29. Euskal Autonomia Erkidegoko Aireportu Plana.
Ekintza hau ez da bukatua izan. Datozen Legealdietan abian jarriko da.
Helburuak
Azken helburua euskal aireportu-sistemaren eraginkortasuna hobetzea da, egoera ekonomikoan eta enpleguaren hobekuntzan laguntzeko bide gisa.
Horretarako, helburu zehatzagoei aurre egin beharko die:
- EAEk bere aireportu-estrategia izatea, lurralde historiko guztietan lerrokaturikoa. Azken helburua aireportuak ekonomia-gune handi gisa bultzatzea da.
- EAErentzat aireportu-eredu bat zehaztu eta horren bidez aireportu sareak, aerodromoak eta heliportuak antolatzea. Eredu horrek barne hartuko ditu aireportu-plan gidariak, aireportu-hirien garapena edo intermodalitate-planen alderdi jakin batzuk.
- Aireportu Batzorde bat sortzea, aireportu-, hirigintza- eta lurralde-antolamenduko politikak koordinatu eta bultzatzeko tresna gisa. Era berean, Airetiko Bideak Garatzeko Batzordea sortzea (edo bat baino gehiago, lurralde historiko bakoitzeko), gure aireportuen arteko loturak hobetzeko baliabide gisa.
- Aireportu-sistema arautuko duen lege-esparrua landu eta onestea.
- Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-mekanismoak garatzea.
Aurrekariak
Aireportu-sistemaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, Estatuko Administrazio Orokorra lege-erreforma batzuk prestatzen ari da, bi helbururekin: autonomia-erkidegoek aireportu-politiken plangintzan eta kudeaketan parte-hartzea sendotzea, eta lankidetza esparru bat sortzea administrazioen artean. Horrek guztiak, finean, aireportu-batzordeak eta airetiko bideak garatzeko batzordeak sortzea ekarriko du.
Saila
Esku hartzen duten Sailak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila; interes orokorrekotzat jo ez diren heliportuetan eta aireportuetan eskumenak dituen heinean (Autonomia Estatutuko 10.32. artikulua).
Interes orokorreko aireportuetako eskumen autonomikoei dagokienez, badago horietan abioiei, bidaiariei eta salgaiei lurrean laguntzeko zerbitzuak sartzea onartzen duen jurisprudentziarik, baita ustiapen ekonomiko hutsezko zerbitzu batzuei ere, aireportuaren barrutian, betiere. Edonola ere, aurreikusita dago Aireportu Zibilen Kalifikazioari buruzko azaroaren 27ko 2858/1981 Errege Dekretua aldatzea, autonomia-erkidegoek aireportuen politikan duten parte-hartzea sendotzeko.
Gizarte-eragileek Partizipazioa
Aireportu Planaren abiapuntua parte hartzen duten entitate eta administrazio publiko guztiei helaraziko zaien eta jendaurrean jarriko den hasierako dokumentu bat izan behar da, ondoren, Planaren amaierako dokumentuan, egoki iritzitako proposamen eta aldaketak sartzeko.
Eraginak
Aireportuen lege esparrua estatu-mailako xedapen-zerrenda luze batek eratzen du; baina xedapen horietan ez dago jasota Aireportu Planak egiteko aukera, eta ez dituzte arautzen aireportu-batzordeak nahiz airetiko bideen garapenerako batzordeak.
Horren ondorioz, EAEn antolamendu-egitura horiek arautzeko lege-esparrua garatu beharko da. Gainera, Planean bertan aztertu beharko da EAEko aireportu, aerodromo eta heliportuen Legea eta hori garatzeko Araudia onartzea.
Planeko lan-ildoak betetzeko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikitako Zerbitzu edo Zuzendaritza berri bat eratu beharko da, agian, aireportu- eta airetiko garraio-jardueretan diharduten langileez osatua.
Planaren finantzaketa-beharrak hark finkatzen dituen helburuen arabera zehaztuko dira. Edonola ere, dauden aireportuak eta aerodromoak hobetzeko edota, hala badagokio, berriak eraikitzeko inbertsioei laguntzeko funtsa sortzea proposatu beharko du Planak. Funts horren bitartez, sustatzaile publiko edo pribatuen inbertsioak hein batean finantzatu ahalko lirateke. Halaber, ustiapenari laguntzeko laguntza-funtsa sortu beharko da, agian, aireporturen baten interes orokorrerako gomendagarria izanez gero.
Beste sail batzuek esku hartzeko beharra aintzat hartu behar da (Herrizaingo eta Ingurumen sailak, batez ere), eragin diezaieketen Aireportu Planeko alderdi estrategikoak diseinatzeko, hala nola lurralde-antolamenduari, hirigintza-plangintzari, ingurumen-iraunkortasunari, garraio- eta komunikazio-sistemen diseinuari edo larrialdi- eta hustuketa-zerbitzuei buruzkoak.
Aireportu Plana lantzeko horri buruzko parte-hartze prozesu zabal bat egon behar da. Prozesu horretan beste administrazio batzuek esku hartu behar dute, bereziki: aldundi eta udalek, aireportu nagusiak sustatzeko sozietateek (VIA, Bilbao Air eta Ortzibia), Estatuko Administrazio Orokorrak eta horren mendeko sozietateek, eta baita Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuek ere (Ingurumen eta Herrizaingo sailak funtsean). Beharrezkoa izan daiteke beste entitate edo erakunde batzuen partaidetza eskatzea ere, merkataritza-ganberena, adibidez.
Bestalde, Plana garatzeko jardueretan harremanak ezarri eta akordioak sinatu beharko dira AENA (Aireportu Espainiarrak eta Airetiko Nabigazioa) eta AESArekin (Airetiko Segurtasunaren Estatuko Agentzia). Ildo berean, aireportu-batzordeak eta bideak garatzeko batzordeak sortzeko ere nahitaezkoa izango da lankidetza-hitzarmenak sinatzea esku hartzen duten gainerako administrazioekin.
Jarduera burutzeko aurreikusi den epea
Burutu gabeko faseak
Faseak | Aurreikusitako hasiera data | Aurreikusitako amaiera data | Egoera |
---|---|---|---|
Diagnosia eta esparru estrategikoa | 2011/01/01 | 2011/12/31 | Aribidean |
Plana prestatzea | 2012/01/01 | 2012/06/30 | Hasi gabe |
Plana garatzea | 2012/07/01 | 2012/12/31 | Hasi gabe |
Desarrollo del Plan | 2013/01/01 | 2017/12/31 | Hasi gabe |