Santiago de Chile liburua aurkeztu dute Txilen


"Santiago de Chile" liburuaren azala.Txilera emigratu eta belaunaldiz belaunaldi bizimodua han egin duten euskaldunei buruzko hiru lan jaso ditu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailak Uranzadi Bilduman argitaratu duen liburuak. Ainara Madariaga bakiotarrak “Imaginarios vascos desde Chile. La construcción de imaginarios vascos en Chile durante el siglo XX” lana idatzi du; Iraia Sáenz de Biteri basauriarrak “En busca de nuestra identidad. Gure nortasunaren atzetik” eta Carlos Fariña santiagotarrak (Txile) “La Colectividad vasca en Chile después de la Guerra Civil Española a través de la Revista ‘Euzkadi’ (1943-1950)”. Madariagarena, EHUko “Mundu Garaikidearen Eraikuntza” doktoregoan, bide erdian aurkeztutako tesina da. Sáenz de Biterik Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren Euskal ikasketen Jakinet graduondokoa bukatzeko egin zuen lan hori. Fariñarena, Universidad Católica de Chileko Historian lizentziatura lortzeko tesia izan zen.

Ainara Madariaga: "Euskal-txiletarrek Euskal Herriaz duten imaginarioa etengabe aldatzen ari da"

"Imaginarios vascos desde Chile. La construcción de imaginarios vascos en Chile durante el siglo XX" liburu atalaren egilea.

Nor da Ainara Madariaga
Ainara MadariagaHistorian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, 2002an. 2003an Txilen jarraitu zituen graduondoko ikasketak, USACH, Universidad de Santiago de Chilen "Doctorado en Estudios Americanos" izeneko ikasketetan aritu zen. Doktorego eskolak EHUko Historia Garaikideko Sailean bukatu zituen. Tesi gaia erabakita zuen Txileko euskaldunei buruz izango zela eta 2003an hasi zuen ikerketari jarraituz, 2004ko azken hilabeteetan berriro Txilera itzuli zen artxiboetan ikertzeko eta Txileko euskal kolektibitateari ahozko elkarrizketak egiteko. 2005ean tesina idatzi eta aurkeztu zuen EHUko Historia Sailean. Orain "Lengua y Cultura Vasca"-ko irakasle bezala lan egiten du Txileko lau unibertsitatetan. Bere gogoa, liburuan bildutakoa tesi eran bukatzea da eta doktore titulua lortzea.

Zergatik aukeratu duzu gai hori ikerketa lanerako?
Nire aitarengandiko sendia, Madariagatarrak, Txilen egon ziren erbesteratuta gerra garaian, hamabi bat urtez. Berrogeiko hamarkada bukatzera zihoala Euskal Herrira itzuli ziren. Nire aiton-amonek (aitita eta amatxi deitu izan ditudanak beti) beti kontatu izan dizkidate Txileri buruzko historiak, abenturak eta komeriak, eta Txileri buruzko imaginarioa eratu nuen nire buruan. Bi arrazoiengatik aukeratu nuen gaia, batetik, familiagandik nuen loturagatik, eta bestetik, esate baterako, Argentina, Uruguay eta Mexikorekin alderatuz, euskaldunen presentzia Txilen gutxiago ikertuta dagoelako.

Zer ikertu duzu tesinan?
Ez da gai erraza nirea, nahiko subjektiboa delako bakoitzak duen imaginarioa aztertzea, baina ahozko elkarrizketak (ahozko historian murgilduta) beste iturri batzuei gehituz, hala nola artxiboak, bibliografia, hemeroteka... ikerketa historiko eta benetakoa egiten saiatu naiz. Ikerketan Nueva Historia/Historia Berria izeneko historiografi korrontea erabili dut. Horren arabera, pertsonek ez dute egiten dutena egiten gizarte-klase batekoak direlako, baizik eta gizarte-klase hori esanahi bereziz hornitua izan delako, imaginario sozial baten ondorioz. Txilen Euskal Herriari eta euskalduna izateari buruz eratzen diren imaginarioak aztertu ditut.
Lanaren zatiak ondokoak dira: Sarrera, 1. kapitulua: "Escenarios concretos: Chile-Euskal Herria. Imaginarios e identidades"; 2. kapitulua: "¿Qué es ser vasco en Chile?"; 3. kapitulua: "Vascos en Chile: Siglos XVI a XIX"; 4. kapitulua: "Vascos en Chile: Siglo XX", Ondorioak; eta Iturriak.
"Zer da euskalduna izatea Txilen?" kapitulu horretan, definizio asko bildu ditut. Horien artean ondokoak: klase aberatsa, euskal jatorrikoa, euskal abizena izatea, politikoki boterea izatea, apaindura gutxikoak, langileak, hitzekoa izatea, burugogorrak... Hipotesi bezala erabili dut euskal txiletarrek Euskal Herriari buruz duten imaginarioa aldaketa etengabean dagoela, nortasun guztiak bezala. Askotan ez dute gaur egungo Euskal Herria ikusten, antzinako Euskal Herri idilikoan murgilduta jarraitzen dute, senitartekoek belaunaldiz belaunaldi igarotakoan. Ez guztientzat, baina askorentzat txiletarraz gain euskalduna izatea, bada nortasun edo identitate garrantzitsua izatea, beraien egunerokotasunean eramaten dutena, ez bakarrik abizenean. Bestetan, euskal abizena izateak ez dauka beraien bizitzan presentziarik eta askotan ez dakite beraien abizena euskalduna denik. Beste hipotesi bat ere badut: Txileko eraikuntza nazionalean euskal aztarna azalera atera da, ez bakarrik izan dituen euskal jatorriko lehendakari eta botereko pertsonengatik, baita euskal izateak duen eraginagatik ere eta izate hori Txileko idiosinkrasiaren zati egin delako.

Zenbat euskaldun joan zen Txilera?
Ez da erraza galdera hori erantzutea. Euskaldunak Txilen frantses edo espainiar bezala sartu ziren, ez euskaldun bezala, eta abizenengatik diskriminazioa egitea ez da oso fidagarria. XVI. eta XVII. mendeetarako % 27 ziren euskaldunak Txilen. Gaur egun ez dakigu zenbat diren, eta ahaztu gabe zeri deitzen diogun euskaldun izatea: Euskal Herrian jaiotakoak, Txilen jaiotakoak, zein belaunaldira arte esan dezakegu euskalduna dela... Adituek diote % 10 dela euskalduna Txilen.

Nola atera zuten bizimodua?
Lanbide asko aipa genitzake. Okinak (Baztango emigranteak batez ere), beraien industriak eratu zituztenak (zapatariak, arropa saltzaileak, janari dendak, burdindegiak), nekazaritza eta abeltzaintza fundoetan (baserri antzekoak etxe eta lurrekin) ibili zirenak, meatzariak eta abar.

Zertan mantentzen dute euskal nortasuna?
Itxaropen Gaztea (lehen Irrintzi) izeneko dantza taldea dago eta baita Euskal Abesbatza ere. Mus eta pilota txapelketak egiten dira. Euskara eskolak ematen dira Santiagoko Euskal Etxean eta 2004tik Santiagoko eta Valparaisoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura eskolak. Euskal jaiak ospatzen dira eta baita Iñaki Deuna, Mikel Deuna, Aberri Eguna, Euskal Astea, Korrika eta Euskararen Eguna ere, besteak beste.

Azken eguneratzea: 2008/11/17