Azken eguneratzea: 2011/07/12

Dekretua, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua egituratu eta antolatzeko dena

Irailaren 1ean jaioko da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko bi dekretuak gaur bertan onartu eta gero (2011ko uztailaren 12ko Kontseiluan hartutako erabakia)

Euskal kontsumitzaileen eskubideen babesa bermatzea xede duen Kontsumobide institutua datorren irailaren 1ean abiatuko da, Eusko Jaurlaritzak erakunde hau eratzeko oinarrizkoak diren bi dekretuak gaur bertan onartu eta gero.

Asmoa, gero eta zorrotzagoak diren gizarte-beharrei modu eraginkorragoan erantzutea da, bereziki kontsumoaren arloaren berezko zeharkakotasuna kontuan izanda.

Gobernu Kontseiluak onartutako dekretuei dagokienez, batak Kontsumobideren egitura eta antolaketa arautzen du; besteak, berriz, gizabaliabideen nahiz bitarteko materialen esleipenaren baldintzak finkatzen ditu.

Egungo Kontsumo Zuzendaritzaren desagerpena dakar, berez, Kontsumobideren sorrerak. Hala, Institutu berria erakunde autonomo gisa eratzen da. Horrenbestez, Osasun eta Kontsumo Sailera atxikita egonagatik ere, berezko nortasun juridikoa du, baita administrazio- eta ekonomia-autonomia eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa ere.

Horretarako, lurralde-egoitzak izango ditu eta, bestalde, 4 administrazio-gunetan banatuko da, alegia: Planifikazioa, Ikerketa, Informazioa eta Heziketa; Erreklamazioak, Bitartekaritza eta Arbitrajea; Ikuskaritza eta Merkatuaren kontrola; eta Zerbitzu Orokorrak.

 

Dokumentuak:

- 159/2011 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketari buruzkoa.

- 9/2007 LEGEA, ekainaren 29koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzekoa