Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 11 >> 12 >> 13 >>...
Lekukotasun historikoak euskararen geografia baterako

Toponimia dugu, duda barik, euskarak aldi zaharretan izan zuen hedadura ezagutzeko bide ziurrenetarikoa. Leku-izenak dira euskaraz ditugun lekukotasunik zaharren eta seguruenak. Euskal toponimia bakana denean ez da esanguratsua, baina maiztasun handikoa eta jarraikoa denean lurralde baten, horrek esan nahi du hango biztanleek euskara egiten zutela; euren hizkuntzan eman zizkietela izenak etxe, landa, soro, zubi, baso eta enparaduei. Euskal toki-izenak bakandu edo mehazten diren lekuan, horrek esan nahi du hizkuntza ere ahul dagoela aldi horretan.

Goitizen edo gaitzizenak aipatu ditugu gorago. Honezaz esan behar da ugariak direla izkribu zaharrotan, eta badirudi beste leku batzuetan baino zabalago erabiliak izan direla gure artean. Berebiziko garrantzia dute ondoko arrazoiokatik: batetik, abizenak oraindik finkatzeko zeuden garai batekoak direlako; bestetik, erabiliak diren lekuan eta aldian euskararen presentzia ohikoa zela erakusten dutelako; eta azkenik, euskal testu idatzirik ez dugun aldi bateko euskarak nolako ezaugarriak zituen erakusten digutelako. Adibide gisa, XIII. mendean Nafarroan honelako batzuk ageri dira: Don Semen Zuurra, Eneko ezkerra, M. Periz Muskarro, Domingo Sanz Motza eta beste asko: zuur, ezker, muskar eta motz hitz gardenak ditugu hor.

Toki-izen baten esanahia ilundu edo ahazten denean, izena ere desitxuratu egiten da batzuetan, eta erdaratu beste batzuetan. Hala aldatu dira itxuraz euskal jatorriko hainbat toki-izen, batez ere euskara galdu eta erdara nagusitu den eremuetan. Nafarroan Irunberri zaharra Lunbier bihurtu da; Lizarra zaharra, Estella. Nagusitu den hizkuntzan esangura hartuko duen itxura hartzen dute toki-izenok zaharraren lekuan. Hala, Bizkaiko Ibaizabalen ezkerraldean, Larrañeta zaharra Las Reinetas berritxuratu dute biztanleek; Olabarrieta zaharra, Las Barrietas, edo Errekaortu zaharra, Retuerto bihurtu dute, esangura berria emanez. Beste batzuetan gaztelaniara itzuli da oso-osoan, Zelaieta zaharra, Las Llanas bihurturik. Izenen itxura-aldatzeak oraindik handiagoak izan daitezke euskararen aztarrenak urrundu ahala, Pirinioen erdialdean kasurako.

Labur esateko, toponimia-datuak hizkuntza-egoeraren erakusle garbiak dira nekazal gizartean aldi historiko bakoitzean.

Euskararen geografia zaharra toponimiaren argitan hau izango litzateke. Sartalderantz, oraingo mugetatik askoz urrunago ez ziren izango. Hegoaldetik, aztarren garbiak ditugu Errioxan eta Gaztela iparraldean. Ekialderantz, euskal izenak ugariak dira Aragoi Goienean eta Kataluniako Pirinioan. Beste hainbeste esan daiteke Gaskoniako lurraldeaz.

  1. Nafarroako Erresuma

    Erdi Aroko dokumentazioan (XI-XII. mendeetan) euskara izendatzeko lingua navarrorum eta basconea lingua izenak ageri dira erabilirik; hau da, “nafarren hizkuntza” eta “baskoien hizkuntza”. Izan ere baskoiak izan ziren politika mailan nortasunik handiena erdietsi zutenak, Nafarroako Erreinua eraiki zelarik.

    Nafarroako lurraldean euskarak duen egoera, euskal toponimiak duen dentsitatean islatzen da ondoen. Askoz ugariagoa da euskara egiten den edo oraintsura arte egin den eskualdeetan; ez da hain trinkoa euskara aspaldi galdu zen Erdialdeko lurretan; eta askoz bakanagoa gertatzen da Erribera alderdian. Zenbat eta zaharragoa den dokumentazioa, hainbat ugariagoa euskal toponimia hegoaldean ere. Era berean, beti ere ugariagoa da toponimia txikia deritzagunean –landa, soro, baso, etxe, erreka eta halakoak–, gune inportanteen izenetan baino.

