Lanbideren interpretazio-zerbitzua aukera-berdintasunaren mesederako tresna gisa finkatzen ari da

2015.eko urriak 05

Lanbidek apirilean bere bulegoetan ezarritako telefonozko itzulpen-zerbitzua balio handiko tresna bihurtu da EAEko bi hizkuntza ofizialetako bat ere hitz egin ezinik Euskadiko enplegu-zerbitzua erabili nahi dutenentzat.

Ordutik, 28 pertsonei zabaldu die enplegua aurkitzeko edo gizarte-laguntzak eskatzeko aukera 51 hizkuntzetarako balio duen gailu teknologiko honek; gailurik ezean, oso zaila izango lukete, hizkuntza-oztopoa dela medio. Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendariaren, Gotzone Sagarduiren, ustetan, Euskal Enplegu Zerbitzuko Berdintasun Unitateak sustatutako zerbitzu hori «funtsezkoa izan da pertsona horiek guztiak, bai eta etorkizunean irits litezkeenak ere, gainerako biztanleen aukera berdinetan eskuratu ahal izateko Lanbidek eskainitako zerbitzuak», Lanbideren 2013-2016 aldirako Plan Estrategikoan ezarritakoari jarraiki.

Interpretazio-enpresak emandako zerbitzuen ia erdiak arabieraz egin dira –12 guztira–; ez da arraroa, aintzat hartzen badugu zein garrantzitsua den Magrebetik etorritako biztanleen presentzia Euskadin. Atzerago geratzen dira urduz egindako zortzi zerbitzuak (urdua Pakistanen hitz egiten den hizkuntza indoarioa da), bai eta woloferaz egin ziren lauak (Senegalen eta Ganbian ohikoen den hizkuntza). Erabilitako beste hizkuntzen artean, errumaniera, frantsesa eta ingelesa daude.