Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea

Alderdi orokorrak

Alderdi orokorrak

Eusko Jaurlaritzaren 2012-2016 legegintzaldirako programak 2014a amaitu baino lehen onartu nahi zuen adikzioei eta droga-mendekotasunei buruzko lege-proiektu bat, egungo gizartearen beharrizanetara hobeto egokituko zena eta zabalagoa eta aurreratuagoa izango zena.

Honako hauek dira legearen helburu nagusiak:

  • Pertsonen osasuna babestea, adingabeen eta sozialki ahulagoak diren taldeen osasuna bereziki zainduta.
  • Drogak erabiltzen dituzten pertsonen edo jokabide-adikzioak sortzeko arriskudun gehiegikeriazko jarrerak dituzten pertsonen eskubideak eta betebeharrak sakontzea.
  • Adingabeek duten alkoholaren kontsumoa jorratzea.
  • Prebentzio-ereduaren oinarriak ezartzea.
  • Substantziarik gabeko adikzio izenekoak jorratzea, bai eta aspaldi honetan ugaritu diren produktu berriak ere, besteak beste nikotina aska dezaketen gailuak.

Duela nahiko gutxira arte, beren ondorioak jorratzen dituzten ikuspegi eta eremuetatik jorratu izan dira drogak -ordena publikoa, osasun-arreta edo gizarte-zerbitzuak-. Hala ere, lege berriak osasun publikoaren barruan landu ditu, horien ondorioei nahiz kausei erreparatuta. Eta, zeharkako eta dimentsio anitzeko ikuspegitik landu da gaia, lotura duten edo ukitzen diren eremu guztietatik (erkidegoa, familia, hezkuntza, lana, justizia...), ikuspuntu globalizatzaile, integral eta planifikatuarekin, eta modu normalizatuan.

Eusko Jaurlaritzak adikzioen eta droga-mendekotasunen gaineko araudi zabalagoa eta aurreratuagoa hedatu nahi du euskal gizartean, egungo gizartearen beharrizanetara hobeto egokituko dena. Osasun Saila garen aldetik, pertsonen osasunerako onena dena gogoan izanda, lege-testuaren proposamen bat gauzatu dugu, eta, bertan, logikoa denez, mugak eta debekuak jaso ditugu.

Duela nahiko gutxira arte, batez ere beren ondorioen ikuspegi eta eremuetatik jorratu izan dira drogak -ordena publikoa, osasun-arreta eta gizarte-zerbitzuak-. Hala ere, lege berriak gaia osasun publikoaren barruan landuko du, fenomeno honen ondorioak eta kausak aztertuta.

Lege-proiektuaren testua zehatz-mehatz aztertu zuten talde legebiltzarkide desberdinek, eta 230 zuzenketa partzial baino gehiago aurkeztu zituzten.

Zuzenketa horien artean, logikoa denez, denetik zegoen: testua hobetu eta aberasten zuten proposamenak; teknika legegileari edo estiloari buruzko gaiak, eta, noski, funtsezko aldaketak proposatzen zituztenak legearen alderdi esanguratsuetan, edo ñabardura edo gai ez hain garrantzitsu batzuk aldatzeko iradokitzen zutenak. Zuzenketa horiek guztiak kontuan hartu dira, eta txostenean egindako lanari esker, lege honetan lortutako adostasun-maila garrantzitsua da. Hori, logikoki, arau honen esanguraren isla da.

Lege berriaren alderdi orokor hauek azpimarratzekoak dira:

  • Adikzioak diziplina anitzetatik eta ikuspegi integralarekin landu ditu.
  • Adikzioak osasun publikoaren ikuspegitik landu ditu, bizimodu osasungarrien sustapenean eta prebentzioan eraginkortasuna hobetzeko; hala, osasunerako hezkuntza da sustapen- eta prebentzio-eredu horren abiapuntua eta oinarrizko egitura.
  • Nazioarteko erreferentziarik egungoenak ere kontuan hartu dira (OME, Europar Batasunaren 2013-2020 Estrategia, drogaren kontrako borrokaren gainean; Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiaren 2013ko Txosten Europarra, drogei buruzkoa, orokorrean). Europan, beste autonomia-erkidego batzuetan eta herri-mailan (ordenantzak) gai honi buruz dagoen legedia ere kontsultatu da. Halaber, kontsultak egin dira gai honetan Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu ohi diren aditu eta erakundeetan (Eguia Careaga fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroan -SIIS-, Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuan, eta Kriminologiaren Euskal Institutuan -KREI-).
  • Gizarte-partaidetza handia egon da entzunaldi-izapidean eta jendaurreko informazioaren izapidean.
  • Lehenengo aldiz sartu dira jokabide-adikzioak.
  • Joko patologikoaz gain, teknologia digitalen eta aplikazio berrien gehiegizko erabilerari buruzko neurriak aurreikusi dira.
  • Talderik ahulenei bereziki erreparatu zaie, batez ere adingabeko pertsonei eta gizartean baztertuta dauden pertsonei.
  • Adikzioa eragin dezaketen substantziak kontsumitzen dituzten pertsonen eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten gehiegikeriazko jarrerak dituzten pertsonen eskubideak aitortu dira, eta bereziki aipatu ditu kalamu-kontsumitzaileen erakundeetako kide diren pertsona adinez nagusien eskubideak, erakunde horiek arautzeko hainbat oinarri ezarrita (Eusko Legebiltzarrak horren harira egin zuen agindua betez).
  • Genero-ikuspuntua landu da, ekitatearen ikuspegi bereizi gisa, gizon eta emakumeen artean dauden desabantailak edo desberdintasunak desagerrarazteko.

Lege berriak honako arlo nagusi hauek ditu:

  • osasunaren sustapena eta prebentzioa
  • eskaintzaren murrizketa
  • gizarteratzea, osasun-arreta eta arreta sozio-sanitarioa
  • ezagutzaren garapena eta kudeaketa
  • erakunde-antolamendua eta eskumen-banaketa
  • ezagutzaren garapena eta kudeaketa

Edukiak 97 artikulutan zehar zehaztu dira, 8 titulutan, bi xedapen gehigarritan, xedapen iragankor batean, xedapen indargabetzaile batean eta azken hiru xedapenetan banatuta.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Osasunaren sustapena eta prebentzioa

Osasunaren sustapena eta prebentzioa

Adikzioen eta droga-mendekotasunen fenomenoan egondako aldaketa guztien, araudi-aurrerapenen, Eusko Jaurlaritzak eta udalek sustatu dituzten adikzio-planen, eta eremu honetan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek gauzatu duten lanaren emaitza da lege hau; halaber, gai honen gaineko ezagutzak izan duen garapenaren emaitza ere bada.

Gaur egun, Euskadin, droga-mendekotasunek eta adikzioek biztanleriaren osasunean duten eragina murrizteko estrategien emaitza gisa, gizartearen bizi-kalitatea eta ongizatea orokorrean hobetu egin direla azpimarratu daiteke. Modalitate terapeutiko berriak sartu dira, adikzio berriei eta kontsumo-patroi berriei aurre egiteko. Gaur egun, normaltasun osoz funtzionatzen dute adikzio-arazoak dituzten pertsonei zuzendutako laguntza-programa eta -baliabideek, ekitatean eta unibertsaltasunean oinarrituta; horren adibide dira metadonaren programa, kontsumo ikuskatuko gela, xiringen trukea, programa sozio-sanitarioak, sexu segururako programak eta abar, bai eta drogen kontsumoarekin lotutako ondorio negatibo, arrisku eta kalteak (fisiko, psikiko eta sozialak) murrizteko estrategiak ere.

Tabakoaren aurkako legea eta "Tabako-kerik gabeko Euskadi" estrategia aplikatuta, nabarmen hobetu da EAEko gizartearen osasuna.

Azpimarratu beharra dago legea berrian, garrantzia berezia ematen zaiela bizimodu osasungarriak sustatzeari eta prebentzioari, administrazioaren jardueren ardatz nagusi gisa. Gainera, modu normalizatuan lortu nahi da hori, hau da, lotura duten edo ukitzen diren eremu guztietatik (erkidegoa, familia, hezkuntza, osasuna, gizartea, lana, justizia, polizia...) erreparatuta.

Legeak gaur egun lantzen diren prebentzio-mota desberdinak jorratu ditu. Hala, biztanleria osoari, arriskuan dauden pertsona edo taldeei edo ahulezia-egoera handiagoan daudenei zuzendutako neurri orokorrak arautu ditu, bai eta jokabidekoak ez diren adikzioetarako neurri zehatzak ere, pertsonen bizitzan esku hartzen duten eremu guztiak kontuan hartuta.

Prebentzioari dagokionez, babes-neurriak sendotu eta arrisku-faktoreak murriztu nahi dira, pertsona kaltetuak beren ingurune komunitarioan normaltasunez murgilduta egon daitezen. Prebentziozko ekintzen artean, lehentasunezkoak dira familia-eremua, komunitarioa eta hezkuntzarena; hiru horiek koordinatuta egon beharko dute, esku hartzen duten gizarte eragile guzti-guztiak inplikatzeko –eskola, familia, enpresak, elkarteak eta abar–.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Tabakoa

Tabakoa

Tabakoaren gaineko araudia, funtsean, indarrean zegoena zen; aldaketa batzuk egon dira sozialki eta osasun-baldintzetan aldakuntzaren bat behar zuten alderdietan; adibidez, kirol-instalazioetan eta sozietate eta txokoetan erretzeari dagokionez.

Orokorrean, aire zabaleko espazioetan erretzea zilegi da. Salbuespena izango dira eraikin (besteak beste, osasun-zentro, ikastetxe, kirol-instalazio) edo toki (esaterako, haur-parke) jakin batzuen parte diren eta horien ondoan dauden aire zabaleko espazioak. Aire zabaleko kirol-instalazioetan erretzeko debekuaz salbu, ezer ez da berria.

* Oharra: tabakorako azaldutako guztia berdin aplikatu behar da zigarro elektronikoaren kasuan ere.

Erretzeko debekua ezartzen denean kirol-instalazioetan, espazioak kalifikazio hori izan behar du, aire zabalekoa izan arren.

Legeak honakoa dio: erretzea debekatuta dago “kirol-instalazioetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Aire zabaleko gune horietan ostalaritza-espazioen ondoko gelak jarri ahal izango dira, behar bezala mugatu eta seinalatuko direnak”.

Debeku horren atzean dagoen arrazoia erretzearen (osasunerako kaltegarria) eta kirola praktikatzearen artean dagoen kontraesan nabarmena da. Futbol-zelaien kasuan, kerik gabeko futbol-zelaien aldeko apustua egin da. UEFA eta FIFA kerik gabeko futbol-zelaien alde agertu dira, eta halaxe egin dute futbol-zelai ingelesetan eta Bartzelonako Camp Nou izenekoan.

Ez, legeak futbol-zelaietan erretzea debekatuta dagoela dio. Erabilera kolektiboko tokietan erretzeko debeku orokorra arautu du 40.1 artikuluak: “Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan." Halaber, artikulu horrek aurrerago dioenez, erretzea debekatuta dago, zehazki, “kirol-instalazioetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Aire zabaleko gune horietan ostalaritza-espazioen ondoko gelak jarri ahal izango dira, behar bezala mugatu eta seinalatuko direnak”.

Zezen-plazetan eta ikuskizun publikoetan tabakoa kontsumitzeari dagokionez, erabilera publikoko espazio itxi eta erdi-itxi guztientzat ezarritako debeku orokorra aplikatu da horietan ere, hain zuzen ere 40.1 artikuluan aurreikusitakoa: “Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan."

Debekatzea debekatuta dago "gune itxi edo erdi-itxietan egiten diren beste ikuskizun publikoetan". Zezen-plazaren azaleraren % 50etik gora itxita edo erdi-itxita badago, EZIN da erre. Azaleraren % 50etik behera zabalik edo erdi-itxita badago, erre DAITEKE.

Ez da kontu berria, 2011. geroztik orain arte indarrean egon den testuan ere halaxe araututa baitzegoen.

Pertsona bazkideen askatasuna eta elkartzeko eskubidearen printzipioak direla eta, espazio itxietan erretzeko debeku orokorrak salbuespenen bat izan dezake, eta bazkideek beraiek erabaki ahalko dute txokoetan erre daitekeen ala ez.

40.1 artikulua. “Nolanahi ere, titulartasun pribatua duten erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxietan espresuki baimendu ahal izango da erretzea, bazkide gehienen erabakiaren bidez, entitate titularraren jarduera arautzen duten estatutu-arauetan jasota. Entitate horrek irabazi-asmorik gabekoa izan beharko du, eta berorren helburu sozial edo jardueraren barruan ez da egongo edozein ondasun edo produktu kontsumigarri merkaturatzea edo salerostea.”

Lege berrian ez da alderdi hau aldatu; 2011z geroztik (estatu-mailan onartutako tabakoaren kontrako berriaren ildotik) Euskadin indarrean egon den araubide bera da.

Orokorrean, aire zabaleko espazioetan erre daiteke. Salbuespena izango dira eraikin (esaterako, osasun-zentro, ikastetxe edo kirol-instalazio) edo toki (adibidez, haur-parke) jakin batzuen parte diren edo horien ondoan dauden aire zabaleko espazioak. Aire zabaleko kirol-instalazioetan erretzeko debekuaz salbu, ezer ez da berria.

Gai horri buruz oso argia da legearen 40. artikulua: “Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan”.

Legeari jarraikiz, espazio erdi-itxiaren definizioa hauxe da: Lokal itxi baten kanpoan dauden eremuak, azaleraren % 50 baino gehiago teilatuz edo paretaz estalia dutenak, kanpoko aireak etengabe egurasten ez eta kea modu naturalean ezabatzeko modurik ez dutenak.

Gai horri dagokionez, zehazki, 40.2.t artikuluaren arabera, ezingo da erre “autobus-geltokietan, erabat aire zabalean dauden guneetan izan ezik”.

Bestalde, 2.v letrari jarraikiz, ezin da erre “geltokietan, portuetan eta trenbide- zein itsas garraiobideetan, aire zabaleko guneetan izan ezik”.

Autobus- edo tranbia-geltokietako markesinei dagokienez, horietan zilegi da erretzea, baldin eta markesina edo geltoki horiek kalean badaude, eta ez tuneletan edo lurpean, betiere markesina edo geltokiak egitura erdi-itxiak ez badira.

Aire zabalean dagoen tren- edo metro-geltoki batean, edo nasa estali batean (hau da, teilatudunean), erre liteke, aire zabalean dagoelako. Hala ere, erretzeko muga edo debeku zehatza eman dezake titularrak bertan, eta, hala izatekotan, argi ikusteko moduan eta iragarrita egon behar du.

Tabakoari dagokionez, 40.2.x artikuluak berariaz debekatu du zerbitzuguneetan tabakoa kontsumitzea.

Araudia ez da aldatu ondore horietarako; indarrean zegoenak jarraitzen du.

Lege berrian ez da gai hau aldatu; 2011z geroztik (estatu-mailan onartutako tabakoaren aurkako araudi berriaren ildotik) indarrean dagoen araubide bera da.

Gai horri buruz oso argia da legearen 40. artikulua: “Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan”.

Gainera, artikulu horrek berariaz debekatu du espazio eta toki desberdinetan erretzea. Zehazki, 2.k letraren arabera, ezin da erre “tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxi edo erdi-itxietan”.

Legeari jarraikiz, espazio erdi-itxiaren definizioa hauxe da: Lokal itxi baten kanpoan dauden eremuak, azaleraren % 50 baino gehiago teilatuz edo paretaz estalia dutenak, kanpoko aireak etengabe egurasten ez eta kea modu naturalean ezabatzeko modurik ez dutenak.

Ondorioz, kasuan kasu aztertu beharko da ea taberna bateko terraza estalia espazio erdi-itxia den ala ez.

38.5 artikuluak honakoa dio berariaz: "debekatuta egongo da geruza naturalik ez duten zigarretak eta zigarro txikiak merkaturatzea, saltzea eta banatzea banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketeetan".

Arau hori urratzea arau-haste larria izango da (86.b.4 artikulua), eta arau-hauste larrien kasuan, isuna 601 eurotik 10.000 eurora artekoa izan ahalko da, eta bestelako zehapenen bat ere ezar liteke.