    Bascongado/Romanzado eremua

    Toponimia txikiak argiro erakusten du Behe Erdi Aroan (XIII-XIV. mendeak), hasi Behe Nafarroatik eta Goi Nafarroaren hegoaldera Ebro ibaiaren hurrera heltzen zela euskararen muga: Aragoi ibaiaren haranean dagoen Zarrakaztelutik Sesma eta Elizagorriara (Lazagurria) doan marraz iparraldean euskara egiten zen.

    Ezin da ukatu, euskara Erdi Aro guztian Nafarroako Erresumako biztanleen harreman-hizkuntza nagusia izan zela; baita askoz geroago ere. Mendialdeko biztanleen hizkuntza bakarra izan da luzaroan, baina nafar hiri handi eta ertainetan ere arrunt mintzatu izan da.

    Ikertzaile batzuen ustez, Iruñaren fundazioa erabakigarria gertatu zen euskararen galeran, bai hiriburuan bertan, bai Iruñerrian. Beste batzuek, aldiz, uste dute Iruñaren inguruko lurraldearen eragina, batez ere ekialdearena, gertatu zela erabakigarria; goizago erromanizatu eta kristautu zen partea. Hauen ustez, euskararen galera Nafarroan, lurraldez baino gehiago gizarte-mailaz gertatuko zen: jende erromanizatua izango zen gizarteko goi karguetan, botere-guneetan, eta euskaldun elebakarrek gizarte-maila zeheagoa osatuko zuten. Baina denaren gainetik argi utzi behar da, Nafarroako lautadako gizartea mende luzeetan elebidun izan dela, edota elebitasuna izan dela nagusi nafar lurraldean.

    Azken mendeotara etorriz, XVIII. mendean oraindik Tafalla eta Lizarraraino heltzen zen gutxienez euskara hegoaldetik. Aragoirekin muga egiten duen ertzean Leireko monasterioak zerikusi handia izango zuen inguru horretan erromantzea nagusitzean.

    Euskararen atzerakada nagusia Nafarroan XIX. mende hasieratik honunzkoa da, galerarik bortitzenak gerrateen ondoren gertatu direlarik: lehenengoa mende hasieran; bigarrena eta hirugarrena karlista gerrate bien ondoren.

    Mende horretan zehar galdu zen, esaterako, ipar ekialdean, oraindik ere Iruña aldean euskara egiten zen denboran. Erronkarin XX. mendearen hasierara arte euskara egin izan da. Zaraitzun beranduagora arte.

    Nafarroaren erdi-sartaldeaz loturiko datu bat: XIX. mendearen azken herenean, Irurzundik Iruñera bitarteko lurraldean, eta Iruñerrian ere, euskara egiten zen oraindik. (Jose Migel Barandiaranen lekukotasuna).

    Azkenengo galera bortitzena XX. mendearen 30-40ko hamarkadetan gertatu da, Gerra Zibil ondoren.

  2. Arabako herrialdea

    Euskarak, Araban ere, luzaroago iraun du toki-izenetan, bertako biztanleen ezpainetan baino. Baina hizkuntza galdu ahala, euskal izenotariko asko euren jatorrizko itxura galtzen joan dira eta desitxuratzen kasu batzuetan, eta gaztelaniazko ordezko ulergarriez ordezkatu izan dira beste batzuetan. Euskara, batez ere XVIII. mendetik aurrera, emeki-emeki atzeraka joan da Arabako lurraldean.

    Euskara/gaztelar erromantzea/Nafarrokoa/Eremu mistoa

    Toponimiari buruz dugun dokumentu zahar baliotsuena goian aipaturiko Donemiliagako Kartularioa dugu (1025). Beronen bidez ezagutzen ditugu ondoen Erdi Aroko Arabako toki-izenak, bai euskal jatorrikoak, bai erromantze-jatorrikoak. Euskal itxura osoko herri-izen mordoa ageri da hor, batez ere Arabako Lautadakoak. Goizetiko dokumentazioa izanik, toki-izenok euren zahar itxura osoa gorde dute; euron euskalduntasuna ageri-agerikoa da; are gehiago, sartaldeko hizkera-ezaugarriak ezagun dituzte. Toki-izenotariko hainbat Bizkaian aurkitzen diren berberak dira. Hara batzuk: Bahaeztu (Maeztu), Gamarra, Luku, Hurizahar, Etsabarri, Zuhatzu, Arratzua, Hillarratzaha, Huribarri, Mendibil, Borinibar, Haberasturi, Gaztellu, Mengano Goien, Hillardui, Hazpurua, Hurigurena, Erdongana, Zuiabarrutia, Basauri, Atauri, Urbillana.

