Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak Euskal Herrian.
Euskal Kultur Erakundea. Uztaritze, 2005eko iraila


Kulturaren eta nortasunaren ikusmolde eta praktikaren gaineko inkesta egin zuten Euskal Kultur Erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak Euskal Herrian 2004an eta 2005ean zehar. Oroz gain, lau gai nagusi aztertu zituen inkestak; alegia, lurraldea, nortasuna, hizkuntza eta kultura. Emaitzak joan den irailaren 17an aurkeztu zituzten eta irakurgai dira EKE ren web gunean.

4.000 lagun baino gehiagori zuzendu zioten eragileek inkesta. Haietarik denak 16 urtez gorakoak izan dira; 1.600 Ipar Euskal Herrikoak. Bestalde, inkesta kuantitatiboa ez ezik azterketa kualitatiboa ere egin da: hau da, galdesorta bidezkoa egin da -3.822 laguni-, bai eta buruz buruko elkarrizketak eta eztabaida taldeak eratu ere -200 bat inguru-. Azterketaren garrantziaz jabe gaitezen, esan dezagun lehen aldia dela hainbeste arlo ukitzen dituen horrelako inkesta bat Euskal Herriko eskualde guztietan egiten dena.

Esan bezala, lau alderdiri begira jardun du inkestak: lurraldea, nortasuna, kultura eta hizkuntza. Lehenengoari dagokionez, eta haren definizioari buruzko ohar bat azpimarratzekotan, ondokoa: herritarrek "Euskal Herriaren irudipen historikoa (edo mitikoa) daukate, zazpi herrialdeei identifikatuz, bereziki euskaldunek eta berrogei urtekoek. Hegoaldean, herriaren irudipena erakundeetarik hurbilago dago: autonomiak du herria eraikitzen. Iparraldean, herria barnealdeari identifikatzen diote, non ere euskaraz gehienik hitz egiten baita".

Nortasunaren gaineko atalean, eta nortasunaren baldintzak gogoan harturik, inork bere burua euskal herritartzat sentitzeko bete behar dituen bi baldintza garrantzizkoenak seinalatzeko agindu eta, Iparraldean, "Euskal Herrian sortua izatea" da maizen aipatzen dena; ondoren, "euskaraz hitz egitea". Baina, ezberdintasun handiak dira lurralde batetik bestera. EAEn, euskal herritar izan nahia, herrian bizi eta lan egitea, eta sorlekua bertan izatea dira hiru baldintza nabarmenenak; askoz urrunago, berriz, euskaraz hitz egitea.

Nortasun sentimenduen gainean bada beste jakingarririk ere. Adibidez, hona aldatuko dugun hauxe: Ipar Euskal Herrian, gehiengoa frantses eta gehienik frantses sentitzen da (% 52). Nafarroan, gehiengoa nafar sentitzen da (%38). EAEn, euskal herritar eta gehienik euskal herritar sentitzen direnak %75 dira.

Inkestak lantzen duen hirugarren atala hizkuntzarena da. Hemen ere hainbat alderdi ikuskatu dira: ama hizkuntzari buruzko ikerketa, hizkuntz gaitasuna lurraldeetan, hizkuntz gaitasuna adinaren arabera, hizkuntz gaitasuna eskualdeka Iparraldean, hizkuntzaren irabaziak eta galerak, etab. Gainera, zein hizkuntzatan hitz egiten duten errazen ere galdetu zaie euskaldunei ("frantsesez edota espainolez", gehiengoaren erantzuna: %46 Iparraldean, %43 Nafarroan, %44 EAEn). Halaber, euskara ikasteko motibazioak eta euskal izenak atxikitzearen aldeko edo aurkako jarrerak ere aztertu dira: "(oso) alde" dira gehienak.

Inkestaren laugarren eta azken atalean, kulturgintza da ikergaia. Euskal kultura definitzeko eskatu zaie galdekatuei, bai eta euskal kulturaren alorrik behinenak izendatzeko ere (euskara, %16; kantua, %14; dantzak, %14; pilota, %12...). Horrez gainera, sostengatu behar diren ekintzei buruzko iritzia eta praktika kulturalak ere zerrendatu dira. Iparraldean, hasteko, euskaldunek ez diete lehentasunik ematen euskara erabiltzen duten ekintzei. Bertan praktikatzen diren ekintzei dagokienez, zinema, kontzertuak, dantzak, museo eta monumentuen ikusketak eta antzerkia ditugu. Atal honetan, bestalde, euskarazko hedabideen erabilera, kirolak eta kultura globalizatua ere aintzat, eta aztergai, hartu dira.

EKEk eta Eusko Ikaskuntzak egina duten inkestak, "ondorioak eta etorkizuna" izenburupeko atala du amaitu aitzin. Bertan, paragrafo bat, zinez irekia, lan osoa laburbiltzen diguna eta Euskal Herriaren argazkia egiten: "biziki berezia euskararen aldeko atxikimendua eta nortasun sentimendu bizkorra direla-ta; oso anitza sinesmenen aldetik, kirol eta kultura praktikaren aldetik, elkarte dinamikaren aldetik. Gauza guztiak bilakaeran daude: lurraldearen kontzeptua, hizkuntza eta kultur adierazpenak eta bereziki nortasunaren sentimendua. Hain segur, horra zergatik laginaren gehiengo handiak ez duen globalizazioaren beldurrik".

Gure aldetik, horixe azpimarratuko genuke: "gauza guztiak bilakaeran daude".

(Inkesta jakingarriaren emaitza denak, EKEren web gunean aurki daitezke)

 

 

 

 

Azken eguneratzea: 2006/03/16