Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 12 >> 13 >> 14.
Euskara normalizazio bidean

Azken mendeotan herri-erakundeetan gaztelania eta frantsesa izan dira hizkuntza ofizialak, zein bere eremuan. Diputazio eta udaletan ere, batez ere XIX. mende-hasieratik aurrera euskara agiri esanguratsuetan erabili izan badute ere (beti ere maila apalean), gaztelania eta frantsesa izan dira administrazio-hizkuntzak. Pirinio peko Euskal Herrian, XIX. mendearen azken hamarkadetatik hasi ziren Foru Aldundiak euskara bultzatzen: euskara-katedrak sortu, argitalpenak diruz lagundu, funtzionarioen hizkuntza gaitasuna bermatu eta beste neurri batzuk bultzatuz.

Administrazioak bete ez duen papera Elizak bete du lurralde batzuetan euskararen gizarte-erabileran, batez ere XVIII eta XIX. mendeetan. Euskararen gizarteratze hori herri euskaldunetan egin du batez ere, predikuen bidez eta dotrina irakatsiaz. Ekintza hori, eliz ekimenez barik, elizgizonen gogoz eta erabakiz bete da gehiago. Horregatik beharbada, ez da berdina izan lurralde guztietan. Euskara egiten zen eremuetan erabili dute elizgizonek euskara gehiago. Lurraldeei dagokienez, Iparraldean, Gipuzkoan eta Bizkaian gehiago zaindu da; Nafarroan gutxiago.

XIX. mende-amaieratik aurrera euskarak eta euskal kulturak gizarte mailan berpizkunde handi bat ezagutu du, XX. mendean zehar, harik eta gudura arte sendo eutsiko diona. Euskal lore-jokoak, aldizkariak, egunkariak eta liburugintza izango dira berpizkunde horren ezaugarriak. Irakaskuntzan ere lehen urratsak emango dira.

Estatutoa

1936ko euskal estatutuak, II Errepublikan onartu zenak, modu orokorrean onartzen zuen euskararen ofizialkidetasuna, baina euskara egiten zen eskualdeetara bakarrik zuzendurik. Ez zuen, hala ere, garatzeko astirik izan: gudua galtzearekin orduko Euzkadiko Jaurlaritza erbestetua izan zen, egitasmo guztiak bertan behera gelditzen zirela.

1979an Euskal Autonomi Erkidegorako onartu zen Estatutuak, bere 6gn puntuan hau dio:
“6.art.-l. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”.

Euskararen erabilera normalizatzeko legea


Eusko Legebiltzarrak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea (1982) onartu zuen geroago, hizkuntza ofizialkidetasun horren erabilera-mugak zehazten zituena.

Nafarroako Foru Errejimenaren Berrezartze eta Hobekuntza Legeak (1982), 9. atalburuan hau dio:

“9.art.-2. Euskarak ere hizkuntza ofizial-maila izango du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilpen ofiziala arautu eta Estatuko legeria orokorraren xedearen barruan, hizkuntza horren irakaskuntza ordenatuko du”.

Kasu honetan euskararen ofizialtasuna lurraldearen zati batera baino ez da hedatzen. Euskararen Foru Legeak (1986) Nafarroako lurraldea hiru partetan banatzen du: euskalduna, bitarikoa eta ez-euskalduna. Banaketa horren arabera, hizkuntza-eskubideen onartze maila diferentea da parte bakoitzean.

Pirinioez iparraldera, Frantziako estatuan, euskara ez da hizkuntza ofiziala. Agindu berezi batzuen bidez, “erregio-hizkuntza” deritzen hauei hezkuntza sisteman ikastordu jakin batzuk onartzen zaizkie soilik. Giza- eta diru-baliabidez, hala ere, ez dute eskubideok behar adinako bermerik.

Euskara, Euskal Autonomi Erkidegoan derrigorrezko hizkuntza da irakaskuntza sistemako mailetan. Hautatzen den ereduaren arabera, trinkotasun gehiagoz edo gutxiagoz ikasten da. Euskara hutseko eredua (D) nagusitzen doa denborak aurrera egin ahala.

Goi irakaskuntzan ere, unibertsitatekoan, sartu da euskara. Euskal Filologia adarrak irakasten dira unibertsitateetan. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) euskaraz osorik ematen diren lizentziaturak ere gero eta ugariagoak dira. Unibertsitate Irakasle Eskola batzuk ere badira, irakasleen prestakuntza, eta berariaz euskarakoena, hobetzera zuzenduak.

Hedabideetan euskarak duen presentzia ere sendotu da autonomi estatutua abian dagoenetik. Ikus-entzunezko hedabideetan (irrati, telebista), egunkarietan, aldizkarietan, aldizkari digitaletan, liburugintzan... euskara normalizazio bidean jarri da.

Lan munduan, herri-administrazioan egin da ahaleginik handiena euskararen ofizialtasuna bermatzeko. Enpresa munduan eta justizia administrazioan ere geldiro-geldiro gorantz doa euskararen erabilera.

Euskararen geografia-banakuntza lausotu egin da azken aldiotan. Biztanleen mugikortasunari, etorkinen kopuru handiari eta euskal irakaskuntzaren hedakuntzari zor zaio fenomeno hau, batez ere. Euskarak, lehen egiten ez zen lekuetan ere presentzia du; irakaskuntza bidez batez ere. Baina bestetik, oraintsura arte euskaldun oso izan diren eskualdeetan erdara askoz sartuago dago gaur.

Hedabideen eragina gehitu egin da lurralde osoan (telebista, irrati, egunkari eta internet). Tresna berriotan euskararen presentzia indartu bada ere, erdarazkoena askoz gehiago eta bitarteko handiagoz. Gaztelania edo frantsesa bazterrik ezkutuenetara heltzen dira gaur egun; eta gero eta gehiago ingelesa.

Tradiziozko elebitasunak modu berriak hartu ditu gaur. Eleaniztasuna indartzen doa. Hiztunek, euren hizkuntzaz eta ingurukoez gainera, kanpo hizkuntzak ere, batez ere ingelesa, ezagunago dituzte.

Aurkezpena | ... >> 12 >> 13 >> 14.
Fecha de la última modificación: 26/12/2007