AITCHISON, J., CARTER, H., Spreding the Word. The Welsh Language 2001, Gales: Y Lolfa Cyf, 2004


  Galesaren egoeraren berri ematea du helburu lan honek. Egileek 2001eko zentsuaren araberako emaitzak hartu dituzte oinarri. Era berean, aurretik egindako zenbait azterketari erreparatzen diote, eta milurteko berrian galesak duen leku objektiboa zehazten dute, urteen joanean hizkuntzak egindako atzera-aurrerak kontuan harturik.

Esanahi handikoa dugu liburuaren hasieran egileek ematen diguten informazioa. Sarrerakoan, besterik adierazi baino lehen beti ere, Galesko hizkuntzaren beherakadaren  hasiera 1284an kokatzen dute Aitchison eta Carter irakasleek.Hauek idatzi dutenez, ingeles estatua garatzen hasi zen garaian, Gales izan zen, Erresuma Batuaren lur periferikoen artean, integraturik gertatu zen lehenengo komunitatea. Egileen arabera, harrezkero ez da Galesen aipamenik, ez gales hizkuntzaren ez kulturarenik ere britainiarren historia lantzen duten publikazioetan.  Entziklopedia Britanikoak duen aipu higatuenetako batek, adibidez, “Gales. Ik. Ingalaterra” dio; alegia, indarrean irauten duen jarreraren erakusgarri da hori, Aitchison eta Carterren arabera.

Egileek Galesko hizkuntzaren azterketa historiko eta geografikoak eguneratzea dute helburu eta 2001eko zentsuak erakusten dizkien emaitzak hartu dituzte oinarri.Bigarren Mundu Gerraz geroko egoeratik abiatzen dira, alegia, galera handiak gertatu ziren garaitik. 60ko hamarkadan %26.0tik %20.8 izatera jaitsi zen gales-hiztunen kopurua. Hurrengo hamarkadan %18.9ra jaitsi zen, eta %18.6ra 80koan. Eta hiztunak galtzen segitzen du oraindik… Egileek galera horren nondik norakoen berri ematen dute sarreran eta Galesko populazioaren banaketa, testuinguru urbano eta ruralak, adin-piramideak eta inguru sozial eta ekonomikoak kontsideratzen dituzte. 2001eko zentsuak eskaini dizkien indikatzaile berak aztertzen dituzte lehenengo atalean, aurreko urteetako egoeraren berri ere emanez.

2001eko zentsuan hizkuntzaren ezaguerari buruz jarritako galderak zehazten dizkigute liburuko bigarren atalean: “gales mintzatua ulertzen du bakarrik”; “hitz egiten du, baina ez du irakurtzen, ez idazten”; “hitz egin eta irakurtzen du, baina ez du idazten”; “hitz egin, irakurri eta idazten du”; “abildadeen beste zenbait konbinazio”; “ez daki batere galesez”. Galderak eginda, erantzunak aletzen dituzte egileek liburuaren hurrengo kapituluetan.

Gales hizkuntzaren ezagutzari eta ulermenari buruz ari dira hirugarren atalean. Populazioaren % 28.4k du galesaren nola-halako ezagutza. Kontuan hartu behar da, hala ere,  zenbait alderditan %60k baino gehiagok duela nola-halako ezagutza hori, eta beste zenbait alderditan, aldiz, %15ek baino gutxiago dakiela, nolabait, galesez.  Atal honetako informaziori atxiki eta galesez mintzo den populazioari begirakoa da laugarren atala.  Bertan, hiztunen kopuruen berri ematan da, eskualdez eskualde, eta 1991ko eta 2001eko emaitzak alderatzen.  Emaitzen arabera, hamarkada horretan hazi egin da (%1.8) galesez hitz egiteko gai den biztanleen kopurua..

Bosgarren atalean, gales hiztunen azterketa xeheago bat aurkezten zaigu, hiztun haiek hitz egiteko, irakurtzeko eta idazteko duten gaitasuna: 3 urtetik gorako populazio osoaren  %16.3k hitz egiten, irakurtzen eta idazten du galesez.Galesez  zer edo zer dakitenen artean, kopurua %57.4koa da; hitz egiten dakitenen artean, %79.6raino igotzen da ehunekoa. Emaitzak, hala ere, erabat aldatzen dira eskualderik eskualde, eta hain justu, eskualdeen hizkuntza-argazkia egiten da seigarren atalean.

Azken atala baino lehen, hizkuntza, jaiotza-lekua eta etnizitatearen gaineko gogoeta egiten zaigu liburuan. Zentsuaren araberako datuek erakusten dutenez,  jendearen harat-honatek eta migrazioek uste baino eragin handiago dute hizkuntzaren egoeran. Halaber, jaiotza-lekuaren garrantzia ere azpimarratzen dute egileek, jaiotza-lekuak norbanakoari talde etniko bateko kide izateko sentipena areagotzen diolakoan.

Eta, azken atalera heldurik, hainbat ohar egiten dituzte Aitchinson eta Carterrek. Oraindik galesez hitz egiten duen  “gotorlekuaz” mintzo dira irakasleak, %50 galesez hitz egiteko gai den guneaz, alegia. Eskualderik eskualde gertatzen diren ezberdintasunak handiak dira, ordea, eta dudakoak dira hizkuntzak egin dituen aurrerakadak, Saunder Lewisek egindako gogoeta kontuan: alegia, hizkuntzak benetako “bizitzeko hizkuntza” izan behar duela helburu harturik.

Galesaren egoera ezagutzeko abiapuntuzko liburua baino areago da Spreading the Word hau.Autoreek bat egiten dute hizkuntza-komunitatearen nahiarekin eta Galesko parlamentuak 2002an egindako “Etorkizun elebiduna”, aldarrikapenarekin, bai eta horretarako ezarritako bideekin ere.Horri dagokionez, Galesaren Hizkuntza Bulegoa dute esperantza. Aldarrikapenaren arabera, Hizkuntza Bulego horrek “hizkuntza bultzatu eta sustatuko du Galesko bizitzaren alor guztietan”.

AURKIBIDEA

Preface

1.      Introduction

2.      The 2001 Census

3.      Knowledge adn Understanding of the Welsh Language

4.      The Welsh-speaking Population

(i)     Distribution 2001

(ii)    Change 1991-2001

(iii)   Urban and Rural Contexts

(iv)  Age Profiles

(v)    Social and Economic Contexts

5.      Literacy Profiles: Speaking, Readingand Writing

6.      Language Regions

7.      Language, Place of Birth and Ethnicity

8.      Sumary Review

References

Appendix

 

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Ingelesa
  • Argitaletxea: Y Lolfa
  • Urtea / hila: 2004
  • Orriak: 160
  • ISBN: 0862437148
Azken eguneratzea: 2006/02/13