Tabakoaren kontsumoari dagokionez, arauak ez ditu eserleku desberdinak edo harmailetako eserlekuak bereizten. 40.2.e) artikulua oso argia da, eta erretzea debekatu du “kirol-instalazioetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Aire zabaleko gune horietan ostalaritza-espazioen ondoko gelak jarri ahal izango dira, behar bezala mugatu eta seinalatuko direnak”.

Lehenik eta behin, legearen helburua gogoratu beharra dugu, hau da, herritar guztien osasuna lehenesten duten politikak sustatzea, eta pertsona guztientzat, eta, bereziki, gazteenentzat bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea.

Hots, bizimodu osasungarriak indartu eta aisialdirako aukerak eskaintzea, osasuna arriskuan jarri gabe. Pertsonek sozializatu egin behar dute, eta aisia osasunerako kaltegarria ez den giro batean aurkitu. Bada, arauek pertsonen bizi-ohiturak aldatzen lagun dezaketela uste dugu.

Legearen 40.2 e) artikuluak dio debekatuta dagoela erretzea “kirol-instalazioetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Aire zabaleko gune horietan ostalaritza-espazioen ondoko gelak jarri ahal izango dira, behar bezala mugatu eta seinalatuko direnak” . Eta f) puntuak debekua honako hauetarako zehazten du: “ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, baita aire zabalean daudenean ere baldin eta adingabeentzako jardue­rek lehentasuna badute bertan”.

Kirol-espazio edo -barruti bat, batzuetan edo aldi baterako, kirolez bestelako jardueretarako erabil daiteke, besteak beste, ikuskizun publiko baterako. Edo baliteke ikuskizun publiko baten establezimendua batzuetan kirol-jarduera bat egiteko erabiltzea, esaterako, herri-kirolak egiteko. Kasu horietan, ekitaldi zehatzaren izaera izango da debekuen araubideak arautzen duena, betiere ekitaldi berezi horrek behar diren baimen edo lizentzia egokiak baditu, hura egiteko eta antolatzeko. Ikuspuntu horretatik, kirol-instalazio batean musika-kontzertu bat antolatzen bada, eta batez ere adingabeei zuzenduta ez badago, erre daiteke.

Bestela, kirolaz bestelako erabilera duen instalazio batean kirol-jarduera bat antolatzen denean, ezin da erre. Esate baterako, zezen-plaza batean euskal herri-kirolen erakusketa bat egiten bada, ezin da erre, kirol-jarduera bat delako.

Aire zabaleko eremuak direnez, zilegi da horietan erretzea. Araudia ez da gai honetan aldatu; 2011z geroztik aurreikusitakoari eutsi zaio.

Beste kontu bat da kontzertu jakin bat haurrei zuzenduta egotea. 40.2.f artikuluari jarraikiz, ezingo da erre “ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, baita aire zabalean daudenean ere, baldin eta adingabeentzako jarduerak badira”.

Araudiak debekatzen du erretzea erabilera publikoko espacio itxi eta erdi-itxietan; ondorioz, txupinazioa bezalako ekitaldietan -aire zabalean ospatzen diren horietan, alegia-, erre daiteke.

Bai, aire zabaleko espazioetan erre daiteke, eraikin jakin batzuetako aire zabaleko espazio erantsiak edo horiek osatzen dituztenak (osasun-zentroak, ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak, kirol-instalazioak, etab.) edo beste leku batzuk, esaterako, haur parkeak, ez badira.

Hoteletan eta antzeko establezimenduetan, gehienez logelen % 30 erreserbatu ahalko da ostalari erretzaileentzat. Logela horiek arauan ezarritako zenbait baldintza bete beharko dituzte.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Zigarreta elektronikoak

Zigarreta elektronikoak

Zigarreta elektronikoen kontsumoari dagokionez, legea oso argia da. Zehazki, honakoa dio 47. artikuluak:

"Nikotina aska dezaketen gailuen kontsumoari tabako kontsumoarentzat 40. artikuluan aurreikusitako xedapenak aplikatuko zaizkio, eta produktu horiek erabiltzea debekatuta dagoen zentro edo guneen sarreran, eta ikusteko moduan, kartelak jarri beharko dira horiek kontsumitzea debekatuta dagoela adierazteko eta, halakorik badago, kontsumitzea baimenduta duten tokiak zein diren adierazteko."

Testuak nikotina aska dezaketen gailuak arautu ditu, horren barruan sartuta bai zigarreta elektronikoak, bai horiek birkargatzeko ontziak.

Legeak, OMEren eta osasuneko profesionalen gomendioak betez, parean jarri ditu nikotina aska dezaketen gailuen edo zigarro elektronikoen kontrol-araubidea eta tabakoarentzat ezarritakoa, ondorio guztiekin, gure inguruko beste herrialde batzuetan egin den bezala, non araudia tabakoarekin bezain zorrotza den. Bada, tabakoa eta zigarreta elektronikoak pare-parean jartzea proposatu dugu. Helburua pertsona erabiltzailearen eta hirugarrenen osasuna defendatzea da, batez ere pertsona horiek adingabeak direnean.

Osasunaren Mundu Erakundeak gailu horren aurkako aholkua eman du, harik eta segurua, eraginkorra eta kalitate onargarrikoa dela datuekin frogatu arte, eta eskumena duen erakunde arautzaile batek hori ziurtatu arte.

Gaur arte ezin izan da irmotasunez zehaztu kalterik sortzen ez duenik, nikotinarik izan ez arren. Izan ere, ez dago produktu horrek erabiltzaile zuzenen eta ingurukoen osasunean sor ditzakeen eraginen inguruko ebidentzia zientifikorik. Nikotina adikzio altua eragiten duen substantzia denez, osasuneko profesionalen ustez ezin da esan tabakoaren ordezkoa denik edo erretzeari uzten laguntzen dionik. Izan ere, ez dago horren gaineko azterketa kontrolaturik, eta komunitate mediko-zientifikoaren gehiengoak ikusi du produktu horien erabiltzaileak bitariko erretzaile bihurtzen ari direla, zigarreta elektronikoa erabiltzen dutelako erretzea debekatuta dagoen tokietan. Horretaz gainera, produktu hori toki publikoetan batere bereizkeriarik gabe erabiltzeak tabakoaren araudiak eragin duen normalizazio-prozesua kaltetu dezake, gazte eta nerabeek tabakoa eskuratzeko modua bihur baitaiteke. Ondorioz, nazioarteko erakunde adituek gomendatzen duten bezala, gai honen gaineko azterketa zientifikoak egin beharko dira, pertsonen osasunean duten eragina ziurtatzeko.

Zigarreta elektronikoak tabakoaren aldean dituen ustezko onurei dagokienez, gaur egun ez dago produktu horrek pertsona erabiltzaile zuzenen edo inguruko beste pertsona batzuen osasunean duen eraginari edo izan ditzakeen ustezko onurei buruzko azterketa irmorik.

Lurrun pasiboaren ustezko arrisku-ezari dagokionez: Zigarreta elektronikoek, beste produktu batzuez gain, nikotina isurtzen dute, eta lurruna botatzen duen horren inguruko pertsonek arnastu egin dezakete.

Zigarro elektronikoaren erabileran analogia nabarmena dago ohiko zigarroekin, azken hori imitatzen baitute. Horrez gain:

  • a) Gailu horietako batzuek nikotina askatzen dute, eta nikotinak adikzioa sortzen du.
  • b) Nikotinarik eduki ez arren, zigarreta elektronikoak tabakoa kontsumitzera erakarri edo horretan hasteko modu bat izan daitezke, batez ere gazteentzat.
  • c) Zigarreta elektronikoa erabilita, jendea toki publikoetan erretzen has daiteke berriz ere, eta horrek tabakoaren araudiak eragin duen normalizazio-prozesua kaltetu dezake.
    • Euskadin, tabakoaren kontsumoa nabarmen murriztu da azken urteetan. Lorpena da hori, baina adi egoten jarraitu behar dugula uste dugu.
    • Ingalaterrako kasuarekin alderatzen badugu, Galesen, adibidez, bertako batzarrak 2017. urtetik aurrera eremu itxietan zigarreta elektronikoen erabilera debekatzeko asmoa dauka. Taxi eta kamioiak bezalako ibilgailuetan lurruna botatzea ere debekatuko dute.

