Eusko Jaurlaritzak Nazioartekotze Beken 30. Edizioa deituko du 2016an (Gobernu Bilera 2016-01-26)

2016.eko urtarrilak 26

Hiru hamarkadaz, 1.000tik gora pertsona prestatu ditu programa horrek kanpo-merkataritzako espezializazioan.

Programaren baldintzak eguneratu dira: 100 bekadunak diru-hornidura handiagoarekin bidaiatuko dira atzerrira.

Alumni Zerbitzua sortuko da, programaren parte-hartzaileak elkar konektatzeko eta haien harreman profesionalak aberasteko.

Gobernu-kontseiluak Nazioartekotze Beken deialdia onartu du. Eusko Jaurlaritzak duela hogeita hamar urtetik modu jarraituan mantendu duen programa bat da, eta 1.000tik gora pertsona prestatu ditu kanpo-merkataritzako espezializazioan.

Hala, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak giza kapitalaren prestakuntzaren eta gaikuntzaren aldeko apustuari eusten dio euskal ekonomiaren eta enpresen nazioartekotzea aurreratzeko, ongi jakinik, ordea, prestakuntzaren eta gaikuntzaren premiak urteetan zehar eboluzionatzen joan direla.

Denbora luze horretan, merkatuekin eta erakunde globalekin batera paraleloki eboluzionatzen joan dira prestakuntza-beharrak, eta aurtengo deialdian ere programa erregulatzen duten oinarriak aldatu eta eguneratu dira.

Errealitate berrietara moldatzeko grina dela medio, txertatutako aldaketek hala administrazio-kontuei nola prozedurekin eta prestakuntzaren edukiekin zerikusia duten beste gai batzuei eragiten diete.

Prestakuntzaren alorreko berrikuntzak eta aukera berriak

  • Bekadun guztiek izango dute programaren 2. edo 3. fasea atzerrira bidaiatuta egiteko aukera.  Orain arte, 100 bekadunetik 80k zuten aukera hori.
  • Laurogei bekadun programaren modalitate luzean arituko dira, atzerrian 20 hilabeteko egonaldia emanik (10/12 hilabete Spri-ren erakunde lankideetan eta abarretan, eta 8/10 hilabete nazioartekotutako enpresa batean, ahal dela, Euskadikoa).
  • Beste hogei bekadunek programaren modalitate motzean parte hartuko dute: 8/10 hilabeteko egonaldia nazioartekotutako enpresa batean, ahal dela, Euskadikoa.
  • Parte-hartzearen mugak zabaldu dira: gehieneko adina 30 urtera zabaldu da eta lizentzia aurten bertan (2016 urtean) jaso dutenak ere sar daitezke programan.
  • Eskabideak bitarteko telematikoen bitartez aurkeztuko dira, dokumentu digitalizatuen bidez eta sinadura elektronikoarekin baliozkotuta. Atzerrian dauden eta parte har lezaketen eskatzaileek eskabideak aurkeztea errazten da hala.
  • Nazioartekotze-beken programaren Alumni Zerbitzu berria eratuko da; horrenbestez, programaren historian zehar beka jaso duten guztiek izango dute izen emateko eta tresna hori baliatzeko aukera beren harreman profesionalak aberasteko.

Berrikuntzak baldintzetan eta diru-horniduran:

Beken diru-hornidura lortu nahi diren prestakuntza-helburuak betetzeko behar diren gastuak estaltzera zuzenduko da. Estaliko diren gastuen artean honako hauek sartzen dira: unibertsitate-kurtsoaren kostua, bidaiak, bekadunaren prestakuntza-gastu osagarriak eta haren aseguramendua.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, 3.497.716 eurokoa da programaren kostua: 2015ean baina milioi bat gehiago. 

  • Beken diru-hornidura hilerokotan ordainduko da.
  • Doikuntzako mekanismo bat txertatu da.
  • Enpresa lankideek, erreferentziako helmugara joan-etortzeko bidaiaren gastuak ez ezik (orain arte bezala), beren gain hartuko dute bisaren kostua ere.
  • Egonaldi luzeko modalitatean, 30.000 eta 60.000 euro artekoa izango da bekadun bakoitzeko diru-hornidura; modalitate motzenean, 12.000 eta 24.000 euro artean (8 hilabete) eta 15.000 eta 30.000 artean (10 hilabete) ibiliko da.

Programaren onuradunak

Hautatze-prozesuan sartzeko eta hautatuak izanez gero nazioartekotze-bekadun izateko, eskabidea egin duten pertsona fisikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

-  Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

-  Esleipena ebatzi aurretiko goi mailako unibertsitate-titulua, baita lizentzia 2016an jasota ere.

-  Gradu hauek lehenetsiko eta balioztatuko dira bereziki: Ekonomia, Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioa, eta Ingeniaritzako edozein gradu.

-  Eskabidea aurkezteko epea irekitzen den egunean 30 urte bete gabe izatea.

-  Ingelesa jakitea (B2 maila).

-  Antzeko ezaugarriak dituen beste diru-laguntzarik edo bekarik jaso ez izana.

Eskabide eredua eskuratzea, berori Administrazioan aurkeztea, espedientea eskuratzea eta gainerako izapideak www.euskadi.net/industria webgunean egingo dira.

Epea EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean zabalduko da.