    Nafarroan bezala, goitizenek hemen ere aparteko interesa erakusten dute. Arabaren hegoaldera dagoen Bernedon, esaterako, XIV. mendeko kofradia-zerrenda bateko izenak ekarriko ditugu lekukotzat. Izenotariko batzuk abizen bihurtu dira: Andia, Txipia, Baltza, Zalduna. Beste asko, euren jabe zirenekin batera aldendu ziren:Gizurra, Garimotxea, Motxo, Mingiña (J. A. González Salazar).

    Araban ere hiriburua gertatu zen gaztelar erromantzearen indar-gune eta zabaltzaile, inguruko lautada guztian euskara egiten zen bitartean. XVI. mendean Gasteiz elebidun zen: erromantzea gehiago egiten ei zen, baina euskara ere biztanleen hizkuntza arrunta zen. Aldi horretakoa dugu “Landuchioren hiztegia” deritzana (1562), hiriburuan orduan egiten zen euskararen lekuko. Erromantze-maileguz josiriko euskara zela ageri da.

    Toponimiaren argitan, Araban euskara goizen galdu zuten eskualdeak eta erromantzea goizago beregandu zutenak ondoko hauek direla esan daiteke:

    — Arabaren hego eta sartaldea: Errioxako Laguardia aldea, Bernedo, Antoñana eta Kanpezu. Dena den gorde dira Zabala lako euskal toki-izenak Laguardian bertan. Nafar erromantzeak ordezkatu zuen euskara hor.

    — Hego-sartaldea: Valdegobia, Lantarón, Erribera Goia eta Behea batez ere, baina Trebiñuren eta Aialaren sartalde-bazterra ere bai. Gaztelar erromantzea sartu zen hor.

    — Labastida Errioxakoa euskara eta erromantzearen (gaztelera) topagune izan zen.

    Toponimian, euskal izenak nagusi dira, batez ere toponimia txikian, mikrotoponimia deritzanean, Nafarroan gertatzen den bezala. Etxe, larre, bide, oihan, mendi, zubi eta maila apaleko lekuei bertako biztanleek ematen dizkieten izenek erakusten dute hobeto zein hizkuntzaz mintzo ziren. Hala, Lagránen Villaverde eta Bernedon Villafría herri-izenak dira, baina bertako toki-izen txikiagoan, bertan hurrean, Villaberdegana edo Villafrabide ditugu. Toponimo nagusiak, lehenengoak, agian orduko administrazioak ipiniak dirateke, baina bigarrenok, duda barik, bertako biztanleek, nekazari edo artzainek.

    Euskara galdu duten neurrian, hiztunek hemen ere itxura berria eman diete sarri euskal izen zaharrei. Hala, Bernedo aldean, XVIII. mendeko dokumentazioan ageri diren Zubiaurre eta Bolinbide izenak, Zurrable eta Bolimbre bihurtu dira denborarekin.

    Arabako mendialdea, “Montaña Alavesa”, deritzanean, Maeztu aldean, Bernedo partean baino beranduago galdu zela begi bistakoa da, euskarazko toki-izenak askoz trinkoago eta garbiago ageri direlako besteak beste. Maeztu aldeko izenak dira: Basalau, Usasolo, Piparduia, Zokozarrate, Mendiandia, Basabarri, Solarte, Tellazar, Korresbidea.

    Arabako lurralderik gehienean, lautadan, euskarak atzerakadarik handiena XVIII. mendean izan zuen, datuen arabera. J. M. Barandiaranek argitaratu zuen aspaldi, Araban euskararen egoera 1787an zein zen argitzen duen dokumentu interesgarri bat Lorenzo Prestameroren (1733-1816) ondaretik hartua. Euskara dela-eta hau dio:

    “Hablan el idioma bascongado muchos pueblos de la Vicaría de Vitoria, todos los de Gamboa, los mas de la de Salvatierra, los de la de Mondragon, Cigoitia, Zuya, Orduña, Ayala, Orozco y Tudela, en los quales a lo menos serian inutiles los Curas de concurso abierto, que ignorasen este idioma”.

