Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskaraldia proiektuaren garrantzia nabarmendu du Udaltop jardunaldietako hasiera ekitaldian

2018.eko maiatzak 17

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Udaletako Euskara Zerbitzuen arteko topaketen hasiera ekitaldian izan da gaur, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Udaltopek bere hamargarren edizioa ospatuko du aurten, ‘Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak’ izenburupean, eta euskara zerbitzuetako 270 ordezkari bilduko ditu bi egun hauetan.

Zupiria sailburuak hitza hartu du topaketa hauetako lehen jardunaldian, eta Euskaraldia proiektuaren garrantziaz hitz egin du: “Bost hamarkadotan euskararen batasuna arrakastaz kontsolidatu dugu, hezkuntzaren munduan orokortu dugu, gure unibertsitatean sartu da eta pisua handia lortu du, eremu digitalean sartu dugu Estatu diren hainbat nazioetako hizkuntzen aurretik… Hainbat mendeetan lortu ez zena, denon artean lortu dugu. 'Euskararen historia' liburua kaleratu dugu orain gutxi, UPV/EHUrekin batera, eta azken kapituluan 50 urte hauetan izandako berreskuratze prozesua azaltzen da. Orain liburu horren orrialde berriak idazten ari gara, eta seguruena Euskaraldia proiektua azalduko da nabarmenduta horietan”.

Zupiria sailburuarekin batera, Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidenta; Jesus Zaballos, Lasarte-Oriako alkatea; eta Jon Antxordoki, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko presidentea izan dira hasiera ekitaldian, Pilar Kaltzadaren, Linking Ideas Estrategia eta Komunikazio enpresaren zuzendariaren gidaritzapean.  

Osteguneko jardunaldia

Gaurko jardunaldia Galesen hasi da, Colin H. Williamsek, Cardiff eta Cambridge Unibertsitateko ohorezko irakasleak, eskaini duen ponentziarekin. Williamsek “Gizarte aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketa Galesen” aurkeztu du.  Jarraian,  Alaitz Villate eta Koldo Iturberen eskutik “BAT eta BAT HAMAIKA. Beste urrats bat aspaldiko elkarlanean Getxon” esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Edizio honetan Euskaraldia oinarri denez, Eneritz Rekartek, Jenofa Berhokoirigoinek eta Rita Aldabaldetrekuk “Nola antolatzen ari da 2018ko Euskaraldia? Prestakuntzaz, BAM; arnasgune eta bailara izaeraz, Baztan; eta prozesuaz eta sare lanaz Zarautz” azalduko dute. Horien testigua Amaia Baldak, Imanol Larreak eta Zesar Martinezek hartuko dute, “Bi gehi bi lau ez direnean: herrigintzaren magia. Hamaika gako herritarren aktibazioan” izenburupean ponentzia eskainita. Goiza amaitzeko Josune Zabala “Behin honetara ezkero… neurrialdia ere bai!” eta Pablo Suberbiola “Ulermena aktibatzeko metodologia berriak prestatzen” ponentziak eskainiz izango dira oholtza gainean.

Euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta hainbat esparruetako langileen tripa zorriak kentzeko asmotan eguerdi partera Araeta Sagardotegira joango dira. Udaltopak eta bazkariak bide emango die sorpresaz betetako arratsaldeko jardunari, besteen artean, Aitor Unanueren “Armairutik atera ginenekoa: testigantzetatik aurtengo praktiketara?” eta “Euskaraldia puntaz punta” ponentziei. Armairuan gordeta geldituko diren momentuak biziko dira hamargarren honetan. 

Ostiraleko jardunaldia

Biharko jardunaldian, arreta berezia bereganatuko du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin gauzatzen ari diren “Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak” proposamen berriak. Dena den, goiza, Pello Jauregiren “Hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora” hitzaldiak zabalduko du.

Proposamenaren aurkezpenak ekarpen lanerako aukera izango du eta Udaltopeko parte hartzaileek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute horretara bideratuko den saioan. Lantegiek bide emango die Ane Barrusoren eta Estepan Plazaolaren “Maleta bete belarritako” eta Ainhoa Mendibilen eta Jon Ander Loidiren “Eta PRESTatzen badugu lan mundua?” hitzaldiei.

Hamargarren edizioak merezitako agur berezia izango du Muxote Potolo Bat-en muralaren eta txelo baten soinuaz emanaldiarekin agurtuta hurrengo urtera arte. Pello Ramirezen, biolontxelo-jolearen, eta Uxue Alberdiren, bertsolariaren, melodia eta hitzen azpian ezkutatutako zaigu aurtengoa. Datorren urtera begira.