Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 6 >> 7 >> 8...
Euskararen antzinako hedadura toponimia eta arkeologiaren argitan
  • Akitania

    Pirinioez iparraldera Akitanian euskararen aztarren zaharrak aurkitu dira, lurralde hedatsu haietan euskararen aurretiko bat egiten zela frogatzen dutenak. Lexiko alderdian euskararen hitz bertsuak aurkitu dira hango inskripzio zaharretan.

    Esan da halaber akitaniera zaharra elementu zelta ugariz hornituriko euskara edo protoeuskara bat dela (J. Allières). Gaur egun, dena den, ontzat ematen da akitaniera aldi zaharretako euskara bera dela, edo gutxienez, euskararekin hertsiki loturiko hizkuntza. Edozein kasutan, euskarak iparraldetik eta ipar-ekialdetik izan dituen muga zaharren gainean adostasun handia dago ikertzaileen artean.

    De bello gallico

    Akitania aipatzen duen lehen testu esanguratsua, Julio Zesarren De bello gallico da (K.a. I. mendea). Akitaniarrak direla eta hau dio:

    Galia osoa hiru partetan banatua dago: euretariko batean Belgikarrak bizi dira; beste batean Akitaniarrak; eta hirugarrenean, hizkuntza zeltaz mintzo direnak, guk Galiarrak deritzegunak. Hirurok dituzte diferenteak hizkuntza, erakundeak eta legeak. Galiarrak Akitaniarretatik Garona ibaiak banatzen ditu, eta Belgikarretatik Matrona eta Sekuana ibaiek bereizirik daude”.

    Historia eta epigrafia, Zesarrek aipatzen dituen akitaniarrak euskaldunen arbasoak direlako ustea sendotzera datoz. Jacques Allières hizkuntzalariak ere bide beretik baieztatu du: “Zesarren akitaniarrak protoeuskaldunak ziren, euretariko gehientsuenak erromanizatuak izan zirelarik –gaur egungo Gaskonian bizi zirenak–”.

    Akitaniar hizkuntza euskararen dialektoa zela frogatzera datoz lurralde hartan aurkitutako inskripzio zaharrak ere: hango hilarrietan aurkitu diren euskal izenak dira testigantzarik garbienak. Latinaren garaiko euskal izenak dira, erromantzeak sortu baino lehenagoko euskararen arrastoak.

    Gogoan hartzeko beste datu bat: erromatar denborako hilarri zizelkatuak, latinez idatziak baina euskara aztarren garbiekin, hain justu ere akitaniarren lurrean azaldu dira, baina ez baskoien eremuan. Zergatik hori? Agian, lurralde horretan zegoelako hiri-multzo handiena ere –Novempopulania zeritzana–.

    Hilarria

    Jainko edo jainkosa izenak dira hilarriotan ageri direnak; harrigarriro, euskara izen ezagunen antz osoa dutenak. Saint Girons eta Bagnères de Bigorre bitarteko eremuan aurkitu ziren, eta Auskien lurraldean ere bai. Berean guztiz ulergarri diren izenok ageri dira, beste batzuen artean: andere (anderexso), ume (ombe-), gizon (cison), seme (sembe), bihotz (bihos), neskato (nescato), sein (seni-) –eta seniko (sennico)–, eta ilurberrixo; eta honako adjektiboak: gorri (-corri / -gorri), beltz (belex-), ilun (ilunno) edota zahar. Baita -tar atzizkia ere (bontar, orcotar). Inskripzio horietariko bat Zuberoako Atarratzen agertu zen.

    Horretatik guztiorretatik ondoriotzat atera da, Pirinioez iparraldera egiten den euskara, erromatar denboran Akitanian egiten zen euskararen ondorengo zuzena dela.

    Euskal izenak toponimian

    Hilarri-inskripzio hauez gainera, gogoan hartzekoak dira agiri zaharretan dokumentatzen diren euskal izenak, batez ere toponimoak. Izan ere, hainbat euskal jatorriko izen dugu Gaskoniako lurralde horretan. Euskal izenok hainbat ugariago dira gaurko Euskal Herriko mugarantz hurbildu ahala, batez ere Biarnoan eta Pirinio barreneko ibarretan. Hala esaterako, Elinberri, Auchen antzinako izena, Auskien hiri zaharra.

    Allièresen ustean, Akitaniako lurraldeetan bizi zen etnia baskoiena zen (gazt. vascones), eta hortik datoz ‘baskoi’ eta ‘gaskoi’ izenak (gazt. vascón, gascón).

    Ditugun datu guztietatik segurutzat jo daiteke euskara egin zela Garona ibaira bitarteko lurraldean

    Mitxelena eta Lafon bat datoz, esanez baskoiak eta akitaniarrak hizkuntza berean mintzo zirela, edota gutxienez hizkuntza beraren dialektoetan.

  • Pirinio mendien alde biak
    1. Pirinioez hegoaldea

      Hegoaldera, Pirinio mendien barreneko ibarretan euskararen eremua noraino hedatzen zen jakiten ez da batere erraz. Mendiek banatu egiten dituzte populuak gehienetan, baina artzaintza-kulturan elkartze-leku, topagune izan dira betidanik. Artzainak eta abeltzainak mendian batu izan dira mendeetan zehar, eta baita Pirinioetan ere. Biarnesek eta zuberotarrek oraindik ere gordetzen duten “hiru behien zerga” dugu horren frogagarri moderno bat.

      Horretatik pentsatu izan da, euskarak aspaldiko mendeetan biziago iraungo zuela Pirinioetako eremu menditsuetan, goietako artzaintza zegoen inguruetan, eta arinago galduko zela, aldiz, beheragoko lautadetan.

      Antzinate zaharrean, zelta, erromatar eta geroagoko inbasoreen etorrera baino lehen Pirinio mendi-katearen alde bietan ziren biztanleak euskaldunak zirela esan daiteke, edo, nahiago bada, baskoiak.

      Pirinio katearen erdialdeak luzaroago eutsi zion euskal izaerari, ekialdeak baino. Lehenengo, erromanizazioaren eraso sakona jasan zuen, batez ere erromatarrek Osca (Huesca) fundatu zutenetik. Geroago, bisigodoen eta frankoen etorrerak ere izango zuen eragina euskal hizkuntzaren atzeraldian, nahiz populu hauek ziurrenik gutxi sartuko ziren Pirinioen erdi eta sartaldean. Edozelan ere, erromantzearen bultzada gero eta indartsuagoa gertatuko da inguru guzti horretan.

      Joan Coromines hizkuntzalaria izan zen lehenengoetarikoa, Pirinioetan euskal erroko toki-izen ugari dagoela baiesten. Ondoren egin diren ikerketek ere gauza bera frogatu dute: euskal jatorriko toki-izenok guztiz ugariak direla, batez ere Aragoi Goienean, baina baita ere Kataluniaren ipar-mendebaldean ere (Aran, Andorra). Hala, sarri (baso) errodun toki-izenak ugariak dira, kasurako.

      Menéndez Pidalek erromatar garairako finkatu zuen euskararen ekialdeko muga, Lleida, Barbastro eta Osca (Huesca) hiriek markatzen duten lerroa da. Erdi Aroan seguruenik lurralde horretako hiri eta herrietan euskara egiten zen latinarekin batera. Erromanizatu ondoren ere, mendialdeko baskoiek euren kultura eta gizarte-egituretan nolabait euren "euskal izaerari" eutsiko zioten.

      mugak

      Pirinio ekialdeko mugak ilunak dira. Hala ere, Kataluniako Pallars eta Ribagorza ibarretan egiten zen hizkuntzaz diharduela, Abadal ikertzaileak uste du X. mende inguruan aldatu zirela hango biztanleak, baina zuzen euskaratik katalanera, bitarteko latinizazio prozesu barik.

