Gazteen arteko eraso-sexualak prebenitzea

Sexu-erasoak delitu dira eta indarrean dagoen legeri penalean delitu gisa daude tipifikatuta. Dena den, lege aldetik sexu askatasunaren urraketak badira ere,  emakume eta gizonen imajinario kulturalaren arabera, interpretatzeko modu desberdin izan ditzakete eta ñabardura asko.

Indarkeria sexista emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazle da eta berdintasunerako oztopo. Indarkeria hori ulertzea ezinbestekoa da errotik kendu ahal izateko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak 2010. urtean honako ikerketa-lana egin zuen: Sexu-erasoak. Nola bizitzen diren, nola ulertzen diren, nolako arreta ematen zaien gure Autonomia Erkidegoan. Lan horretan ikuspegi askotatik begiratzen zaio arazo konplexu horri eta aztertzen dira nagusiki emakume gazte eta helduek gizon ezagun eta ezezagunengandik jasaten dituzten sexu-erasoak. Helburuak dira indarkeria sexista genero indarkeria gisa ikusarazteko bidean aurrera egitea eta indarkeria hori prebenitzeko eta arreta eskaintzeko neurriak martxan jartzea.

Ildo horretan, emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea funtsezkoa da. Prebentzio hori zoritxarrez sexu-erasoa edo eraso sexista jasan duen biktimari laguntzeko martxan jarri behar diren gainerako neurrien osagarria da eta gainera, lagungarria da zertaz hitz egiten ari garen zehazteko eta portaera sexistak normaltzat ez hartzeko. Era berean gogorarazi behar da zein garrantzitsua den gazteei zuzendutako prebentzio zehatza lantzea, haien artean jokabide oldarkor normalizatuak ugariak direlako eta horiek sortzen duten giroan zaila delako sexu-erasoak antzematea.

Uste osoa dugu sentsibilizazioa eta prebentzioa baliabide indartsu eta eraginkorrak direla indarkeria sexista, zehazki sexu-erasoak, erauzteko, eta horrexegatik Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak 3 komiki egin ditu. Horietan guztietan pertsonaia berberak agertzen dira (neska bat eta mutil bat) jarraipena eta batasuna emateko. 

Egia da gaur egun emakume batek bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasaten dituen erasoei dagokienez, kontzientzia eta gizarte-sentsibilitate handia daudela, baina harreman-esparru horretatik kanpo, hau da, lan arloan, familia barruan, aldi baterako harreman afektibo-sexualetan, edota harremanik izan gabe ere, jokabide  oldarkorrak sortzen dira, eta batzuetan jokabide horiek kutsu sexuala hartzen dute eta emakumeen askatasuna, segurtasuna eta mugikortasuna mugatzen dituzte.  Hiru komiki horien bitartez, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak honako helburuak lortu nahi ditu: indarkeria sexistaren adierazpen zehatz horien osagaiak identifikatzea, gazteei identifikatzean egon daitezkeen zailtasunak ulertzeko laguntza ematea, eta adierazpen horien testuingurua eta sorrarazten duten gizarte erantzuna balioestea; eta adierazpen horiek ulertzeko moduak aldatzea.  Horren guztiaren jomuga nagusia desagerrarazten laguntzea da. 

Lehenengo koimikia

Nor zara zu? Bilatu zeure IDa

Lehenengo komikiaren izenburua Nor zara zu? Bilatu zeure Ida da, eta 14 eta 16 urte arteko nerabeentzat prestatu dute; rol tradizionalak sexu erasoetako arrisku faktore gisa lantzen dira bertan, eta horrez gain, lehenengo harreman afektibo-sexualen oinarriak, sexu grina pizteari eta gorputzari lotutako zailtasunak, eta beste sexuarekin harremanak izaterakoan mugak jartzeko eta errespetatzeko zailtasunak ere aipatzen dira.  Komikia ikastetxeetan eta eguneko aisialdi eremuetan banatuko da; modu elektronikoan hedatzeaz gain, 5.000 ale banatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz.

 Komikia: Nor zara zu? Bilatu zeure IDa (pdf, 3,15 Mb)

 

Bigarren komikia

Gaur gauean geldituko gara?

Gaur gauean geldituko gara? izenburupean, 17 eta 22 urteko gazteentzat da bigarren komikia, eta espazio publikoa tradizioz agertoki maskulinoa izatea jorratzen du; horrez gain, hizpide ditu gauetako aisialdia, ongi pasatzeko eta sexuen arteko harremanetarako espazio gisa, nesken beldurra eta horren ondorioak, eta harreman seguruetarako neurriak. Komikia institutu eta unibertsitateetan banatzea aurrez ikusi da, baita gaueko aisialdi espazioetan ere; modu elektronikoan hedatzeaz gain, 5.000 ale banatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz.

Komikia: Gaur gauean geldituko gara? (pdf, 2,98 Mb)

 

Hirugarren komikia

Ez zaitez nahasi sarean

Hirugarren komikiaren izenburua Ez zaitez nahasi sarean da, eta sare sozialak erabiltzen dituzten gazteentzat prestatu da; lantzen dituen gaien artean daude, besteak beste, espazio birtuala harremanak izateko ingurune gisa erabiltzea, eta eskaintzen dituen abantailak eta eragozpenak, sexu eraso birtualak?, sarea sexu erasoak prebenitzeko erabiltzea, eta funtsezko segurtasun neurriak. Komikia bertsio elektronikoan baino ez da banatuko, sare sozialen bitartez.

Komikia: Ez zaitez nahasi sarean  (pdf, 2,2 Mb)

Azken eguneratzea: 2012/09/24