    XIX. mendean zehar aldendu zen euskara Aiarako konderri zaharretik eta Arabako lautadan Gasteizen ipar eta ekialdera dauden hurreko herritxoetatik. Laudion, ostera, XIX. mendearen azken aldera arte bizirik iraun zuen. Bada hiri horretarako eginiko euskal dotrina bat, 1828an bertako abadeek inprimarazi zutena, eta 80ko hamarkadan berriro argitaratu zena. XIX. mendearen azken herenean euskara egiten zen oraindino, ez bakarrik Laudion, baita Murgian eta Larrea aldean ere.

    Gaur egun Aramaion eta Oletan bizi-bizirik dago oraindik bertako euskara, eta Legution, Elosun eta beste herritxo batzuetan ere egiten da oraindik, gutxienak badira ere.

  3. Euskara Errioxan eta Burgos iparraldean

    Errioxa eta Burgosen iparraldeko lurretan toponimia ugaria dago euskal jatorrikoa. Han euskaldunak bizi izan ziren seinale da hau.

    Auzi zaharra da euskara noiztikoa dugun alderdi horretan: ea erromatarren aurretik egiten zen ala errekonkistaren ondorioz zabaldu zen, goragotik hara bizitzen joaniko euskal jendeak ekarrita. Kontua ilun dago, baina erromatarrak etorri aurretik paraje horretan euskara egiten zelako ustea dago gaur egun; badira horren zantzuak. Hala ere, errekonkistaren ondorengoak dira daturik seguruenak.

    Errioxan, euskal toponimoak ugarien ageri dituen alderdia Ojacastroko ibarra dugu; hango herri batzuetan gaztelaniazkoa baino ugariagoa da euskal toponimia. Izan ere, Errioxa Goienean eta honen mugakide diren Burgos probintziako lurretan sustraituago egon zen euskara Erdi Aroan, Errioxaren erdi eta behealdean baino.

    Gaztelarrek arabiarren kontra eginiko erasoen ondorioz libre geratu ziren lurraldeetara goialdeko jendea etorri zen bizitzen; Araba eta Bizkaikoa zela pentsa daiteke. Horri esker sendotu egingo zen euskararen presentzia libre geratutako lurrotan.

    Baliteke lehen ere euskal izenak egotea lurralde horretan, zeren autrigoien leinu zaharraren lurrak Errioxa Goien eta Burgoseraino heltzen baitziren. Den lez dela, ziur dakiguna da Erdi Arotik aurrera euskal izenok ugari azaltzen direla hor, toponimia nagusian ere bai, baina batez ere txikian. Euskal toki-izenik gehien Oja, Tirón eta Arlanzón ibaien ibarretan datza.

    Toponimiaz eta osterantzean ditugun datuen ezaugarriek erakusten dute, horko euskara sartaldekoa zela, gaurko bizkaieraren taiukoa. Gonzalo de Berceoren Milagros de Nuestra Señora obran ageri den Don Bildur goitizenak ere sartaldeko euskara islatzen du.

    1. Errioxa

      Ebroz azpiko Errioxa Goienean diren toki-izenen artean, aipagarriak dira -uri osagaia dutenak, sartaldeko euskararen ezaugarria: Herramelluri, Otxanduri, Ollauri, Galbarruri. Adjektibo ezagunak osagaitzat dituztenak ere, zar, barri, eder, ageri dira: Altuzarra, Ulizarna, Sajazarra, Barria, Benederra. Espazio-adierazle diren izenak ere bai, barren, gain, garai, ondo, urruti, honako izenetan: Aiabarrena, Zilbarrena, Ezkarai, Espurgaña, Barranco-ondo, Aldeurrutia. Berdin toki-izenetan zabal dabiltzan beste izen batzuk, etxe, iturri, bizkar, ola, ondoko toki-izenotan: Fonzaletxe, Zeleturria, Bizkarra, Zabarrula.

      Errioxa

      Merino Urrutia ikertzaileak, inguruotako toponimia aztertu ondoren, zalantza gutxi dagoela dio, Errioxan eta Gaztelako Bureban euskara egiten zela Erdi Aroan.

      Goi Errioxako gainerako lurraldean XIII. mendea baino lehen atzera egin zuen euskarak erromanizazioaren aurrean. Donemiliagako monasterioa hurbil egoteak ere horretan eragina izango zuen beharbada. Han inguruetan euskara-aztarren asko daude. Hala Donemiliaga eta Valvanerako Kartularioetan euskal toponimia ugaria dago.