      Gaur egungo Aragoiko lurraldean biztanle zaharrak euskaldunak zirela erakusten duten ezaugarri asko dira. Toponimia eta izkribu zaharretako lekukotasunak, besteak beste. Gaurko Huesca antzinako Osca dugu, ilargeteen hiria. Horko biztanleak ere jatorriz euskaldunak ziratekeen; ez dakigu garbi noiz arte, ostera. Hala ere, 1349ko Huescako Udal Ordenantzek nahiko argi aditzera ematen dute, XIV. mendean oraindik ere euskara entzuten zela hiri horretan. Ondoko hau da behin baino gehiagotan aipatu den testu-txatal ezaguna:

      “Item nuyl corredor nonsia usado que faga mercaderia ninguna que compre nin verdan entre ningunas personas, faulando en algaravia ni en abraych nin en basquenç: et qui lo fara pague por coto XXX sol”.

      Euskara, hebreera eta arabiera hitz egiteko debekua ematen da udal arautegi horretan.

      Pirinio kateko biztanleak euskal izatearekin lotzen duten beste ezaugarri batzuk ere badira, hizkuntza ez ezik. Herri-jakintza eta sinesteen aldekoak dira batzuk. Pirinio guztian hedaturik dago ‘subilaro’ edo gabon enborraren ohitura. Odolarekin zerikusia duten kidetasun biologikoak ere aintzat hartzekoak dira. Beste era batera esateko, hizkuntzaz erdaldundu baziren ere, ekanduz eta odolez euskaldun iraun zuten hango biztanleek.

      Pirinio Goieneko toponimiari begiratu bat ematea nahikoa da, hango izen askoren euskal jatorria bistaratzeko. Hitz edo hitz-erro zabalduenak hauek dira: (h)aran, (h)arri / (h)ar-, (h)arro, ate, bizkar, larra izenak, edo berri, zabal adjektiboak, edo -aga, -ain, -be / -pe atzizkiak. Eredu honetako toki-izenak ditugu: Arriaga, Larraga, Basaran, Arbe, Arbeta, Jabierre, Jabierregarai, Sobrarbe, Arraba, Arranduei, Obarra, eta beste asko.

      Oraindino ez antzinara arte, sartaldeko Pirinioetan gaurko Euskal Herria baino haruntzagoko partean ere gorde izan da euskara: Erronkaritik ekialderantz Hecho ibarrean hain aspaldi ez dela ezagutu dira euskal hiztunak.

    2. Pirinioez iparraldea

      Pirinioez iparraldeko parteaz ere datu bertsu edo antzekoak ditugu. Esan daiteke, bada, erromanizazioa goizetikoa izan bazen ere, euskara ez zela berehalakoan galdu. Ditugun datuen arabera, Erdi Aroan oraindik euskara egiten zen Pirinioen erdialdean: XIII. mendean bizirik zegoen oraindik Comminges Goieneko leku batzuetan. Gaskonia Goieneko eskualde horretan, gaurko toponimian ere euskal leku-izenen aztarren argiak daude. Hala esaterako, Larraitz, topografia ere izenaren esanahiarekin ondo egokitzen dela.

      Gratacos ikertzaileak aztertu ditu sakon Pirinioez iparraldean erdialdean dauden Comminges eta Couserans eskualdeak, eta antzekotasun handiak idoro ditu Euskal Herriarekin. Hona hemen batzuk: lurralde bietan dago megalito-monumentu ugari; bietan dira ugariak eguzkiarekin loturiko ikur eta irudiak horma edo muebleak dekoratzeko. Mitologian ere esaunda berak jaso dira bietan. Esaterako, badira eskualde horretan euskaldun ‘laminen’ ahizpa diren izakiak, hada delakoak.

