Lehendakaritza

Euskadi eta EB: Eskualdeetako Lantaldea

Eskualdeetako Lantaldea

Eskualdeetako Lantaldea (CDR) Europar Batasuneko 27 herrialdeetako 344 kidek osatzen dute; batzar politiko bat da, tokiko eta eskualdeko erakundeei ahotsa ematen diena EBren politikak eta legeria egiteko prozesuan.

Itunen arabera, Europako Batzordeak, Parlamentuak eta Kontseiluak CDRari kontsulta egin behar diote tokiko eta eskualdeko eremuetan eragina duten proposamen berriei dagokienez. Lantaldeak errekurtsoa jar dezake Europar Batasuneko Justizia Auzitegian bere prerrogatibak babesteko edo EBren legegintza-egintzaren batek subsidiariotasun-printzipioa urratzen duela edo tokiko nahiz eskualdeko erakundeen eskumenak ez dituela errespetatzen iritzi badio.

Lantaldearen funtzionamendua

Eskualdeetako Lantaldeak Erkidegoko erakundeekin harremanak sendotzen jarraitu du: bileretan parte hartzera gonbidatuta, irizpenen jarraipena hobetuta eta elkarren artean benetako elkarrizketa politikoa ezarrita, betiere eragin politikoa, erakundeetan duen ikusgaitasuna, EBko udalerrien eta eskualdeen ordezkari-eginkizuna eta Erkidegoaren erabakietan duen benetako eragina handitzearren.

Euskadi Lantaldean

Euskadi kide aktiboa da Eskualdeen Lantaldean (CDR). Hona hemen bere egiteko nagusia: Erkidegoko araudia hasierako fasean aztertzea, aldaketa-proposamenen eta bestelako tresnen bitartez Europako legedi eraginkorragoa lortzeko, betiere eskualdeko eta tokiko interesak xede izanik. Era berean, Lantaldean parte hartzearen ondorioz, Europako beste eskualde eta udalerriekin harremanetan egotea ahalbidetzen da, eta gure politika sektorialak ezagutarazteko erakusleiho izaten da, baita geure irudia, herri ekintzaile eta solidarioaren irudia proiektatzeko ere.

Europako araudi berriaren edukiari buruzko iritzia emateaz gain, Erkidegoko etorkizuneko arauei dagokienez, arauen lurralde-eragina eta Subsidiariotasun Printzipioa betetzen ote duten jakiteko CDRak antolatzen dituen azterketetan inplikatzen da Euskadi, eta gaikako mintegietan ere parte hartzen du; mintegi horien bitartez, gure lurraldean identifikaturiko jardunbide egokien kasuak ezagutarazten ditugu, maila guztietan hobetzeko guztioi baliagarri izan dakizkigukeen ideiak eskaintzearren.

Euskadiren parte-hartzea

EHorretaz guztiaz gain, CDRak antolatzen dituen ekimenetan parte hartzen du Euskadik; hala nola: besteak beste, Europako Eskualde eta Hirien Goi Bileran, Open Days (CDRaren Ate Irekien Astea) ekitaldietan edo Subsidiariotasunari buruzko Urteroko Konferentzietan.

Jarduera horien bitartez, Eusko Jaurlaritzak Erkidegoko politiketan –eta, azken batean, eguneroko bizitzan eragina duten erabakietan- eragitea lortu nahi du, bere jarrera adierazita eta Erkidegoko sare konplexuari ekarpen txiki bat eginda, sare horixe baita, hain justu, Europagintza eta europar integrazioa ahalbidetzen dituena.

Azken eguneratzea: 2013/01/31