Osasunaren Mundu Erakundeak (nazioarteko osasun-agintaritza nagusia bera) 2013ko uztailean gailu horren aurkako aholkua eman zuen, harik eta segurua, eraginkorra eta kalitate onargarrikoa dela datuekin frogatu arte, eta eskumena duen erakunde arautzaile batek hori ziurtatu arte. Gainera, 2014ko abuztuan argitaratutako txosten batean jaso zuen nahikoa ebidentzia badagoela horien inguruan ohartarazteko, eta produktu horien erabilera publikoa debekatzea gomendatu du gune itxietan, baita adingabeei saltzea eta erretzeari uzteko produktu bezala agertzea ere.

OMEren gomendioaz gain, sozietate zientifiko desberdinak -Neumologia eta Kirurgia Torazikoaren Sozietate Espainiarreko (SEPAR) Tabakismo Arloa- nahiz Tabakismoaren Prebentziorako Batzorde Nazionala, kezkatuta agertu dira produktu horien salmentaren gainean.

Familiako eta Erkidegoko Medikuntzaren Euskal Sozietateak (Osatzen) 2014an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan egindako inkestaren arabera, euskaldunen % 90ak uste du zigarreta elektronikoen erabilera eta salmenta arautu egin behar direla, eta % 87 dago produktu horien publizitatea debekatzearen alde, beren ondorioak ezagutu arte. Elkarrizketa egin duten 10 pertsonatik 9k defendatu dute zigarreta elektronikoa debekatuta egon behar dela eremu publikoetan, baita taberna eta jatetxeetan ere, ez delako produktuok osasunean duten eraginari buruzko daturik ezagutzen. Gehiengoaren (% 77,5) ustez, produktu horrek gazteenak erretzera animatu ditzake, eta % 81,9k uste du erretzeari uztea planteatu zuten pertsonak ohitura hori ez uztera animatu ditzakeela.

Ondoren, eta Legebiltzarrak legea onartu ondoren, tabakoa eta zigarreta elektronikoak parean jartzeko neurriaren alde agertu zen Osatzen sozietatea.

Legea betetzeko ondoreetarako, eta Euskadin eta Estatuan gaur egun indarrean dagoen araudiari jarraikiz, ez dio ardura gailu horiek denda batean, farmazian edo Internet bidez erosi ote diren.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Alkohola

Alkohola

Legearen helburua honakoa da: herritar guztien osasuna lehenesten duten politikak sustatzea, eta pertsona guztientzat, eta, batez ere, gazteenentzat bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea.

Horretarako, bizimodu osasungarria indartu eta aisiarako aukerak eskaini dira, osasunerako arriskurik eragin gabe. Gizartearen balioek hobera egin behar dute; interes komertziala ezin da inspirazio bakarra izan, pertsonen osasuna arriskuan badago. Pertsonek sozializatu egin behar dute, eta aisia osasunerako kaltegarria ez den giro batean aurkitu. Arauek pertsonen ohiturak aldatzen lagun dezakete.

Euskadin, eskolan dabiltzan 4 gaztetatik ia 3k dagoeneko alkohola probatuta daukate. Eta kontsumo intentsiboak igo egin dira, besteak beste mozkorraldiak edo asteburuetako kontsumo altuak. Argi dago patroiak aldatu egin direla, eta kontsumoa goiztiarra eta geroz eta intentsiboagoa dela.

Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak irmotasun osoz uste dute gure gizarteak, kearekin eta tabakoarekiko adikzioarekin egin duen bezala, kultura-aldaketa bat lortu behar duela, gazteria eta jaia halabeharrez lotzen dituen ekuazio horretatik alkoholaren aldagaia ezabatzeko. Eta, horretarako, erakunde arteko eta sektore arteko koordinazioa funtsezkoa da. Hau da, erakundeen ekintza areagotu behar da, adingabeek egiten duten gehiegizko alkohol-kontsumoaren eta haren ondorioen aurrean.

Hori dela kausa, eta 2011-2015 Adikzio Planaren eta 2013-2020 Osasun Planaren ildotik -gazteen artean bizi-ohiturak hobetu eta arrisku-jarrerak murriztea aurreikusita-, "Adingabeak eta Alkohola" programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Programa hori era partaidean egin zen, erakunde inplikatu guztiekin. Hainbat neurri barne hartzen ditu programak. Horiek gauzatzen ari dira, hain zuzen ere, komunitate-ingurunean, hezkuntza-arloan, menpekotasunen arloan, osasun-arretaren eremuan, araudiaren esparruan eta sentsibilizazioaren eta hedapenaren alorrean.

Ildo horretatik, adikzioen gaineko lege berriak berariaz azpimarratu du murriztu egin behar dela gazteek alkoholaren kontsumorako duten sarbidea, eta, horretarako, gaur egun indarrean dagoena baino araubide mugatzaileagoa ezarri du. Ildo horretan, honako neurriak sartu dira, besteak beste:

  • Alkoholdun edariak kontsumitzea eta alkohola saldu edo banatzea debekatzea, 18 urtetik beherako pertsonen kasuan.
  • Adingabeekin lan egiten duten pertsonei alkoholdun edariak kontsumitzea debekatzea.
  • Azoka, erakusketa eta antzeko jardueren harira 20 gradutik gorako alkoholdun edarien kontsumoa sustatzeko egiten diren jardueretan pertsona adingabeei sartzen ez uztea, helduek lagunduta ez badaude.
  • Makina automatikoen bidez edari alkoholdunik saldu edo banatzea debekatzea. Halaber, adingabeei edari alkoholdunen ontzien antzeko produktuak saltzea debekatzea.
  • Edari alkoholdunak zerbitzatzen dituzten establezimendu publiko itxietan 16 urtetik beherako pertsonei sartzen eta egoten ez uztea, beren gurasoekin edo pertsona arduradunen batekin ez baldin badoaz.
  • Adingabeen kasuan, zehapenen ordez, beste aukera batzuk aplikatu ahalko dira (erkidegoaren onerako ekintzak edo prestakuntza-programak).

2016ra arte indarrean egon den testuan dagoeneko debekatuta dago adingabeei alkohola saldu eta banatzea. Lege berriak sartu duen berrikuntza adingabeen alkoholaren kontsumoan ezarritako debekua da, talde hau babesteko neurri berezi gisa.

Bestalde, legeak beste adin-tarte bat ezarri du: 16 urtetik beherako adingabeena, eta alkoholdun edariak zerbitzatzen dituzten establezimenduetan ezin sar edo egon daitezkeela adierazi du, guraso edo arduradunekin ez bada.

Gainerako kasuetan, gutxieneko erreferentzia beti izango da legezko adingabetasuna (18 urte).

Gai hau 32. artikuluak argitu du:

"Debekatuta egongo da 16 urte baino gutxiagokoak edari alkoholdunak zerbitzatzen dituzten establezimendu publiko itxietan sartzea eta egotea, hala nola tabernetan, dantzalekuetan, diskoteketan, ikuskizunetan, jolas-areto publikoetan eta, oro har, edari alkoholdunak saldu edo kontsumitzen diren leku edo establezimendu guztietan, baldin eta guraso edo arduradunekin ez badaude.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako lekuetan, toki agerian, seinalea jarri beharko da debeku horren berri emateko."

Debeku hau berria da, orain arte indarrean egon den testuarekin alderatuta; adingabeak babesteko neurri berezia da.

Lege berriaren helburuetako bat adingabeen osasuna babestea da.

Legea oso zorrotza da adingabeei alkohola saltzeari dagokionez: 31.1.a) artikuluak guztiz debekatu du adingabeko pertsonei alkoholdun edariak saldu edo banatzea. Gainera, 18 urtetik beherakoek debekatuta dute alkoholdun edariak kontsumitzea ere (33.1 artikulua).

Halaber, gaueko 22:00ak eta goizeko 7:00ak bitartean alkoholik saldu ezin duten establezimenduei dagokienez, 31. artikuluaren arabera neurri zehatzak hartu beharko dira, 18 urtetik beherako pertsonei alkohola saltzen dietela saihesteko. Zehazki, honako hau dio:

"Establezimendu horiek neurri bereziak hartu beharko dituzte adingabeei alkohola ez saltzeko. Autozerbitzu-establezimenduetan edari alkoholdunak toki jakin batean jarriko dira, eta gutxienez 1,50 metroko altueratik gora egongo dira kokatuta, erakusleihoaren azaleraren murrizketa batekin, % 20tik gorakoa izango ez dena. Autozerbitzuak barra baten atzean eduki ditzake edariak, salmenta pertsona batek kontrolatzen badu, edo beira-arasa giltzadun batean.

