Jaurlaritzak bi eskuliburu praktiko aurkeztu ditu gardentasuna eta herritarrek politika publikoetan parte har dezaten areagotzeko

2016.eko urtarrilak 22

  • Doako bi argitalpen dira, bi hizkuntzatan eta deskargatzekoak. Formatu berritzailea ere badute, bi bidaia-gida izango balira bezala, eta funtsezko elementu guztiak dituzte euskal erakundeak gardenagoak izan daitezen eta herritarrei parte hartzeko aukera eman diezaieten.
  • Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, ELKARLAN 2015 sariak eman dizkie Euskadin Fiare proiektua babesteko elkarteari, Uliako auzo-elkarteari eta Wiki Toki elkarteari gizarteari eginiko ekarpenagatik, izaera berritzaileagatik, eredugarri izateagatik eta antolatu eta jarduteko gaitasunagatik.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Gobernu Irekiko eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Luis Petrikorenak eta Javier Bikandik parte-hartzeari eta gardentasunari buruzko eskuliburuak aurkeztu dituzte gaur goizean: «Bidaia-gida. Parte-hartzea. 100 esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako orientabideak» eta «Gardentasunean ontziratuko gara, eskifaiaren eskuliburua. Onik porturatzeko gidaliburua».Bi argitalpenok doakoak dira eta bi hizkuntzatan daude eskuragarri online, Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialean: www.euskadi.eus

Bi argitalpen horiek formatu original eta dibertigarria dute, bi bidaia-gida izango balira bezala aurkeztuta baitaude. Erraz eta modu atsegin batez irakurtzeko modukoak dira gai publikoetako parte-hartzera zein euskal erakundeen gardentasunera hurbildu nahi duen ororentzat. Bi gidek, era berean, bide-orri edo erabilera-eskuliburu ere izan nahi dute lan egiteko erak parte-hartzearen eta gardentasunaren eskakizun berrietara egokitzea erabakitzen duten EAEko administrazio publikoentzat.

Eusko Jaurlaritzak «Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria»n hartutako konpromisoetan ageri dira, besteak beste, aipatutako bi eskuliburuak. Euskadiko administrazio publiko batek egin duen ezaugarri horretako lehena izan da liburu hori; 400 pertsona inguruk eta era guztietako 150 erakundek parte hartu zuten horren prestaketan.

PARTE HARTZEA

Administrazio publiko guztiek abiarazi nahi duten edozein parte-hartze prozesu hasi, garatu eta ebaluatu ahal izateko gakoak biltzea du helburutzat «Bidaia-gida. Parte-hartzea. 100 esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako orientabideak» liburuak. Parte hartzeko prozesuaren fase guztiak zehaztu, zerrendatu eta azaltzen ditu, horietako bakoitzean nola jardun zehatz-mehatz azalduta, eta prozesuaren autoebaluaziorako eskuliburu bat ere jasotzen du. Eskuliburua «QR» irakurketa-kodeko formatu original batean ere badago jasota; horrek sareko hirugarren argitalpen batera eramango gaitu, eta parte-hartze esperientzia eraginkortasunez neurtzen irakatsiko digu.

Parte-hartzeari buruzko gidak 3 atal ditu:

