Guztira 3.054 pertsonak eman dute izena jada Ertzaintzako 500 agente-plazetako bat eskuratzeko 28. Promozioaren deialdian

BANNER_300x250_CAST.gif

2019.eko urtarrilak 16

Ertzaintzak 1993tik deitu duen promoziorik handienean izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko da

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilak 16

Guztira 3.0054 pertsonak, 2.167 gizonezkok eta 887 emakumezkok, egin dute jada Ertzaintzako oinarrizko eskalako 500 agente-plazetako bat lortzeko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera. 1993tik izan den promoziorik handiena izango da. Interesa duten pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren www.arkauteakademia.eus webgunean eskura ditzakete eskaerak eta kontsulta ditzakete bete beharreko baldintzak. Prozesuan izena emateko epea urtarrilaren 31n, ostegunean, amaituko da.  

 

Une hauetan jada 3.054 pertsona daude izena emanda Ertzaintzako oinarrizko eskalako 500 agente-plazetako bat eskuratzeko egingo den hautaketa-prozesuan. Izena eman duten pertsona horietako 2.167 gizonezkoak dira eta 887 emakumezkoak, % 29, alegia.

 

Joan den abenduaren 18an EHAAn argitaratu zen deialdian 500 plaza deitu dira, nahiz eta kopurua handitu daitekeen hautaketa-prozesuan edozein arrazoi dela eta hutsik geratzen diren plazen arabera. Deialdiko plaza guztiek Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna dute esleituta, eta horietatik 350ek derrigortasun-data beteta dute.

 

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek EHAAn jasotzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, besteak beste, honakoak: nazionalitate espainiarra izatea; 18 urte izatea eta 35 urte bete gabe izatea; gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo kidekoa, edo goragoko mailako beste edozein, izatea; eta autoa gidatzeko “B" klaseko gidabaimena izatea. Eskabideak eskuratzeko eta baldintzak begiratzeko Akademiaren webgunera jo daiteke: www.arkauteakademia.eus

 

Horrez gainera, 900.840.088 doako telefono-zenbakia gaitu da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, gaiari buruz behar den informazio guztia emateko.

 

Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 19an hasi zen, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunean, eta urtarrilaren 31 izango da izena emateko azken eguna.

 

Oposizio-lehiaketa

            Aurreko deialdietan bezala, hautaketa-sistema oposizio-lehiaketarena izango da. Hala, hurrenez hurren, oposizioko eta lehiaketako sistemak erabiliko dira izangaien gaitasuna erabakitzeko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatzeko.

           

            Oposizio-fasean ezagutzen probak, proba psikoteknikoak, nortasuna eta gaitasun fisikoak ebaluatzeko probak eta elkarrizketa pertsonala egingo dira. Probak ezin izango dira hasi deialdia EHAAn argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango dira.

           

            Lehiaketa-fasean, meritutzat baloratuko dira titulazio eta diploma ofizialak, baita hizkuntzak jakitea ere (adibidez, ingelesa, frantsesa eta alemana).

           

            Euskararen ezagutza gehienez 55 punturekin baloratuko da Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komuneko B-2 maila edo hortik gorakoa egiaztatuta dutenen kasuan, eta 20 punturekin B-1 mailakoen kasuan.

 

            Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo gehiago egingo da. Titulazio baliokideak dituztenei puntuak esleituko zaizkie, aurreko atalean aurreikusitako proba edo probak egin beharrik gabe.

 

            Sarbide-probak gainditzen dituztenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-ikastaroan sartuko dira eta, hura gainditu ondoren, praktikaldia hasiko dute dagozkion jarduera-arloen arabera egokienak suertatzen diren zentroetan edo egoitzetan, haien prestakuntza integrala lortzen saiatzeko eta Ertzaintzaren polizia-zerbitzuen egitura zehaztasunez ezagutzeko.

 

93tik izan den promoziorik handiena

Ertzaintzarako plazak deitzen dituen 28. Promozioa 1993tik izan den handiena izango da; urte horretan 600 plaza deitu ziren, eta 1.200 plazara arte zabal zitezkeen.

 

Promozio hau abian jarrita, Segurtasun Sailak aurrera jarraitzen du Ertzaintzan belaunaldiak atolatuta eta planifikatuta berritzeko eta erroldari 8.000 ertzainetan eusteko asmoarekin. Horrela, 2014tik Ertzaintzan bost promozio deitu dira 1.520 plaza betetzeko (24. Promozioa - 120; 25. Promozioa – 250; 26. Promozioa – 300, 27. Promozioa – 380 eta 28. Promozioa – 500), eta 2019aren amaieran beste 500 plazako 29. Promozioa deitzea aurreikusten da.