INDARTU programak 89 milioi ekarri ditu inbertsiotan, 10 industria-proiekturen bitartez, eta 426 enplegu berri sortu ditu

2016.eko urtarrilak 25

  • Eusko Jaurlaritzak Ezkerraldean eta Oiartzualdean inbertsioak sustatu ditu; EBak gune ahul gisa sailkatutako bi eremu dira.
  • 2016an deialdi berri bat irekiko da, 8 milioiko zenbatekoan, industrializazioa sendotzeko eta enplegu berria sortzeko helburuz.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak INDARTU programaren deialdia ebatzi du; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egiten duten enpresen alde.

Deialdian 8 milioi euroko aurrekontua aurreikusi da, eta 89,1 milioi euroko inbertsioa ekarriko du, industriaren esparruan 426 enplegu berri sortuko duten eta 2.374 enpleguri jarraitutasuna emango dioten 10 industria-proiekturen bitartez.

Ask, Precicast, Alstom, Zenten, Lointek, Bombardier, Petronor, Vicinay, Orona eta Woco Tecnica enpresek INDARTU programari heldu diote, enpresek berek Zierbena (2), Barakaldo-Sestao, Ortuella, Irun (2), Trapaga, Muskiz, Sestao eta Hernanin egingo dituzten inbertsioei esker.

Inbertsioak industrialak izango dira guztiak, eta jarduera hauek izango dituzte ardatz: Fabrikazio eta Produkzio Kimikoa, Metal Fundazioa, Erreminten Fabrikazioa, Ekipamenduaren Fabrikazioa, Trenbide-industriarako Fabrikazioa, Finketa, Metalgintza, Makina Igogailuen Fabrikazioa eta Motor osagaien Fabrikazioa.

Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, eman ditu ezagutzera programaren emaitzak, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea eta Alejandro López Cárcamo Industria Garatzeko zuzendaria zituela lagun.

Inbertsio berriak egin dituzten eta enplegua sortu duten industria-enpresak

ASK CHEMICALS ESPAÑA, S.A (ZIERBENA)

Jarduera-sektorea: Fabrikazio eta Produkzio Kimikoa

Deskribapena: galdaketako produktu kimikoen hornitzaile nagusien artean, mundu mailan; taldearen hedapen eta hazkunde prozesuaren barruan, Espainiako produkzioa Bilboko portuaren instalazioetan zentralizatuko du.

Guztizko inbertsioa: 5.980.000 (diru-laguntza: 598.000)

Hasierako enplegua 64 eta 20 lanpostu berriren sorrera.

PRECICAST BILBAO, S.A. (BARAKALDO-SESTAO)

Jarduera-sektorea: Metalen galdaketa

Deskribapena: Planta berri bat eraikitzea eta ekipatzea, batetik; bestetik, gaur egungo instalazioak eraldatzea eta ekipatzea, zertarako eta aeronautikako ohiko galdaketara bideratzeko eta galdaketa osagai integralen sorta berria sartzeko.

Guztizko inbertsioa: 15.289.000 (diru-laguntza: 1.528.900)

Hasierako enplegua: 259 eta Lanpostu berriak: 104

ALSTOM RENEWABLE HYDRO SPAIN (ORTUELLA)

Jarduera-sektorea: Metalurgia

Deskribapena: 2016ko otsailean Ortuellan dituen instalazio berrietara lekualdatuko da, eta han finkatuko ditu proiektu hidrauliko integralak saltzeko, diseinatzeko eta kudeatzeko ahalmenak, bai eta ildo horretako sorgailu osoen eta osagai elektrikoen fabrikazioa.

Guztizko inbertsioa: 6.450.000 (diru-laguntza: 645.000)

Hasierako enplegua: 165 eta Lanpostu berriak: 40

ZENTEN BERNHARD GROTEN, S.L. IRUN

Jarduera-sektorea: Erreminten fabrikazioa

Deskribapena: Eskuzko erreminten fabrikazioa, hainbat sektorerako: iturgintza, eraikuntza, etab. Inbertsioari esker, bigarren ekoizpen-txanda bat sortuko eta biltegiratze-kudeaketa hobetuko da, bai eta negozio-bolumena eta enplegua gehituko ere.

Guztizko inbertsioa: 1.618.957 (diru-laguntza:161.895,70)    

Hasierako enplegua: 27 eta Lanpostu berriak:7

LOINTEK HEAVY INDUSTRIES, S.L. ZIERBENA

Jarduera-sektorea: Ekipamenduen fabrikazioa

Deskribapena: Bere produktua duen enpresa bat da: ekipo-diseinuko ingeniaritza termiko eta mekanikoen bitartez garatu du. LOINTEK HEAVY INDUSTRIESek egingo duen inbertsioaren elementu nagusia esportazio-ahalmena sendotuko duen pabiloi berri bat da. Bilboko portuan kokatuko da.

Guztizko inbertsioa: 4.250.000 (diru-laguntza:425.000)

Hasierako enplegua: 0 eta Lanpostu berriak:25

BOMBARDIER EUROPEAN HOLDINGS TRAPAGA

Jarduera-sektorea: Trenbide-industriarako fabrikazioa

Deskribapena: Trapagako planta Bombardier Transportation-en negozio-unitatearen barruan kokatzen da. Inbertsioen helburua hau da: Trapagarango instalazioen ekoizpen-ahalmena handitzea, halako moduz, non lan-karga handitzeak zenbatetsitako fakturazioa % 100 ere goratuko baitu.