      Ojacastroko ibarra geografiaz bakartuago egoteak lagundu zuen, agian, hor euskarak luzaroago irauten. Noiz arte ziur ez dakigu baina, XIII. mendean behintzat indarrean zegoen, eta hango toponimiaren gardentasuna eta ugaritasuna kontuan harturik, pentsa daiteke askoz beranduago ere hala zela. Izan ere, gutxi desitxuratuak dira hango toponimoak.

      Bada XIII. mendeko auzi-agiri bat, “Don Morielen fazaña” deritzana, euskara auzigai duena. Han adierazten denetik, Ojacastroko biztanleak mende horretan euskaldunak ziren eta lege aurrean euskara erabiltzeko eskubidea bermatua zuten. Epaile aurrean euskara egiteko eskubidea aitortzen duen auzi-izkribu hori mende horren 30eko hamarkadakoa da, jaun hori Gaztelako merino edo epaile nagusi zen aldikoa. Hala dio:

      “De una fazanya de Don Morial Merino Mayor, et del Alcalle de Oia-Castro. Esto es por fazanya que el Alcalle de Oia-Castro mandó prendar D. Morial, que era Merino de Castiella, porque juzgara que el ome de Oia-Castro, si le demandase ome de fuera de la Villa o de la Villa, que el recudiese en Bascuence. Et de sí sopo Don Morial en verdad, que tal fuero habían los de Oia-Castro, e mandol dexar e dexaronle luego, e que juzgase su fuero”.

      Ibarreko hiri nagusiko (Ojacastro) eta beste herrietako biztanleek foruz onartua zuten eskubide hori. Mende horretan, hirian zein ibarreko beste herriotan euskara egiten zen seinale.

    2. Burgos iparraldea

      Errioxa Goienarekin muga egiten duen Burgosko lurraldean ere euskal jatorriko toponimia ugaria da, batez ere San Vicente, Juarros, Valdelaguna eta Burebaren goi partean. Ibar hauek Belorado, Salas de los Infantes eta Burgosko epaitegi-barrutiei dagozkie, eta guztiok Tirón, Oca eta Arlanzón ibaien goialdean kokaturik daude.

      Burgos Iparraldea

      Errioxarekin mendiz muga egiten duten San Vicente eta Valdelagunako ibarren goi parteak menditsuak dira eta euskal izenetan ugariak. Beheko lautadetan, ostera, guda-gertaera ugari jasan zituzten lurraldeak izanik, euskal aztarrenak bakanago ageri dira. Inguruotan euskal toponimo asko daude oso aspaldikoak: Larrehederra, Gomenzubi, Otxaranna.

      Denboraren aldetik, esan daiteke bai Errioxan eta bai Burgosen aldi bertsuan egiten zela euskara eta aldi bertsuan galdu ere. Batean eta bestean orografia menditsua izateak lagunduko zion euskarari luzaroago irauten.

  4. Euskara Enkarterrian

    Bizkaiko Enkarterriak historian zehar lotura estua izan du Bizkaiko gainerako lurraldearekin. Ibaizabalen ezkerraldeko herriek, batez ere Barakaldo, Gordexola eta Gueñes inguruak, euskal toponimia aberatsa dute. Apur bat harago, Zalla, Galdames, Sestao eta Portugalete inguruan, euskal toponimoen kopurua oraindik ere handia da, baina ez hain trinkoa. Goi Enkarterrian, Karrantzako Ibarrean, badira zahar usaineko toki-izen batzuk, euskararen arrastoa dutenak. Eta apur bat haruntzago, erromantzea nagusi den eremuetara ere heltzen da euskal toponimiaren sustraia; hau da, Castro Urdiales, Asón ibaiaren ibarra eta Burgosko Mena Ibarrera.

    Enkarterrien hegoaldea, Uribeko merindadea eta Arabako Okendo eta Artziniegako lurrak jotzen dagoena, askoz aberatsagoa da euskal toki-izenetan, baina eskualde honetatik urrundu ahala, gero eta bakanago bihurtzen da eta erromantzearena ugariago.

    XVII. mendean, eta beranduago ere, Enkarterrien sartaldean euskara egiten zen. Agirien bidez dakigu esaterako, Bizkaiko Batzar Nagusietara Barakaldotik zetozen ordezkariak euskaldunak zirela.

    XIX. mendean oraindino Galdames eta Gordexolan euskara egiten zen ezaugarriak badira. Sopuertatik sartalderantz askoz lehenago desagertuko zen, egin izan bada behintzat.

Aurkezpena | ... >> 11 >> 12 >> 13 >>...
Fecha de la última modificación: 26/12/2007