      Jose Migel Barandiaranek (pdf, 440kb) laminak direla eta jaso zuen ipuin batean, berotzen dagoen esnea irakiten hastean, sukaldean zegoen lamina deiadarrez hasten dela, “txurie gora, txurie gora” errepikatuz. Ipuin berbera jaso zuen ikertzaileak Pirinio alde horretan, eta hadaren hitzak hauek ziren: “Late, lateto, gori gora”. Euskara galduta egonik ere, gori gora hitzek euskal itxura garbia dute.

      Gaskonia Goienaren eta Euskal Herriaren artean antropologi eta hematologi alderdian ere berdintasun handiak dira. Sinkronia garbia dago izaera biologiko eta kulturazkoaren artean. Mendialdeko gaskoien gizataldean badira hiru ezaugarri garrantzizko: osagai antropologikoa (0 odol-mota nagusi da), premu-oinordekotza (seme zaharrena da oinordeko) eta gaskoi-hizkuntza (euskararekin kidetasun handiak baititu, batez ere fonetika alderditik). Hala bada, alderdi biologikoan eta kulturazkoan batera jotzen dute Euskal Herriko eta Gaskonia Goieneko lurraldeek: iragan bera izan dutela esan nahi du horrek. Neolito kultura bat beraren oinordeko dira lurralde biak.

      Baina ekanduetan eta antropologian dituzten berdintasunen gainera, toponimiarena gehitu behar da. Aragoiko partean bezala, Pirinioez iparraldeko toponimian ere euskal substratua datza. Esan daiteke, beraz, gaskoi- eta aragoitar erromantzeak euskara mintzo zen jendearen artean garatu zirela.

      Etnologia, antropologia eta linguistikaren historiako datuak aztertu ondoren, Gratacos andreak zalantza barik dio: “Il apparait que la montagne couseranaise et commingeoise est véritable airetèra (héritière) de la culture basque”.

    3. Ebro ibaiaren inguruak

      Hegoaldetik, Ebro ibaiaz bestaldean euskara noiztikoa den jakiten ere ez da erraz. Beste modu batera galdera eginik: erromatarrak baino lehen baskoiak hegoalderantz noraino hedatzen ote ziren?

      calagurris

      Dakiguna da, gaurko Errioxaren erdialdean jatorri zeltako jendetzak bizi zirela, beroiak zeritzenak. Horiek euskal jatorriko jendetzekin muga egiten zuten seguruenik.

      Ebro ibaiaren ondoan hegoaldera dugun Calahorra, erromatarren Calagurris, Pliniok aipatzen duen Calagurris Vasconum bera izan daiteke; baskoien Kalagurri. Horrek baskoien lurraldea Ebro ibaiaren inguruetaraino hedatzen zela froga lezake.

      Gaurko Errioxaren iparraldea eta Burgos iparraldeko Bureba antzinako autrigoien lurrak ziren. Zilegi da pentsatzea hor ere euskal jatorriko lagunak bizi zitezkeela antzinatean.

      Sartaldean, euskal jatorriko jende-taldeek asturiar eta kantabriar leinuak zituzten, euskaldunekin zerikusirik ez zuten beste jatorri batekoak zirenak. Leinu edo jendetza horiek, zeinek euren hizkuntza zuten.

      Kantabriarretatik hurbilen bizi ziren jende-taldeak autrigoiak ziren. Horien alboan, Bizkaian Ibaizabal ibaiak muga egiten zuela, karistiar leinukoak bizi ziren, Deba ibarreraino heltzen zirenak. Horien ekialdera barduliarrak. Leinu horretakoek baskoien leinu handiagoarekin muga egiten zuten ekialdean. Arabako lurrean, uste da gaur Trebiñu dagoen lekuan –latinez Trifinium– zutela mugarria sartaldeko hiru leinuok: autrigoi, karistiar eta barduliarrek.

Aurkezpena | ... >> 6 >> 7 >> 8...
Fecha de la última modificación: 26/12/2007