6. Aurreko apartatuetan aipatu diren leku guztietan, kartel baten bidez aditzera emango da debekuaren berri. Ondo ikusteko moduan jarriko da kartel hori."

Legearen 31. artikuluak argi eta garbi ezarri du zeintzuk diren alkoholdun edariak banatu eta saltzeko mugak.

18 urtera arteko ikasleei eskolak ematen dizkieten ikastetxeetan, debekatuta dago alkoholdun edariak saldu edo banatzea.

18 urtetik gorako ikasleei eskolak ematen dizkieten ikastetxeetan (hau da, unibertsitateetan), ezin da 20 gradutik gorako alkoholdun edaririk saldu edo banatu, berariaz horretarako baimendutako tokietan izan ezik.

Kontsumoa beste kontu bat da. Legeak alkohola kontsumitzea debekatuko die 18 urtetik beherako pertsonei eta zerbitzu jakin batzuk gauzatzen ari diren pertsonei. Halaxe dio legearen 33. artikuluak:

"Debekatuta egongo da 18 urtez azpiko pertsonek edari alkoholdunak kontsumitzea.

2. Pertsona hauek ezingo dute edari alkoholdunik kontsumitu, zerbitzua eskaintzen ari direla edo zerbitzua eskaintzeko prest badaude:

  • a) Zerbitzu publikoko ibilgailuak gidatzen dituzten pertsonek.
  • b) Zentro sanitario, zentro sozial edo hezkuntza-zentro publiko edo pribatuetako langileek.
  • c) Kidego armatuetako kideek eta beren eginkizunetan armak eraman behar dituzten profesionalek.
  • d) Adingabeekin lan egiten duten pertsonek.
  • e) Beren jarduera edari alkoholdunen eraginpean aurrera eramanez gero, norberaren edo beste pertsona batzuen bizitza nahiz osotasun fisikoa arriskuan jar lezaketen guztiek, orokorrean."

Legearen testuak berariaz debekatu du bide publikoetan alkoholdun edariak saldu edo banatzea, salbu eta udalek baimendutako terrazetan, mahai hankabakarretan edota ekintza eta jardueretan. Hau da, udal-autonomiaren eremua errespetatu egiten da.

Ez dago debekatuta bide publikoan kontsumitzea, baina udal bakoitzak gai hau araut dezake, ordenantzaren bidez. Berez, gaur egun, udal ordenantza batzuk debekatzen dute bide publikoan alkohola kontsumitzea.

20 gradutik gorako edari alkoholdunak saldu edo banatzea debekatuta dago autobide eta autopistetako zerbitzu-guneetan, 31.4.c artikuluaren arabera.

Indarrean zegoen aurreko legean ere jasota zegoen muga hori, baina, hala ere, edariak saldu eta banatzeko muga 20 gradutik gorako alkoholdun edariei buruzkoa da. Beste bide batzuekin alderatuta, autopista eta autobideetan abiadura altuagoa erabiltzen da, eta horrek azaltzen du, hain zuzen ere, debekua.

Kontsumoari dagokionez, 33. artikuluan azaltzen diren alkohol-kontsumoaren gaineko debekuak kontsumitu ezin duten pertsonei buruzkoak dira soilik (18 urtetik beherako pertsonak, eta zerbitzu jakin batzuk eskaintzen ari diren edo zerbitzuok eskaintzeko prest dauden langileak). Ez da tokien eta graduazioaren gaineko aipamenik egin. Ondorioz, legeak ez du debekatu zerbitzu-guneetan, gasolindegietako jatetxeetan edo guneotan dauden hoteletan alkohola kontsumitzea.

Legearen 31. artikuluak edari alkoholdunak saldu edo banatzea debekatu du “kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan”. Ez dio ardura alkoholdun edarien graduazioak.

Araudiak ez du bereizten instalazioaren kirol-kategoria edo tamaina. Berdin eragiten die kirol-instalazio guztiei.

Kontsumoari dagokionez, 33. artikuluan azaltzen diren alkohol-kontsumoaren gaineko debekuek kontsumitu ezin duten pertsonak soilik aipatzen dituzte (18 urtetik beherako pertsonak, eta zerbitzu jakin batzuk eskaintzen ari diren edo zerbitzuok eskaintzeko prest dauden langileak). Ez da tokien eta graduazioaren gaineko aipamenik egin.

Beraz, adingabeko pertsonentzako debeku hori dagoela azpimarratu beharra dago.

Horrelako esparruetan eragina izan dezaketen bestelako arauek ezarritakoaz gain, 1/2016 legeak ez ditu bereizten eserleku desberdinak edo harmailetako eserlekuak.

Legearen 31.3.c. artikuluak edari alkoholdunak saldu edo banatzea debekatu du “kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan”.

A) Debekua honako hauei dagokie:

  • Kirol-jarduera egiteko baliatzen diren kirol-espazioak Espazio horietan kirol-lehiaketak egin daitezke. Kirol-lehiaketatzat edozer kirol-jarduera hartzen dugu.
  • Kirol-espazioetan garatzen diren kirol-jardueren espazio osagarriak, besteak beste: aldagelak, komunak, lehen mailako arretako gelak, biltegiak, eskailera-mailak eta antzeko beste batzuk.
  • Aurreko biez bestelako espazioak (besteak beste, dendak, merkataritza-establezimenduak edo ostalaritza-establezimenduak), kirol-espazioaren barruan daudenak, eta harekin unitate fisikoa eta erabilera bereizezina eratzen dutenak.

Azken puntu horretan, debekutik kanpo geratuko diren bakarrak dira kirol-jardueraren erabiltzaileentzat eta publiko orokorrarentzat sarbide propioa eta independentea edukitzeagatik bereizita dauden espazio sektorizatuak; horiek, gainera, ostalaritzako edo kirol jardueraz bestelako jarduera ustiatzeko baimena edo lizentzia eduki beharko dute.

B) Debekua espazioa irekitzen den unetik itxi arteko tartean dago indarrean.

Kontsumoari dagokionez, 33. artikuluan azaltzen diren alkohol-kontsumoaren gaineko debekuek kontsumitu ezin duten pertsonak soilik aipatzen dituzte (18 urtetik beherako pertsonak, eta zerbitzu jakin batzuk eskaintzen ari diren edo zerbitzuok eskaintzeko prest dauden langileak). Ez da tokien eta graduazioaren gaineko aipamenik egin.

Nolanahi ere, gogoratu beharra dago legeak, zehazki 31.3.c artikuluak, alkohola saldu edo banatzea debekatu duela: "kirol lehiaketak egiten diren instalazioetan eta zentro sanitario, soziosanitario eta zerbitzu sozialetakoetan".

Zezen-plazetan alkohola kontsumitzeari dagokionez, berariaz ez dago baimenduta, baina legeak ez du muga zehatzik ezarri kasu honetan alkohola kontsumitzeari buruz.

Ez dago berariaz baimenduta, baina legeak ez du muga zehatzik ezarri kasu honetan alkohola kontsumitzeari buruz.

Legearen testuak bide publikoetan alkoholdun edariak saldu edo banatzea debekatuta dagoela dio, salbu eta udalek baimendutako terrazetan, mahai hankabakarretan edota ekintza eta jardueretan. Hau da, legeak (nola ez) udal-autonomiaren eremua errespetatu du.

Ez dago debekatuta bide publikoan alkohola kontsumitzea, udal bakoitzak bestelakorik erabaki dezakeen arren.

Nolanahi ere, azpimarratu beharra dago kasu honetan udalek gaia arautu dezaketela. Are gehiago, udalerri batzuek alkoholaren kontsumoaren gaineko ordenantzak dituzte, eta bide publikoan edatea debekatu dute.

Ezin dugu ahaztu, gainera, adingabeek alkohola kontsumitzea orokorrean debekatuta dagoela (33.1 artikulua). Lege berriaren helburuetako bat adingabeen osasuna babestea da.