  • Bidaia prestatzea: parte hartzeko prozesu bati ekiteko oinarrizko eta beharrezko diren alderdiak hartzen ditu barnean; besteak beste, herritarren parte-hartzea arautzen duen egungo legedia, parte-hartzeari buruzko historia eta azkenaldiko adibideak, arriskuak, kontuan hartu beharreko neurriak eta parte hartzeko prozesua hasi aurretik sustatu beharreko baldintzak, bai eta horrelako prozesuen oinarrian egon beharreko balioak ere (hots, gardentasuna, komunikazioa, zintzotasuna, plangintza eta ebaluazioa).
  • Bidaia: eragingo dugun errealitatea aztertzea eta kasuan kasu parte hartu beharreko eragileak zehaztea garrantzitsua dela nabarmentzen du, bai eta prozesua hasi aurretik horiek behar bezala informaturik egon beharra ere. Helburuak zehatzak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta errealistak izan behar direla eta denbora-muga eduki behar dutela ohartarazten du.
  • Bidaiaren ostean:parte hartzeko prozesua amaitutakoan, gizarteratzea ezinbestekoa da, ezagutaraztea, alegia; esperientziaren alderdi positiboak zein negatiboak, ikasitakoa eta ondorioak helaraztea, era horretan etorkizunean izan beharreko jardunbideak eta jarduerak finkatzeko. Herritarren ekarpenak eta gomendioak Euskadiko politika publikoen plangintza, inplementazio eta ebaluazioan jasotzeko gauza ere izan beharra dago, ahal den neurrian betiere, eta hori ezinezkoa denean, prozesuan parte hartu duten herritarrei gutxienez, justifikazio zehatza eman behar zaie.

GARDENTASUNA

 «Gardentasunean ontziratuko gara, eskifaiaren eskuliburua. Onik porturatzeko gidaliburua» gida teknikoagoa da, langile publiko eta politikoentzat. Oinarrizko kontzeptu eta printzipioak argitzea du helburutzat, eta ideiak zein tresnak ematea kudeaketa publikoa gardenagoa izan eta herritarrei irekiago egon dadin.

Funtsezko honako alderdi hauek jorratzen ditu, besteak beste: datu publikoak nola tratatu egiaz erabilgarriak izan daitezen; herritarrek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea bermatzearen garrantzia; administrazioak herritarrei erantzuteko epeak; datu pertsonalak babesteko betebeharra; gardentasun handiagoa egoteko aukera ematen duten antolamendu-ereduak; gardentasuna kontrolatzeko organoak, eta abar.

ELKARLAN SARIAK

Gainera, gidaliburuak aurkezteko ekitaldian ELKARLAN 2015 sariak ere eman dituzte. Lehen aldiz emandako sari horien bitartez gizarte-eragileen parte-hartzea sustatzea ez ezik, gardentasuna bultzatzea zein herritarrei entzun eta kontsulta egitea ere bultzatu nahi dute.

Epaimahaiak hiru gizarte-erakunderi 6.000na euro ematea erabaki du aritzen diren esparruan horien proiektuek zer eragin duten, izaera berritzailea, eredugarri izatea eta antolatu zein jarduteko gaitasuna aintzat hartu ondoren:

  • Wiki Toki Elkartea: Bilboko San Frantzisko auzoko elkarlaneko jardueren laborategi bat da. Harreman era berriak esperimentatzen dituzte; profesionalen eta amateurren arteko, gizarte zibilaren eta agente publiko eta pribatuen arteko hibridazioa eta/edo baterako sorkuntza (diziplina eta esparru ezberdinen artean). Harreman, antolamendu, ikerketa, sorkuntza, ekoizpen eta kontsumo era berrien inguruan esperimentatzeko aukera dela azaltzen dute bultzatzaileek.
  • Euskadin Fiare proiektua babesteko elkartea: Bestelako eredu finantzarioa eraikitzeko sortu zuten banka etikoko proiektu bat da. Prestatzen urte askoan egon ostean, gaur egun, Fiare Banka Etikoak argi erakusten du antolatutako herritarrak gizarte bidezko, kontziente eta arduratsuagoa eraikitzeko proposamen eraldatzaileak egiteko gauza direla. Finantza etikoak eta gizarte-ekonomia solidarioa bultzatzeko egiten duen lana nabarmentzen da.
  • Uliako Auzo Elkartea: Uliako (Donostia) antzinako udal-mintegiak berrerabiltzeko asmoz sortutako proiektua da, mintegi horiek herritarrek erabili eta gozatzeko moduko parke publiko handi bat bihurtzeko. Proiektuak 9 hilabete baino ez daramatza abian, baina erreferentea da jada Donostiako ingurumenaren eta kulturaren arloko jarduera-agendan.