Arautegia

Inprimatu

Agindua, 2017ko maiatzaren 31koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Enplegu eta Gizarte Politika sailaren 2017.urterako diru-laguntzaren Plan Estrategikoa onartzekoa

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegua eta Gizarte Politikak
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
  • Aldizkari ofiziala: ---
  • Aldizkari-zk.: ---
  • Hurrenkera-zk.: ---
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: ---
  • Argitaratze-data: ---

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia

Testu legala

AGINDUA, 2017KO MAIATZAREN 31KOA, ENPLEGU ETA GIZARTE-POLITIKETAKO SAILBURUARENA, ENPLEGU ETA GIZARTE-POLITIKA SAILAREN 2017. URTERAKO DIRU-LAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA ONARTZEKOA.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (aurrerantzean, DLO) 8. artikuluak oinarrizko legediaren izaerarekin xedatutakoaren arabera, administrazio publikoek diru-laguntzei buruzko plan estrategiko bat egin behar dute nahitaez. Bertan zehaztuko dituzte berau aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, baita horiek lortzeko epea, aurreikusten diren kostuak eta haiek finantzatzeko iturriak ere; betiere, aurrekontu-egonkortasunaren helburuak beteko direla bermatuta.

Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean xedatutakoa betetze aldera, 2017 ekitaldi honetan aurrekontuak aldi baterako luzatuta zeuden artean, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren martxoaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko planen indarraldia luzatzea, eta beste horrenbeste egitea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumenen esparruan zituen planen indarraldiarekin.

Bada, 2017 ekitaldiko aurrekontuak onartu ondoren (2/2017 Legea, apirilaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017 ekitaldirako Aurrekontu Nagusiak onartzen dituena), aurrekontu horien arabera onartu behar da 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa.

Plan hau Sailaren politika antolatzeko tresna da, haren helburua erabilera publikoko edo gizarte-intereseko jarduketa bat sustatzea, edo xede publiko bat lortzeko bultzada ematea baita, horretarako diru-laguntzak emanda.

Plan hau egiteko, lortu nahi diren interes publikoak aztertu dira, eta planaren indarraldian horretarako erabilgarri dauden baliabideekin alderatu dira; hala bermatuko dira eraginkortasun- eta efizientzia-mailak areagotu eta gure jarduketa-eremuaren gardentasuna indartuko direla. Bestalde, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak onartutako argibideei jarraitu zaie Diru-laguntzen Plan Estrategikoak egiteari dagokionez (01/15 zenbakiko zirkularra).

Edonola ere, ohartarazi behar dugu plana programatikoa dela eta, beraz, planaren edukiak ez duela eskubide eta betebeharrik sortzen. Abiarazten diren diru-laguntza ildoen araberakoa izango da planaren eraginkortasuna, eta, beste alderdi batzuen artean, urte bakoitzean dagoen aurrekontuari begiratu beharko zaio.

Planak 2017an diru-laguntzak emateko aurreikuspena duten Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko organoen diru-laguntzak biltzen ditu:

  • Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza (Enplegu eta Gazteria Sailburuordetza)
  • Gazteria Zuzendaritza (Enplegu eta Gazteria Sailburuordetza)
  • Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritza (Gizarte Politiketako Sailburuordetza)
  • Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritza (Gizarte Politiketako Sailburuordetza)

Lehen aipatutako aurrekari guztiak kontuan hartuta eta dagozkidan eskumenak erabiliz (arau hauek esleitzen dizkidate eskumenok: azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretua),

XEDATZEN DUT

Lehena.- Onar dadila Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa, zeina eranskinean jasota baitago.

Bigarrena.- Indarrik gabe uztea Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Agindua, 2017ra luzatzen duena Sailaren 2016rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa.

Hirugarrena.- Plan hau Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren web-orrian argitaratuko da, eta beste xedapen batzuk ere aplikatu ahalko zaizkio; hain zuzen ere informazioari eta gardentasunari buruz unean uneko ordenamendu juridikoan aurreikusitakoak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 31

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua

Sin.: Beatriz Artolazabal Albeniz

ERANSKINA

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN 2017. URTERAKO DIRU-LAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA (Ikus PDFa (1 MB))

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik