Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia II Saila
HIZNET ikerketa lanak


Sarean dira 2006-07 ikasturtean Hizkuntza Plangintza graduondoko ikastaroan parte hartu duten ikasleen lanak. HIZNET ikastaroen helburua da hizkuntzaren normalkuntzan gertatzen diren barne-mekanismoez guztiok ere ondo jabetzea, ondoren horren arabera jokatzeko. Internet bidez irakur daitezke ikerketa-lanok: praktikoak dira batzuk, teorikoak bestetzuk, euskararen normalizazioaren askotariko alderdiak lantzen dira haietan.

Hizkuntza Plangintza graduondoko ikastaroak euskararen normalkuntzan behar-beharrezkoa den soziolinguistikako ezagutza sakona eskaintzea du helburu. 2001ean abiarazi zuten lehenbizikoz UPV-EHUk eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak ikastaro hau, bi irakaskuntza-mota uztartuz: aurrez aurrekoa, batetik, eta birtuala, bestetik. Iraupen eta eduki aldetik aniztasun handiko graduondokoa da sortze beretik eta, besteak beste, iaz buruturiko ikerketa lanak ditugu horren erakusgarri.

Kattalin Arizmendiarrietak, adibidez, "Euskalkiak eta gazteak" izeneko lanean, Ondarroako kasua aztertu du: gazteek euskalkiarekiko duten jarrera. Horretarako, euskalkiaren transmisioa, euskararen erabilera, dialektoaren eta estandarraren erabilerak, gazteen ikuspegia eta beste landu ditu. Arizmendiarrietak atera dituen ondorioen arabera, Ondarroako gazteak euskaraz hazi eta bizi dira, bertako euskalkiarekiko atxikimendua dute, eta egoera formaletan jotzen dute hizkuntza estandarra erabiltzera.

Lan teorikoagoa da, bestalde, Ruth Basurtoren "Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikuluaren azterketa teoriko-metodologikoa". Basurtok Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua -"kurrikulu berria", berak esango duenez-, bat dator beste zenbait herrialdetan egiten den hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren proposamenarekin; paradigma komunikatiboaren nagusitasunaren berri ematen du, bai eta haren barruan dauden ikuspegi ezberdinena ere. HEOKri berari dagokionez, kurrikulu berriak ekarri dituen aldaketarik nabarmenenak azpimarratu nahi izan ditu egileak: mailaketa eta ebaluazioa.

Ruben Beitiak lan-mundura jo du, "Euskararen arnasguneak Fagor Ederlanen" ikerketan. Hasteko, "arnasgune" kontzeptua definituko du Beitiak: "Pertsona bakoitzak hartutako konpromisoen bidez hizkuntzaren funtzio batzuen inguruan hizkuntza komunitatea trinkotzeko proiektua". Ikerlari honek Fagor Ederlanek hartua duen konpromisoa hartu du oinarri bere azterketa burutzeko. Izan ere, kooperatiba horrek euskararen normalizazio-proiektua garatzeko konpromisoa hartua du, 2012an harreman sozio-enpresarialetan euskara erabili nahi duen pertsona orok hori bideratzeko giza testuinguru eta prozedimentala izango ditu. Beitiak arnasguneen orain arteko esperientzia -positiboa-, aztertu du lan honetan.

Aiora Beristainek "Bai Euskarari Ziurtagiria eta Lanhitz" izeneko lana egin du. Bertan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzaren ziurtagiriak ditu aztergai egileak. Beristainen ondorioen arabera, ezberdintasunak txikiak dira bien artean; are gehiago, berdintasunak diferentziak baino gehiago dira. Beristainen iritziz, "Elkarlana ezinbestekoa da euskararen normalizazioak aurrera egingo badu. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin gertatu bezala, oraingoan ere adostasunera heldu beharko dira Eusko Jaurlaritza eta euskalgintza…".

Horiekin batera dira beste zenbait ikerketa-lan ere: Ima Elexpururen "Produktu/zerbitzua hobetzeko praktika onak jaso eta zabaltzeko sistema", Denis Elortzaren "Euskara ingurune globalizatuan. Globalizazioak euskararen biziraupenerako ematen dituen aukerak", eta Ainitze Etxanizen "Emakumea eta hizkuntza: estereotipoetatik errealitatera"… Lan arrunt ezberdinak denak ere, baina helburu bat bera dutenak, soziolinguistikaren ezagutza sakona oinarri harturik, hizkuntzaren normalizazio prozesuaren mekanismoez jabetuz, euskararen normalkuntzan lagungarri gertatzea…

Ikerketa lanok ondoko Internet helbidera joz irakur litezke: hiznet.asmoz.org

 

* Liburu hau HABEren liburutegian eskura daiteke.

Azken eguneratzea: 2008/12/17