BOUDREAU, A. et. alli
Colloque international sur l'Écologie des langues


2002ko abuztuaren 21etik 23ra nazioarteko jardunaldiak egin ziren Kanadan, Nouveau-Brunswick-eko Memramcook Institutuan, William Mackey irakaslearen omenez. Solasaldien gaia, hizkuntzen ekologia. Hamaika herrialdetatik joandako hirurogeitaka aditu bildu ziren bertara eta, ohi denez, nork bere lan-arloaren arabera landu zuen gaia. Horrek bilkuraren diziplina-aniztasuna ziurtatu zuen, antolatzaileek nahi zutenez.

William Mackeyren omenezko jardunaldiak izaki, berari egokitu zitzaion jardunaldien irekierako hitzaldia egitea. Bertan, hizkuntzen ekologiaz jardun zuen irakasleak. Mackyek esatera, 1964az gero azaldu zen hizkuntza-ekologia terminoa, nahiz eta ez jakin hizkuntza ala hizketa zen mintzagaia. 1970az gero, berriz -hizkuntzen ekologiaz ari ordurako-, inor ez zen gai zertaz ari ziren zehazteko, hau da, teoriaz, metodoaz edo metaforaz, eta are gutxiago ziren gai oinarrizko galderak erantzuteko: «Zein eredu ekologikoren barne dago hizkuntza?, non kokatzen da? Kultura baten ekosisteman, zer da hizkuntza, jeneroa edota dibisa, sistemari lan eginarazten diona da -elikagaiak, energia edo informazioa, kasu- edo diru-sistema bateko txanpona?».

Baso sarri horretan barna abiatu dira bileran parte hartu zuten irakasle eta adituak. Liburuan, horietarik hamabosten hitzaldiak bildu dituzte argitaratzaileek. Gaiaren alderdi teorikoak lantzen dituzte batzuek; zehatzagoak, aldiz, beste batzuek.

Lehenengoetan da, adibidez, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Albert Bastardas-Boadarena: "Ecology and Diversity: A Comparative Trip From Biology to Linguistics". Hasteko, esaten du gizateria gai dela mende berrian biologia- eta hizkuntza-aniztasunak iraunarazteko. Horretan, helburua antzekoa da dagozkigun bi sailetan ere, biologian eta hizkuntzan. Jakina da hainbat animalia eta landare desagertzeko arriskuan daudela eta kezka ere zabaldurik dagoela. Orobat, hizkuntza-aniztasunari dagokionean. Bastardas-Boadaren arabera, bada bi gertakariak batera kontzeptualizatzeko tentaldia duenik, nahiz eta irakasle katalanak biak bereizi beharra defenditu. Biologia-aniztasunaz egin izan diren ikerketak aipatu eta analogia teoriko eta kontzeptualak bilatzen saiatuko da irakaslea, sozioekologia edota hizkuntza-ekologia eraikitzen laguntzeko asmotan.

Beste irakasle bat, Ernest Querol, hizkuntzen ekologiaz aritzeko eredu teoriko berri bila abiatu da bere lanean: "Les catastrophes sont-elles écologiques? Un nouveau modèle pour l'étude de l'écologie des langues: la théorie des catastrophes". Querolek katalanaren erabilerari dagozkion bost testuinguru landu eta zenbait ondorio atera ditu, beste zenbait inguru eta hizkuntzaren kasuari aplikatzeko modukoak. «… Katalanaren erabilera eragile ezberdinei loturik ageri da, zein den lurraldea. Valentziar Herrian, gizarte-sarea da aldagai behinena; Katalunian, Balear Uharteetan eta Andorran, aldiz, katalanaren irudikapena da inportanteena». Irakasle honek dioenez, hizkuntzaren erabilera gizarte-sareari loturik ageri bada, belaunaldien arteko transmisioa beheititu egingo da eta, beraz, hiztunen kopurua ere gutxitu egingo da. Aitzitik, hizkuntzaren erabilera batik bat irudikapenaren araberakoa baldin bada, eta neurri apalagoan baino ez gizarte-sarearen baitakoa, hiztun berrien kopurua hazi egingo da.

Arestian esan bezala, ordea, denak ere ez dira lan lar teorikoak. Daniel Baragan-Trejok kasu zehatzagoa du aztergai, hau da, Guadalajarako (Mexiko) me'phaa hizkuntza indigenaren ekologia migrazio urbano egoeran. Edota Gabrielle Saint-Yves irakaslearen lana, non Sylvia Clapin-ez geroko kanadiar frantsesaren ekologia aztertzen den. Gisa honetako beste bat dugu, esaterako, Matthieu LeBlanc-en ikerketa, Moncton herriko odonimoak -plaza, etorbide eta gainerakoen izenak-, zuhur aztertzen dituena…

Amaiera ekitaldian Mackeyk honela deskribatu zuen hizkuntzen ekologiaren egoera: «Hau guztiau, zera esateko, alegia, bide luzea egin behar dugula oraindik hizkuntzen ekologia zientzia gisa eraiki ahal izateko printzipioak, metodoak eta emaitzak ditugula esan baino lehen».

Bide horretan harria jartzera dator liburu hau. Liburua osatze aldera, jardunaldietan egin ziren zenbait hitzaldi baina argitalpenean ageri ez direnak bildu dituzte antolatzaileek www.teluq.uquebec.ca/diverscite helbidean.

Aurkibidea:

  • Préface
    Annette Boudreau, Lise Dubois, Jacques Maurais, Grant McConnell
  • Allocution inaugurale
    William F. Mackey
  • Les catastrophes sont-elles écologiques? Un nouveau modèle pour l'étude de l'écologie des langues: la théorie des catastrophes
    Ernest Quérol
  • Ecologie and Diversity: A Comparative Trip from Biology to Linguistics
    Albert Bastardas-Boada
  • Les patois d'Evolène aujourd'hui… et demain?
    Raphaël Maître et Marinette Matthey
  • L'urbanisation comme catalyseur de l'assimilation: dynamiques distinctes au Nouveau-Brunswick et en Ontario
    Charles Castonguay
  • À propos de quelques indices sociolinguistiques de la vitalité de l'occitan à la fin du XXe et au début du XXIe siècle
    Carmen Alén Garabato
  • Écologie d'une langue indigène en situation de migration urbaine: le me'phaa (tlapanèque) à Guadalajara, Mexique
    Daniel Baragán-Trejo
  • … (eta beste hamar testu)

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Frantsesa eta ingelesa
  • Argitaratzailea: L'Harmattan, Paris
  • Urtea: 2003
  • Orrialdeak: 270
  • ISBN: 2-7475-5059-1
Azken eguneratzea: 2008/05/16