Hiri-plangintzan genero-ikuspegia sartzen duten udalentzako laguntza berriak

  • Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak berriz ere diruz lagunduko ditu beren hirigintzan emakumeentzako sarbide-berdintasuneko eta segurtasuneko irizpideak jasotzen dituzten udal-planak
  • Guztira, 16 udalek lortu zituzten iaz diru-laguntzak, laguntzen lehen deialdian

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hirigintza inklusiboari buruzko 2018ko laguntzen deialdia ireki du; helburua da genero-ikuspegia sartzea udal-plangintza eta -hirigintzan, eta, besteak beste, gizonek eta emakumeek lurraldeko baliabide eta ekipamenduetara sarbide-aukera bera dutela eta espazio publikoetan emakumeen segurtasuna areagotzen dela bermatzea. 

Deialdiak, guztira, 200.000 euro ditu, eta udal hirigintza-planetan genero-ikuspegia eraginkortasunez integra dadin du helburu, lehentasunezko ekintzakoak diren lau arlo tematikoren inguruko ekintza estrategikoen bidez: lurralde-antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-ingurunea eta gobernamendua.

Lurralde Plangintzako Sailburuordetzak iaz martxan jarri zuen laguntzen ildoaren bigarren edizioa da, eta, iaz, 24 udal eskatzaileetatik 16k diru-laguntza lortu zuten. Lehen deialdi horretan, honako udalerri hauen eskaerei erantzun zitzaien: Getxo, Durango, Erandio, Basauri, Leioa, Lemoa, Zamudio, Lekeitio, Lezama, Amorebieta, Errenteria, Zierbena, Etxebarri, Munitibar, Ortuella eta Ispaster.

Genero-desberdintasunak nabarmenak dira ekipamendu eta zerbitzuak erabiltzeko premietan eta horietara jotzeko sarbidean; hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak berriz ere lagunduko ditu diruz besteak beste honako helburu hauek lortzen laguntzen duten hiri-plangintzako neurriak:

  • Emakumeen segurtasuna hobetzea espazio publikoan eta, horretarako, puntu beltzak ezabatu eta eraikin berriak eta espazio publiko diafanoak eta seguruak diseinatzea.
  • Etxeko lana eta pertsonak zaintzeko lana egiteko bide ematea, bai eta norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko ere, eta, horretarako, “zaintzaren hirigintza” sustatzea.
  • Mugikortasun-planetan emakume eta gizonek egiten duten garraio publikoaren erabilera desberdina jasotzea, eta emakumeak garraio publikoaren erabiltzaile nagusi direla, bidaiak arrazoi gehiagorengatik egiten dituztela, bidaia gehiago lotzen dituztela eta ibilgailu pribatura gutxiago jotzen dutela kontuan hartzea.
  • Ekipamenduak etxebizitzetara hurbiltzeko aukera ematea eta, horretarako, jarduera ekonomikoko eta bizitegi-jarduerako erabilera mistoko espazioak diseinatzea eta joan-etorrirako denborak murriztea.
  • Emakumeek herritarrek parteko prozesuetan eta hirigintza-plangintza horiek diseinatzeko eta gauzatzeko ekipo teknikoetan parte-hartze handiagoa izan dezaten sustatzea.

Arantza Leturiondo Lurralde Plangintzako sailburuordearen iritziz, hirigintza-plangintzak balio behar du “lurralde kohesionatua eraikitzeko, baita gizarte-ikuspegitik ere”, esan du diru-laguntza horien bidez “lurralde inklusiboaren eta finkatuaren oinarriak ezarri nahi dituztela eta, horretarako, udalei beharrezko tresnak eman”.

Arantza Leturiondoren hitzen arabera, helburua ez da inbertsio handiak egitea, baizik eta kontzientzia eta zehaztapena “hirigintza-politika erraz batzuk praktikan jartzeko, besteak beste: espaloi zabalak diseinatzea, kaleak ongi argiztatzea, espazio diafanoak, seguruak eta irisgarriak diseinatzea, garraio publikoen ibilbideak eta ordutegiak –nagusiki emakumeek erabiltzen dituztenak– beren premietara egokitzea edo markesinak gardenak direla ziurtatzea”.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 10ean amaituko da; eskabideak baliabide elektronikoen bidez izapidetuko dira. Diru-laguntza jaso ahalko dute Euskadiko udal guztiek, aurreko deialdian lan berentzako esleipendun izan zirenek salbu. Genero-ikuspegia duten dokumentuak prestatzeko beharrezko laguntza teknikoa kontratatzeko gastuak finantzatuko dira, gehienez 20.000 euroan, udal bakoitzeko.