Lehenik eta behin, legearen helburua gogoratu beharra dugu, hau da, herritar guztien osasuna lehenesten duten politikak sustatzea, eta pertsona guztientzat, eta, bereziki, gazteenentzat bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea.

Hots, bizimodu osasungarriak indartu eta aisialdirako aukerak eskaintzea, osasuna arriskuan jarri gabe. Pertsonek sozializatu egin behar dute, eta aisia osasunerako kaltegarria ez den giro batean aurkitu. Arauek pertsonen bizi-ohiturak aldatzen lagun dezaketela uste dugu.

Kirol-espazio edo -barruti bat, batzuetan edo aldi baterako, kirolez bestelako jardueretarako erabil daiteke, besteak beste, ikuskizun publiko baterako. Edo baliteke ikuskizun publiko baten establezimendua batzuetan kirol-jarduera bat egiteko erabiltzea, esaterako, herri-kirolak egiteko. Kasu horietan, ekitaldi zehatzaren izaera izango da debekuen araubideak arautzen duena, betiere ekitaldi berezi horrek behar diren baimen edo lizentzia egokiak baditu, hura egiteko eta antolatzeko.

Ikuspuntu horretatik, kirol-instalazio batean musika-kontzertu bat antolatzen bada eta batez ere adingabeei zuzenduta ez badago, alkohola saldu daiteke eta adinez nagusiek alkohola kontsumitu ere bai.

Bestela, kirolaz bestelako erabilera duen instalazio batean kirol-jarduera bat antolatzen denean, ezin da alkohola saldu eta eman. Esate baterako, zezen-plaza batean euskal herri‑kirolen erakusketa bat egiten bada, ezin da alkohola saldu, kirol-jarduera bat delako.

Logikoki, esparruaren ardura daukan erakundeak eta udal-ordenantza egokiak araubide mugatzaileago bat eduki ahalko du, eta, hala izatekotan, behar bezala adierazita egon beharko da.

Horrelako esparruetan eragina izan dezaketen bestelako arauek ezarritakoaz gain, 1/2016 legearen 31. artikuluak berariaz debekatu du edari alkoholdunak saldu edo banatzea “kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan”. Instalazioen tamainak, beraz, ez dio ardura, ondore horietarako.

Hala ere, 33. artikuluan azaltzen diren alkohol-kontsumoaren gaineko debekuak kontsumitu ezin duten pertsonei buruzkoak dira soilik (18 urtetik beherako pertsonak, eta zerbitzu jakin batzuk eskaintzen ari diren edo zerbitzuok eskaintzeko prest dauden langileak). Ez da espazio edo toki zehatzei buruzko aipamenik egin.

Bai, legeak ez du muga zehatzik ezarri kasu honetan alkohola kontsumitzeari buruz.

Legearen testuak berariaz debekatu du bide publikoetan alkoholdun edariak saldu edo banatzea, salbu eta udalek baimendutako terrazetan, mahai hankabakarretan edota ekintza eta jardueretan. Hau da, legeak (nola ez) udal-autonomiaren eremua errespetatu du.

Ez dago debekatuta bide publikoan kontsumitzea, udal bakoitzak bestelakorik erabaki dezakeen arren.

Nolanahi ere, azpimarratu beharra dago udalerri batzuek alkohol-kontsumoaren gaineko ordenantzak dituztela, eta bide publikoan alkohola kontsumitzea debekatu dutela. Hala, Gasteizko (1990), Barakaldoko (2008) eta Portugaleteko (2010) ordenantzek, adibidez, berariaz debekatu dute bide publikoan alkohola kontsumitzea.

Legea indarrean sartzen den unean bertan bihurtzen da eraginkor, baina, hala ere, udal-eskumenen barruan, orokorrean, udalek beren ordenantzen bidez ezar dezakete araudia.

Legearen 31.5 artikuluak honako hau dio: “edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetan ezingo da edari alkoholdunik saldu edo banatu 22:00etatik 07:00ak bitartean, haien ordutegia edozein izanda ere.

Establezimendu horiek neurri bereziak hartu beharko dituzte adingabeei (18 urtetik beherakoei) alkohola ez saltzeko. Autozerbitzu-establezimenduetan edari alkoholdunak toki jakin batean jarriko dira, eta gutxienez 1,50 metroko altueratik gora egongo dira kokatuta, erakusleihoaren azaleraren murrizketa batekin, % 20tik gorakoa izango ez dena. Autozerbitzuak barra baten atzean eduki ditzake edariak, salmenta pertsona batek kontrolatzen badu, edo beira-arasa giltzadun batean.

Artikuluak, beraz, edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetarako alkoholaren salmenta- edo hornikuntza-murrizketak aipatzen ditu, 22:00etatik 07:00ak bitartean zabalik egon daitezkeen establezimenduetarako. Establezimendu horietan, galderan aipatutakoak bezalakoetan, ezin da alkoholik erosi gaueko 22:00etatik aurrera, goizeko 07:00ak arte.

Bestalde, gauez ordutegi horretan zabalik egon daitezkeen establezimenduetan, autozerbitzukoak direnean, artikuluak aipatzen dituen neurri zehatzak hartu beharko dira: edari alkoholdunak toki jakin batean jarriko dira, eta gutxienez 1,50 metroko altueratik gora egongo dira kokatuta, erakusleihoaren azaleraren murrizketa batekin, % 20tik gorakoa izango ez dena. Autozerbitzuak edariak barra baten atzean eduki ahalko ditu, baldin eta salmenta pertsona batek kontrolatzen badu, edo beira-arasa giltzadun batean.

Espazio horietan ere eragina izan dezaketen beste arau batzuk gorabehera, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearen 31.3 c) artikuluak debekatu egiten du edari alkoholdunen salmenta edo hornikuntza “Kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan”.

A) Debekua honako hauei dagokie:

  • - Kirol-jarduera egiteko baliatzen diren kirol-espazioak Espazio horietan kirol-lehiaketak egin daitezke. Kirol-lehiaketatzat edozer kirol-jarduera hartzen dugu.
  • - Kirol-espazioetan garatzen diren kirol-jardueren espazio osagarriak, besteak beste: aldagelak, komunak, lehen mailako arretarako gelak, biltegiak, eskailera-mailak eta antzeko beste batzuk.
  • - Aurreko biez bestelako espazioak (besteak beste, dendak, merkataritza-establezimenduak edo ostalaritza-establezimenduak), kirol-espazioaren barruan daudenak, eta harekin unitate fisikoa eta erabilera bereizezina eratzen dutenak.

Azken puntu horretan, debekutik kanpo geratuko diren bakarrak dira kirol-jardueraren erabiltzaileentzat eta publiko orokorrarentzat sarbide propioa eta independentea edukitzeagatik bereizita dauden espazio sektorizatuak; horiek, gainera, ostalaritzako edo kirol‑jardueraz bestelako jarduera ustiatzeko baimena edo lizentzia eduki beharko dute.

B) Debekua espazioa irekitzen den unetik itxi arteko tartean dago indarrean.

Araudiak ez du bereizten instalazioaren kirol-kategoria edo tamaina. Berdin eragiten die kirol-instalazio guztiei.

Kontsumoari dagokionez, 33. artikuluan azaltzen diren alkohol-kontsumoaren gaineko debekuek kontsumitu ezin duten pertsonak soilik aipatzen dituzte (18 urtetik beherako pertsonak, eta zerbitzu jakin batzuk eskaintzen ari diren edo zerbitzuok eskaintzeko prest dauden langileak).

Gogorarazi behar da, gainera, Legearen 31. artikuluak debekatu egiten duela alkohola saltzea eta hornitzea “egiten dituzten jarduerengatik eta eskaintzen dituzten zerbitzuengatik bereziki 18 urtez beherakoentzat diren lokal eta zentroetan”.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Kalamua

Kalamua

6. artikulua.- Eskubideak eta betebeharrak.

  • 3.- Era berean, kalamu-kontsumitzaileen erakundeetan parte hartzen duten adinez nagusiak ez dira diskriminatuak izango kontsumo horiengatik, betiere kontsumoa modu arduratsuan eta indarrean dagoen legedia betez egiten bada.

Eta, "gizarte-ekimenari" buruzko VI. tituluko III. kapituluak honakoa dio:

83. artikulua. Kalamu-kontsumitzaileen elkarteak.

  • 1.- Kalteak gutxitzeko eta osasuna babesteko, erregelamendu bidez arautuko dira kalamua kontsumitzen duten adin nagusikoek osatutako elkarteak –baldin eta legez erregistratuta badaude eta irabazi asmorik gabekoak badira–. Elkarte horiek administrazioarekin lankidetzan aritu beharko dute, indarrean dagoen araudia betetzeko, kalamuaren eta beste substantzien kontsumoa prebenitzeko eta kalamua eta beste substantzia batzuen kontsumo arduratsua sustatzeko.
  • 2.- Erregelamendu horrek alderdi hauek arautuko ditu, besteak beste: adingabeak elkarteen lokaletara sartzeko debekua, bazkideak onartzeko baldintzak eta bazkideak kalamuaren erabilera arduratsua egiteko nahikoa informazio dutela ziurtatzeko neurriak.

Kalamua LEGEZ KANPOKO substantzia da, eta haren salmenta, erabilera eta banaketa Zigor Kodean eta herritarren segurtasunerako legean araututa daude. 1/2016 Legeak kalamuaren autokontsumoaren alderdi jakin batzuk soilik aipatu ditu, legezkotasunaren barruan daudenak.

Arauketa legezko mugen barruan eta autonomia-erkidegoen eskumenaren barruan gauzatu da: nahiz eta kalamua legez kanpoko sustantzia bat den, administrazioak ez du autokontsumo pertsonala edo partekatua (eremu pribatuan) zehatu edo zigortzen, eta eremu pribatu horri buruz mintzo dira kalamu-kontsumitzaileen elkarteak. Erakunde horiek arautzearen helburua osasun publikoa babestu eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murriztea da, bai eta ikertzea ere (hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenean sartzen da), Autonomia Estatututik ondorioztatu daitekeenaren arabera.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Jokabide-adikzioak

Jokabide-adikzioak

Jokabide-adikzioei dagokienez, ez da zigor-neurririk ezarri, eskaintza gutxitzeko ekintzak baizik. Horien bidez, ausazko jokoak, teknologia berriak eta horien aplikazio berriak arduraz erabiltzea sustatu nahi da.

Ludopatien kasuan, sektore-araudira jo da, eta jokoan –aurrez aurrekoan zein on-linekoan– erantzukizunez aritzeko kontrol-neurriak ezartzea sustatu da.

Eta, teknologia digitalei dagokienez, eskaintzan berau neurtzeko balioak sartzera bideratu dira, batez ere, kontrol-neurriak. Izan ere, kriminalizatu baino gehiago, fenomeno honen ondorioei buruz kontzientziatu eta mentalizatu nahi da, jarrerak aldatzen laguntzeko.

Arrisku eta gehiegizko jokabideen kasuan, gaur egun adikzio gisa katalogatuta ez daudenetan, legeak prebentzio-neurriak ezartzen ditu eta, hala badagokio, osasun‑zerbitzuek beharrezkotzat jotzen badute, laguntza-neurriak.

Legeak honakoa proposatu du:

  • Adikziotzat jota dauden horientzako neurriak (arauak teknologia digitalera ere hedatu du; zehazki, gizarte-sareetara).
  • Eta bestelako gehiegikeriazko jokabideak arautzea, osasuna sustatzeko eta prebentziorako neurrien bidez.
  • Legeak gehiegikeriazko jarreren arrisku-faktoreetara hedatu du bere helburua.

Kontuan hartu behar da, jokabide-adikzioen eremuan -eta ausazko jokoaren kasuan salbu- oso zaila dela eskaintzaren gainean jardutea. Ondorioz, neurri jakin batzuk garatzen hasi dira, jokabide-adikzioak prebenitzeko helburu zuzena ez duten arren, zeharka horretan laguntzen dutenak (koipe, azukre edo gatzaren kontsumoa kontrolatzeko edozein neurri, esaterako, elikadura osasuntsuaren edo obesitatearen kontrako borrokaren politiken esparruan, lagungarri da gehiegikeriazko jokabideak prebenitzeko orduan, eta, hala, ustezko jokabide-adikzioak ere prebenitzen dira).

Zehazki, joko-arloan, legeak –Euskadin jokorako indarrean dagoen araudiarekin bat– joko arduratsuaren printzipioen aplikazio eraginkorra bermatzeko, jokoaren testuingurua aldatzeko, ausazko jokoen erabilgarritasuna eta publizitatea mugatzeko eta kolektibo ahulak babesteko neurriak ezartzen ditu.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Arau-hausteak eta zehapenak

Arau-hausteak eta zehapenak.

Zehapen-araubide berria ezarri da, arau-hausteen gaineko sailkapen argiagoa daukana, araua benetan bete dadila lortzeko. Zehapen-eskumenak dituzten organoak hauek dira: Gobernu Kontseilua, adikzioen arloan eskumena duen sailaren organo eskuduna, eta alkateak.

Arau-hauste eta zehapenen araubideak zorrotz bete du zehapenen gaineko administrazio-legezkotasunaren printzipioa.

Tipifikazio zehatza ezarri da administrazioaren arau-haustea eragiten duten jokabideetarako.

Zehapenen katalogoa irmoa eta proportzionala da, arau-hausteen araubidea betetzeari dagokionez.

Isunak zenbateko benetakoagoetara egokitu eta murriztu dira, arau-haustearen benetako larritasunaren arabera moldatuta. Arau-hauste arinak egiteagatik 600 eurora arteko isunak ezarri dira; arau-hauste larriak egiteagatik 10.000 eurora artekoak; eta arau-hauste oso larriak egiteagatik 600.000 eurora artekoak.

Ikuskaritza- eta zehapen-eskumenei dagokienez:

  • Orokorrean, ikuskaritza-eskumenak adikzioen gaineko eskumena duen Sailaren menpeko ikuskaritza-unitateei eta tokiko erakundeei esleitu zaizkie. Gainera, Osalani lan-osasunaren gaian dagozkion ikuskaritza-ahalmenak aitortu zaizkio.
  • Zehatzeko ahalmena honako organo hauek dute:
    • Alkateek

      Edari alkoholdunen arloan duten eskumenari eutsi zaio (arau-hauste arin eta larrien kasuan), eta beren zehapen-eskumena nikotina aska dezaketen gailuen eta tabakoaren gaineko arau-hauste arinetara ere hedatu da, herritarrengandik hurbilago eta berehalago egoteagatik. Ondorioz, araudia hobeto betetzea espero da.

    • Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak:

      Edari alkoholdunen, tabakoaren, eta nikotina aska dezaketen gailuen gaineko arau-hauste larriak direnean.

    • Jaurlaritzaren Kontseiluak

      Edari alkoholdunen, tabakoaren, eta nikotina aska dezaketen gailuen gaineko arau-hauste oso larriak direnean.

Gurasoek, tutoreek eta abarrek adingabeen erantzule izan behar ote duten aztertzean, gaia legearen 88. artikuluak argitu du: erantzule izango dira, modu solidarioan, jarritako isunaren zenbatekoa ordaintzeko orduan. Edonola ere, isun ekonomikoaren ordezkoren bat ere ezarri ahalko da.

"Adingabeen egintzen erantzukizuna deklaratzen denean, haiekin batera erantzukizun solidarioa izango dute guraso, tutore, hartzaile eta legezko edo egitatezko zaintzaileek, hurrenkera horretan, horiek guztiak adingabeei leporatzen zaien arau-hauste administratiboa prebenitzera behartzen dituen obligazioa ez betetzeagatik. Erantzukizun solidario hori dela-eta, ezarritako isuna ordaindu beharko dute.

Aipatutako pertsonen baimena izanik eta adingabeari entzun ondoren, lege honetan zehaztutako berrezte-neurriak hartu ahal izango dira, isunaren zehapen ekonomikoaren ordez."

Adingabeei ezarritako isunak ordeztu egin daitezke komunitatearen onurarako lan edo jarduerak eginaraziz, edo arau-hausleari adikzioekin erlazionatutako prestakuntza- edo informazio-programak eginaraziz. Legearen 93. artikuluak zehapenak ordezteko aukera arautu du:

  • "1.- Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintariak erabaki ahal izango du, zehapenaren arabera eta bere antolakuntza-ahalmenaren arabera, eta arau-hausleak edo haren ordezkari legalak hala eskatuta, isuna ordeztea eta trukean komunitatearen aldeko lanak edo jarduerak ezartzea. Ordezte hau ezingo da egin arau-hauste oso larrietan. Arau-hauslea adingabea bada, beharrezkoa izango da bai adingabearen aldez aurreko eskaera bai haren gurasoak edo tutoreak jakinaren gainean egotea eta eskaera onartzea.
  • 2. Gainera, zehapenak ordeztu ahal izango dira, modu gehigarrian eta lehentasunekoan, arau-hauslea prestakuntza- edo informazio-programetan edo tratamendukoetan sartuz. Programa horiek garatzeko saio kopurua lege hau garatzeko arauetan ezarriko da.
  • 3. Nolanahi ere, adingabeek alkohola kontsumitzeagatiko zehapenetan, lehentasuna izango dute artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan jasotako neurriek.
  • 4. Arau-hausleak neurri horri uko egiten badio, lege honek arau-hauste horietarako jasotzen duen isuna ezarriko zaio."
Azken aldaketako data: 2016/04/21

Gaur egungo egoera

Egungo egoerari buruz

Euskadi eta Drogak bi urtean behin etxeetara bidaltzen den inkesta bat da. 15-74 urte arteko biztanle euskaldunei egiten zaie. Gai honi buruz dagoen laginik zaharrenetakoa eta gure inguruan finkatuenetakoa da (1992tik egiten da). Substantziadun edo substantziarik gabeko adikzio desberdinen eragina eta antzemandako joera nagusiak aztertzen ditu. Azken edizioaren berrikuntza gisa, jokoari eta Interneti buruzko galderak sartu izana azpimarra daiteke. Egindako azken inkesta 2012koa da.

  • 2012an, alkohol-kontsumoaren adierazle orokor batzuk murrizteko joera finkatu zen.
  • 2006. urtetik aurrera, nabarmen murriztu da egun gehienetan edaten dutenen proportzioa (% 23,9tik % 14,6ra) eta inoiz edaten ez dutenen proportzioak gora egin du (herritarren % 13,1 izatetik % 24,4 izatera).
  • 2000tik hona, alkohola egunero edaten dutenen ehunekoa biztanleen % 19,8tik % 12,2ra jaitsi da. Kontsumo-modalitate hori batez ere biztanle helduen eta gizonezkoen artean kontzentratzen da.
  • Asteburuetako kontsumoari dagokionez, biztanleen % 11,3 gehiegizko edo arriskuko edalea dela esan daiteke. 15 eta 24 urte arteko gazteen artean, portzentajea % 25ekoa da ia. Gizonen gehiegizko edo arriskuko kontsumo-tasa % 15,7koa da, eta emakumeena, aldiz, % 7koa.
  • 2012an igo egin da alkoholaren gehiegizko edo arriskuko kontsumoa gauzatzen duten pertsonen proportzioa, bai lan-egunetan, bai asteburuetan. 2010arekin alderatuta, halako kontsumoen nagusitasuna lan-egunetan % 1,5etik % 2,5era pasa da eta asteburuetan % 9,7tik % 11,3ra.

Osasun publikoko arazorik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du. Bizi-kalitatea nabarmen galtzea eta bizi-itxaropena murriztea eragiten du; hilkortasuna prebenitzeko kausa garrantzitsuena da. Nabarmentzekoak dira azken urteetan tabakismoaren gaian egin diren aurrerapen handiak. Euskadi eta Drogak 2012 inkestaren arabera:

  • Euskadiko biztanleriaren laurden batek (% 25,7) ohiko erretzailetzat du bere burua, eta % 5,4k baieztatu du lantzean behin bakarrik erretzen duela. Euskadiko 15 eta 74 urte bitarteko pertsonen % 68,8k ez du erretzen, baina, horien heren batek iraganean erre duela adierazi du. Biztanle euskaldunen % 45,6k ez du inoiz erre.
  • 2012an, azken hamarkadako joera finkatu da: tabakoaren kontsumoa astiro baina apurka-apurka murrizten ari da. Adin-tarte guztietan inoiz erre ez duten pertsonen proportzioa igo egin da, eta, batez ere, biztanle gazteen artean. Azken horien kasuan, ohiko kontsumoa ere jaitsi da.
  • Tabakoaren kontsumoan hasteko adinari eutsi egin zaio. Batez besteko adina, 2012an, 17 urte zen.

Beste droga batzuekin alderatuta kalamua ez dela kaltegarria uste dute askok, justifikatuta ez dagoen arren.

  • Nabarmen jaitsi da kalamuren kontsumoa, bai esperimentala, bai duela gutxikoa, egungoa eta egunerokoa. Inkestaren aurreko urtean kalamua kontsumitzea onartu dute EAEko biztanleen % 6,3k. Datu hori 2010ekoa baino ia lau puntu txikiagoa da. Duela gutxiko kontsumoaren nagusitasun handiagoa ageri da 15-24 urte arteko gazteen artean (% 16,4) eta gizonen artean (% 8,8, emakumeen % 3,7en aldean).
  • Kontsumitzen hasteko batez besteko adina zertxobait jaitsi da. 18 urtetik 19 urtera bitartean hasten da kalamua kontsumitzen Euskadin, batez beste (alkohola eta tabakoa kontsumitzen hasi eta geroxeago, hortaz).
  • Azken urteetan egondako jaitsierak gorabehera, EB barruan kalamu-kontsumoaren tasa altuenak dituzten eskualde eta herrialdeen artean kokatzen da, oraindik ere, EAE, nahiz eta pentsatzekoa den aldeak murrizten ari direla.
  • Beste substantzia batzuen aldean (legez kanpokoak nahiz ez), gizartean hobeto onartuta dago eta osasunerako kalte gutxiago eragiten duela pentsatzen da. Halaber, berau legeztatzearen aldeko joera argia dago.
  • Ondorioz, gure autonomia-erkidegoa da substantzia horren erabiltzaile-elkarteak gehien ugaritzen diren tokietako bat.
  • Biztanleriaren % 8,3k dio bere bizitzan noizbait substantzia horietakoren bat probatu duela.
  • Euskadin legez kanpoko substantzien kontsumoa nabarmen jaitsi da. Substantzia horien kontsumo esperimentala % 14tik % 8ra jaitsi da 2004 eta 2012 artean; hau da, % 40ko jaitsiera egon da.
  • Kokaina eta anfetaminak gehien kontsumitutako legez kanpoko drogak dira oraindik. 2012an, Euskadiko biztanleen % 6,5ek gutxienez behin speed edo anfetaminak kontsumitu dituela adierazi du, % 5,5ek kokaina, eta % 2,7k LSD edo beste substantzia haluzinogeno batzuk, eta % 2,2k estasia.
  • 2004az geroztik, substantzia guztien kontsumoak murriztu dira, heroinaren kasuan izan ezik.
  • • Kontsumitzen hasteko adina berdina da, eta substantziok utzi dituztenen tasa areagotu egin da. Anfetaminak eta LSD kontsumitzen beste substantzia batzuk baino lehen hasten da, eta kokaina kontsumitzen, aldiz, geroago (21 urte ingururekin).
  • Loteriak, kiniela eta antzekoak dira gehien erabiltzen diren ausazko jokoak, alde nabarmenarekin. Biztanleriaren % 53k iaz halakoren batean jokatu zuen.
  • Gainerako jokoen nagusitasuna dezente baxuagoa da: % 3,2k kartatan jokatu dute dirua jokatuta, % 2,6k txanpon-makinekin, % 1,8k bingoan, % 1,6k dirua jokatu du frontoian edo beste herri-kirol batzuetan, eta % 1,5ek zaldi-lasterketetan, porretan edo beste kirol-apustu batzuetan.

Inkestako datuen arabera, Euskadiko 15 eta 74 urte arteko biztanleen % 72k Internet erabiltzen du. Horietatik % 3 inguruk bost ordu edo gehiago ematen ditu Internetera konektatuta, lanean edo ikasten ari den bitartean. Hau da, 35.000 pertsona baino gutxixeago. Bestalde, 226.000 pertsonak -biztanleriaren 13,7k- Internet gutxiago (baina biziki) erabiltzen dute, egunean bizpahiru orduz.

Azken aldaketako data: 2016/04/21

Azken aldaketako data: 2016/04/21