Artolazabal: "Gure familien ekarpenei esker, Euskadi sustrai sakonak eta balio sendoak dituen herria da"

02_03_17_(12).JPG

2017.eko maiatzak 14

  • Bihar, maiatzak 15, Nazio Batuen Familien Nazioarteko Eguna
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak familia bakoitzaren barruan ardurak banatzeko beharra azpimarratu du
  • Europako Batzordeak uztartzea sustatzen du Gizarte Eskubideen Oinarri gisa
  • “Demografia suspertuko duten, emantzipazioa erraztuko duten eta bertako herritarrak familia gazteak osatzera animatuko dituen neurriak sustatu behar dira”

Vitoria-Gasteiz, 2017/05/14

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi du “familiak euskal gizartearen oinarrizko nukleoa direla”. Adierazpen hori egin du, bihar —maiatzak 15, astelehena— ospatzen den Nazio Batuek adierazitako Familien Nazioarteko Egunarekin bat etorriz. “Euskadi sustrai sakonak eta balio sendoak dituen, eta pluraltasuna eta dibertsitatea errespetatzen dituen herria da; eta halaxe da, gure familien ekarpenari esker”.

Familiei eta haurrei babesa emateko politikez arduratzen den saileko sailburuak azpimarratu du familiak “giza harremaneko eta hezkuntza sozial, afektibo eta komunitarioko nukleoak direla”.

 Artolazabalek adierazi du “Euskadik, Europako gizarte gehienek bezala, gizartearen zahartze mailakatuari eta jaiotza-tasa sustatzeko beharrari aurre egingo dieten politika sozial eta demografikoak garatzeko erronka duela”.

 “Datozen urteetan eta hamarkadetan herri gisa dugun erronketako bat hauxe dela uste dut. Demografia suspertuko duten, emantzipazioa erraztuko duten eta bertako herritarrak familia gazteak osatzera animatuko dituen neurriak sustatu behar dira” adierazi du sailburuak.

 Beatriz Artolazabalek gogoratu du Eusko Jaurlaritzak “politika jakin batzuk sustatzen dituela, jada familia-ardurak badituzten pertsonei eta familia bat osatu nahi dutenei, ahalik eta baldintza onenetan, bizitzari lotutako beren proiektua aurrera eramaten laguntzeko”.  

 Halaber, familia bakoitzaren barruan erantzukizunak banatzeak duen garrantzia azpimarratu du, bere ustez “bateratze erantzunkidea hobetzea, jaiotze-tasa handiagoak lortzeko baliagarria delako. Hala ere ez da bakarra, familia-eredua eraldatu duten faktore ekonomiko eta kultural asko baitaude. Etxe barruan aldaketak egin behar dira, baita gizartean ere, eta horretan guztiok lagundu behar dugu. Jaiotze-tasa sustatzeko politikek zeharkakoak izan behar dute, eta agente sozial eta politikoek partekatu behar dituzte".

Duela gutxi Europako Batzordeak Gizarte Eskubideen Europako Oinarriari ekimen bat erantsi dio, adingabeak euren kargura dituzten pertsonen familia-bizitza eta bizitza profesionala uztartzea sustatzeko. Gurasoen baimenari, aitatasun-baimenari eta zaintzaileei lotutako arauen inguruko arau minimo batzuk dira.

Horren inguruan, Artolazabal sailburuak hauxe adierazi du: “neurri horien bitartez gizonak beren familia zaintzen neurria handiagoan murgildu daitezen bilatzen da. Horrek etxeko haurrei eta helduei onurak ekarriko dizkie. Enfasi handienetakoa jarri behar dugun arloetako bat erantzunkidetasuna da. Bateratze hitzak erantzunkide hitzari lotuta joan behar du”.

 Nazioarteko jardunaldia

Nazio Batuek, aurten, “Familiak, hezkuntza eta ongizatea” goiburua aukeratu dute Familien Nazioarteko Eguna ospatzeko. Horretarako, familien paperean eta familiari zuzendutako politiketan —bertako kideen artean hezkuntza eta, oro har, ongizatea sustatzeko—  zentratzen da.

NBEaren arabera, “Egunaren helburua hauxe da: lehen haurtzaroaren hezkuntza sustatzen familien paperari, eta haurrentzako eta gazteentzako etengabeko ikaskuntzako aukerei buruz kontzientziatzea”.

Jardunaldiaren bitartez familietan zaintzen ari diren pertsona guztien —amak eta aitak, amonak edo aitonak, edo arrebak eta anaiak— garrantzia, eta haurren ongizaterako gurasoen hezkuntzaren garrantzia azpimarratuko dira. Hezkuntzan eta zaintzan duten zereginetan gurasoei laguntzeko, lanaren eta familiaren arteko orekari lotutako jardunbide egokietara bideratuko da. Lan egiten duten gurasoei, eta lantokian adineko pertsonei eta gazteei babesa ematen sektore pribatuaren jardunbide egokiak ere azpimarratuko dira.

Egunaren beste helburuetako bat hauxe da: garapen iraunkorra sustatzeko behar diren ezagutzen eta trebetasunen garrantzia eztabaidatzea; besteak beste, garapen iraunkorrerako hezkuntzaren eta bizitzeko era iraunkorren bidez, giza eskubideen bidez, genero-berdintasunaren bidez, bakearen eta indarkeria-ezaren kultura sustatuz, Herritartasunaren bidez, eta kultur aniztasuna eta kulturak garapen iraunkorrean izan duen eragina baloratuz.