Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza

Titularra: Javier Bikandi Irazabal

Agintaldia: 2016/11/28 - 2020/11/28
Inprimatu

EGINKIZUNAK

1.– Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

  1. Zerbitzu publikoak berritzeko eta horien kalitatea hobetzeko, sailen arteko planak prestatu, koordinatu eta bultzatzea, eta administrazio publikoetan administrazio elektronikoa ezartzea, dela administrazio-prozeduretan, dela gai publikoen kudeaketan.
  2. Antolaketaren eta prozeduraren arloko xedapen orokorren proiektuak, ekimenak eta arau-gidalerroak prestatu eta proposatzea, horiek sinplifikatzea eta horien kalitatea eta gizarterako eraginkortasuna hobetzea bilatuz.
  3. Erakunde instituzionalen barne-egituraketaren, antolaketaren eta sorreraren arloko sailaren jarduerak, eta erakunde horiek ezartzen dituzten xedapen orokorrak aztertu eta ebaluatzea; eta, halaber, administrazioko sail eta erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea antolaketaren eta prozeduren arloan.
  4. Euskal Autonomia Erkidegoaren Herri Administrazio osorako diren telematika-izapideetarako zerbitzuak aitortu eta kudeatzea, besteak beste, agiri-erregistroa, telematika-jakinarazpena edo paper-egiaztagiriak baztertzea xede duten datuen truke automatikorako baimenak.
  5. Zerbitzuen berrikuntzako eta kalitatearen hobekuntzako ereduak eta lantresnak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea, eta gobernantza-sistemak ezartzea.
  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea.
  7. Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere.
  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak Interneten duen presentzia-eredua zuzendu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea.
  9. Administrazioek eta sektore publikoko organismoek landutako eta zaindutako informazioa jendearen eskueran jartzea, informazioa berrerabiltzeko, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatuta.
  10. Intraneta diseinatu, garatu eta kudeatzea, talde-lana, ezagutza partekatua eta antolamendu-ikaskuntzarako tresna izan dadin.
  11. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren dokumentu elektronikoen kudeaketa-politika definitu eta eguneratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan ezarritako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusiaren eginkizunen kalterik gabe.

2.– Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria izango da organo horren batzordeburua.