Guztizko inbertsioa: 962.000. (diru-laguntza: 96.200)

Hasierako enplegua: 187 eta Lanpostu berriak:120

PETROLEOS DEL NORTE, S.A. MUSKIZ

Jarduera-sektorea: Finketa

Deskribapena: Inbertsioak eraginkortasuna hobetzea du helburu. Turbina berriak erosiko dira, fidagarritasuna handitzeko eta mantentze-kostuak gutxitzeko. Mantentze-kostuetan 145.000 €/urteko aurreztuko dira; orobat, nabarmenki aurreztuko da energia-kontsumoaren alorrean.

Guztizko inbertsioa: 29.776.000 (diru-laguntza: 2.278.700) 

Hasierako enplegua: 905 eta Lanpostu berriak:39

VICINAY SESTAO, S.L. SESTAO

Jarduera-sektorea: Metalurgia

Deskribapena: Instalazio berria munta handiko proiektu estrategiko gisa ulertzen da: 79,5 milioi euroko aurrekontua du guztira., eta bertan garatuko, integratuko eta ezarriko dira merkatuaren etorkizuneko erronkei irtenbidea emateko beharrezko diren teknologia, ekipamendu-ondasun eta ezagutzak.

Guztizko inbertsioa: 16.479.247 (diru-laguntza:1.187.244)

Hasierako enplegua: 105 eta Lanpostu berriak:20

ORONA, S. COOP. HERNANI

Jarduera-sektorea: Igogailuen Fabrikazioa

Deskribapena: «Fabrika 4.0» proiektua, ekoizpena adimentsuki kudeatzeko, halako moduz non akatsak gutxienekora mugatuko baitira, eta baliabide gutxiago erabiliz kalitate handiagoz fabrikatzeko denbora irabaziko baita, ekoizpen-ahalmena handituta hala.

Guztizko inbertsioa: 4.852.976,13 (diru-laguntza:485.297,61)  

Hasierako enplegua: 621 eta Lanpostu berriak:24

WOCO TECNICA, S.A.U. IRUN

Jarduera-sektorea: Motor-osagaien fabrikazioa

Deskribapena: Jatorria Alemanian duen talde multinazionala, WOCO, injekzioz egindako kautxuzko eta plastikozko piezak fabrikatzen dituena, batez ere automobilgintzarako. WOCOren inbertsio-proiektuaren helburua hau da: erreferentziazko bezero batentzako produktu sorta berriak garatzea eta fabrikatzea.

Guztizko inbertsioa: 3.525.000 (diru-laguntzak:279.557)     

Hasierako enplegua: 41 eta Lanpostu berriak:29

INDARTU Programaren helburu eta ezaugarriak

Laburbilduz, honako oinarrizko ezaugarri hauek ditu INDARTU PROGRAMA berriak:

•          Enplegua sortzeko inbertsio produktiboa sustatzea zonalde horietan. Inbertsio hori enpresa berriek edo lehendik daudenek eginikoa izan daiteke eta lehentasuna izango dute zuzenean honako hauekin lotuta dauden inbertsioek: produktuaren transformazio-prozesuan hobekuntzak egitea, gaitasunak handitzea edo jarduera berriak garatzea.

•          EBk «eremu ahul» gisa sailkatu dituen zonaldeei zuzentzen zaie, zeintzuetan diskriminazio positiboko neurriak har baitaitezke, langabezia handia dutelako, bai ekonomia-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako, bai hondatutako egitura bat dutelako zonaldearen garapena zailtzen duena.

•          Enplegua sortzea funtsezko faktorea da programa honetan. Beharrezkoa da muga egokiak ezartzea inbertsioak jaso ahal izateko eta inbertsio horien bidez zuzeneko nahiz zeharkako enplegua sortzen laguntzeko.

•          Bereziki aipatzen da inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dutela. Horrela, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, laguntza jaso dezaketen inbertsioen guztizkoaren % 25ekoa hain zuzen.

Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira. Horri eta lehen aipatutako eskakizunari esker, enpresek finantza-egitura saneatuak izango dituzte, eta gai izango dira inbertsioak sendotu arteko aurreko urteei eusteko.

Erakunde onuradunak.

Agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo zerbitzu teknikoak eskaintzen badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak).

Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerreko eta Oiartzualdeko udalerriak.

Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerra eta Oiartzualdea zonalde ahul gisa sailkatu dira beren ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik,  bai industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako, bai hondatutako egitura bat dutelako sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia eskatzen duena.

Honako zonalde hauek izango dira Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerra eta Oiartzualdea: Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Diru-laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014-05-21eko SA 38472 (2014/N) zenbakidun Erabakian jasota daudenak.

Erabaki horretan oinarrituta, honako zonalde hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerra eta Oiartzualdea:

•          Oiartzualdea (Gipuzkoa), udalerri hauek osatua: Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.

•          Ibaizabal itsasadarra (Bizkaia), udalerri hauek osatua: Sestao, Ortuella, Trapagaran, Abanto, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.

Inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko baldintza nagusiak

a)        Enpresa handiek, gutxienez, 3 milioi euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta, gutxienez, 20 lanpostu garbi sortu beharko dituzte; ETEek, aldiz, gutxienez 750.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta gutxienez 5 lanpostu garbi sortu beharko dituzte. Baita ere onartuko dira aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 100 lanpostu sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.

b)        Enpresaren baliabide propioak, diru-laguntzak salbu, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izatea gutxienez.

Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

Laguntza jaso dezaketen inbertsiotzat joko dira enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioak, kategoria hauetan: Jabetza Industriala eta Patenteak; Aplikazio informatikoak; Lursailak eta Ondasun naturalak; Eraikuntzak, Instalakuntza teknikoak; Makinak; Tresneria eta Beste instalakuntza batzuk, eta Informazio prozesuetarako ekipoak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10ekoak izango dira.

Diru-laguntzek gehieneko muga bat dute, ez baitira inoiz izango 3.000.000,00 euro baino gehiagokoak enpresa bakoitzeko.