingo da eta ertzain-etxeetako baliabideen laguntza izango dute.

2015-16 neguaren balantzea

Trafikoko zuzendariak joan den ekitaldiaren balantzea aurkeztuko die lan-bilerara deitutako administrazioei. 2015-16 neguko denboraldian plana 11 aldiz aktibatu zen jarraipen- eta informazio-fasean. 8 aldiz iritsi zen fase operatiboraino, elur-kota 700 metrotik behera jaitsi zen-eta.

Joan den urtean elurra beranduago iritsi zen euskal errepideetara. Lehen elurtea azaroaren 21ean eta 24an izan zen, eta elur-kota 700-900 metro artean kokatu zen. Aire-masa polar baten etorrerak 0 ºC azpitik jaitsarazi zituen tenperaturak Araban, azaroko aste batzuetan abuztukoak ziruditen tenperatura atipikoak izan ondoren. Egun horietan Opakua, Herrera, Bernedo, Urduña eta Zaldiaran mendateak aldi baterako itxita egon ziren kamioien zirkulaziorako eta automobilek nahitaez erabili behar izan zituzten kateak edo neguko pneumatikoak. Elur-ekaitzak zirkulazio-arazoak sortu zituen Leitzarango autobian (A-15) azaroaren 22ko goizean (igandea) Pagozelaiko zerbitzugunearen parean, kamioi bat gurutzatuta geratu baitzen Iruñarako noranzkoan.

Bigarren elurtea 2016ko urtarrilaren 14 eta 16 artean izan zen. Elur-kota 600-800 metro artean kokatu zen eta noizean behin 500 metroraino jaitsi zen, eta, horrenbestez, fase operatibora igaro behar izan zen. Abenduan eta urtarrilaren hasieran ezohiko eguraldi ona izan ondoren, euri-zaparrada handiak eta kazkabar-erauntsiak izan ziren eta tenperatura maximoak 5-7 ºC-koak izan ziren barnealdean eta 10 ºC-koak kostaldean. Opakua, Herrera, Urduña eta Altube mendateetan mota guztietako ibilgailuek kateak edo neguko pneumatikoak erabili behar izan zituzten haiek zeharkatu ahal izateko.

Hirugarren elurtea otsailaren 6an eta 7an izan zen, eta elur-kota gutxi gorabehera 800 metrotan kokatu zen. Ez zuen inongo zirkulazio-arazorik sortu, elurtea oso laburra izan baitzen eta prezipitazioak intentsitate txikikoak. Handik 2 egunera, alabaina, otsailaren 9an, N-634 errepidea itxi behar izan zuten Zumaia eta Zarautz artean, olatuen garaierak eta itsasgora aldietan kostaldea jotzeak sortutako bide-segurtasunerako arriskua zela-eta.

Negua laugarren elurtearekin sartu zen benetan Euskal Autonomia Erkidegoan, otsailaren 14 eta 16 artean, elur-kota 200-300 metro artean kokatu zenean. Opakua, Azazeta, Kurtzeta, Urduña, Bernedo eta Herrera mendateak mota guztietako ibilgailuen zirkulaziorako ixteaz gain, hainbat luizi eta harri-jauzi izan ziren bigarren mailako sarean eta Leitzarango autobia (A-15) itxita egon zen bi noranzkoetan ia 2 orduz otsailaren 15eko goizean, galtzadan elurra zegoelako, Nafarroa aldean.

Otsaila amaitu baino lehen beste 2 elurte izan ziren, hilaren 17-19an eta 26-29an; bietan fase operatiboa aktibatu zen eta bigarren kasuan garabi astuna mobilizatu zen A-1 autobian, Agurain aldean. Otsailaren 27-29an, arroen egoera ikusita, Zadorra ibaiarena batik bat, aktibatuta egon zen uholde-arriskuaren ondoriozko Larrialdi Plan Berezia

Martxoan beste 3 elurte izan ziren, hilaren 4-8an, 9-11n eta 16-17an; lehen 2 kasuetan fase operatiboa aktibatu zen, elur-kota 500-600 metroraino jaitsi zen-eta. Kazkabar-zaparrada handien ondorioz zenbait istripu izan zen Gipuzkoan GI-20 eta GI-636 errepideetan martxoaren 7ko goizean. Martxoaren 10eko goizean, N-634 errepidea itxita egon zen hainbat orduz Zumaia eta Zarautz artean, olatuek sortutako arriskuaren ondorioz. Gainera, kostaldeko errepide horretako mazelatik harriak erortzeko arriskua zegoen. Arabako mendate garaienez gain, Arlaban mendatea eta Elgetakoa, Gipuzkoan biak ere, mota guztietako ibilgailuen zirkulaziorako itxita egon ziren hainbat orduz martxoaren 10eko goizean. Martxoaren 17an elur-kota 700 metroraino jaitsi bazen ere, ez zen zirkulazio-arazorik sortu bide-sarean, prezipitazioak ahulak izan ziren-eta.

Martxoaren 31 eta apirilaren 4 artean aktibatu zen azken-aurreko aldiz denboraldi horretako Neguko Bidezaintza Plana, eta apirilaren 7-8an eman zuen neguak azken astindua. Bi kasuetan elur-kota 800 metroraino jaitsi zen, baina prezipitazioak arinak izan zirenez, ez zen garrantzizko gorabeherarik izan euskal errepideetan.

Laburbilduz, nabarmen daiteke azken negualdi horretan ia ez zela zirkulazio-arazorik izan. Aurreko ekitaldien aldean, garabi astunak ez ziren askotan mobilizatu prebentzio moduan (3 aldiz besterik ez ziren mobilizatu, ohiko 12 mobilizazioko batez bestekotik aski urrun).

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzaren trafiko-informazioko 011 deigunean (eguneko 24 orduetan erabilgarri) hartutako dei kopuruari dagokionez, 2016ko otsailaren 15a eta 27a nabarmen daitezke, egun horietan 1.113 eta 1.166 deiri erantzun baitzitzaien hurrenez hurren. Neguko Bidezaintza Plana abian den bitartean, Trafiko Zuzendaritzaren web-orriaren bitartez (www.trafikoa.eus) etengabe eguneratutako informazioa eskaintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko mendateen eta bideguneen egoerari buruz. Informazio hori, halaber, aldian behin ezagutzera ematen da Trafiko Zuzendaritzaren Twitter kanalaren bitartez (@Trafikoa EJGV).

Negualdirako aholkuak: “arreta eta begirunea”

Eguraldi txarrarekin are zuhurrago ibili behar da: joan astiroago eta tarte handiagoa utzi zure aurrean doazen ibilgailuekin. Gogoan izan zoru bustian distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko.

Euria ari duenean, pneumatiko higatuek ez dute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian behin ordezkatu behar dira.

Beira-garbigailuen gomak baldintza onetan eduki behar dira beti. Ez dugu eguraldi txarra hasi arte itxaron behar horiek aldatzeko.

Izotzari aurre egiteko, hotz handiko egunetan har daitekeen segurtasun-neurririk onena ahalik eta arreta handienarekin gidatzea da, batez ere bidegune jakin batzuetan izotza egon daitekeela aurreikusita.

Izotza agertzen denean, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik; beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea da egokiena.

Neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dute. Trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen dute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, elurte-garaietan behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea.

Funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen. Gurpilak blokeatuz gero, ibilgailua kontrolik gabe geratuko da. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Elurrarekin abiatzean, pixkanaka azeleratu behar da. Gurpilak irristatzen badira, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.