Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

172/2011 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3911
  • Xedapen-zk.: 172
  • Xedapen-data: 2011/07/26
  • Argitaratze-data: 2011/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Funtzio publikoa

Testu legala

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da Lehendakariari laguntza ematen dion organoa Autonomia Erkidegoak kanpo harremanetarako duen estrategia politiko instituzionala definitzen eta zuzentzen, eta idazkaritza nagusi horri dagokio Jaurlaritzak kanpoan duen presentzia planifikatzea, laguntza ematea eta koordinatzea, baita euskal gizatalde eta etxeekiko harremanen alorrean dituen funtzioak garatzea ere.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari atxikita daude Euskadiren Bruselako Ordezkaritza eta Euskadik kanpoan dituen beste ordezkaritza hauek ere: Kanada, Mexiko eta Estatu Batuetakoa Estatu Batuetan du egoitza; Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguaikoa Argentinan du egoitza; Txile eta Perukoa Txilen du egoitza; Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikakoa Kolonbian du egoitza; eta Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ordezkaritza.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak interesa du euskal gazteen espezializazioa bultzatzeko kanpo harremanen eta euskal gizatalde eta etxeen alorrean. Ildo horretan, irailaren 221/2003 Dekretuaren bitartez arautu ziren kanpo harremanen eta kanpoko euskal gizatalde eta etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak; eta urtero egiten zen beka horietara biltzeko deia.

IX Legegintzaldiko Gobernua eratzeak antolakuntza aldaketak eragin dituenez Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 12ko 1/2010 Dekretuan jasota daude aldaketa horiek eta euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetan pertsonak espezializatzeko bekek dituzten berezko ezaugarriak kontuan hartuta, bidezkoa da beka horiek modu bereizian arautzea eta indargabe uztea aurreko dekretua, beka horiei dagokienean. Dekretu berriaren berrikuntza nagusien artetik, honakoak azpimarra ditzakegu: deialdiak egiteko eta ebazteko organo eskuduna, Hautaketa Batzordearen osaketa eta aurreko deialdietan sortu diren arazoak konpontzeko zehaztasunak.

Horren guztiaren ondorioz, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 12ko 1/2010 Dekretuan ezarritakoari jarraiki, Lehendakaritzak proposatu eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko uztailaren 26an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko eta prestatzeko bekak arautzen ditu.

  2. Beka hauen pertsona onuradunak Euskadin espezializatu eta prestatu ahalko dira, baita Eusko Jaurlaritzak kanpoan dituen ordezkaritzetan edota ordezkaritza horiei atxikitako bulegoetan ere, deialdi bakoitzean ezarritakoaren arabera.

Beken deialdia aldian-aldian egingo da Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez; ebazpen horretan honako hauek ezarriko dira: deialdiaren helburua, beka kopurua, beka bakoitza garatzeko tokia, beken diru-kopurua eta ordainketa, baloraziorako azpi-irizpideak, horien haztapena eta, beharrezko bada, egin beharreko probak, baita eskaerak aurkezteko tokia eta epea eta eskabide-eredua ere. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net-en ere argitaratuko da.

  1. Bekek hogeita lau hilabete iraungo dute. Bekaduna hasten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea; esleipen ebazpenean zehaztuko da bekaduna noiz hasiko den.

  1. Dekretu honen bidez araututako laguntzen onuradunak izateko, jarraian datozen baldintzak bete behar dituzte eskatzaileek:

    1. Administrazio egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bekak deitzen diren eguna baino lehen, edota ofizialki onartutako euskal etxe baten kide izatea.

    2. Goi-mailako edo graduko unibertsitate tituluduna izatea. Titulu hori ofiziala izan beharko du dagokion herrialdean.

    3. Gehienez 30 urte izatea beken deialdia egiten urteko urtarrilaren 1ean.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura horrelako bekarik ez antzekorik ez eskuratu izana aurretik.

    5. Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik izatea ere. Baldintza hori zehapen aldirako baino ez da ezarriko.

  2. Bekak emateak eta hartzeak ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko bekadunen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.

  1. Eskabideak Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzara zuzenduko dira Lehendakaritza, Nafarroa kalea, 2; 01007 Vitoria-Gasteiz eta aurrez aurre aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzak Herritarren Arretarako dituen bulegoetan edota Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean adierazitako tokietan, betiere deialdiaren ebazpenean ezarritako epean eta eran.

    Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez ere aurkez daitezke, dekretu honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Eskabideei honako agiriak erantsi beharko zaizkie:

    1. NANaren fotokopia. Euskal etxeetako kideek pasaportea aurkeztu beharko dute.

    2. Erroldatze ziurtagiria, eskatzaileak administrazio egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan bekak deitzen diren eguna baino lehen duela egiaztatzeko edo, hala badagokio, euskal etxeak egindako ziurtagiria, bertako kide dela egiaztatzeko.

    3. Goi-mailako edo graduko tituluduna dela egiaztatzeko titulua (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua).

    4. Curriculum vitae-a, ikasketa-espedientea barne hartuaz.

    5. Lortu nahi den bekarako garrantzi berezia duten ikasketen eta esperientzia praktikoaren agiriak. Jatorrizkoa edota kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

      Meritutzat hartzeko egiaztatzen diren ikasketek ofizialtasuna eta balio akademikoa izan beharko dituzte. 7. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, meritu gisa baloratuko diren hizkuntzei buruzko ahozko edo idatzizko gaitasuna egiaztatzea ezinezkoa denean, behar diren probak egin beharko dira.

    6. Eskatzaileak egindako lanen eta argitalpenen kopia.

    7. Karnet-tamainako argazki bat.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura horrelako bekarik ez antzekorik aurretik ez duela eskuratu egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

    9. Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik ez duela eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere ez duela jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

  3. Deialdian horrela aurreikusten denean, eskabideek honako aukera hau jasoko dute: bekaren onuraduna izateko baldintzak egiaztatzen duen dokumentazioa eskura dezake organo kudeatzaileak, beka eskatzen duenak berariaz horretarako baimena eman ondoren.

  1. Aurkeztu den dokumentazioa osorik ez badago Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak eskatzaileari dokumentazio osagarria hamar eguneko epean bidaltzeko eskatuko dio.

  2. Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu epe horretan jakinarazi zaion egunaren biharamunetik hasita, eskaera bertan behera utzi duela pentsatuko da; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

  3. Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda www.euskadi.net-eko Euskal Gizataldeak atalean argitaratuko da. Zerrenda horretan agertzen ez direnek hamar egun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko. Epe horretan erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betikotzat joko da zerrenda eta zerrendan agertzen ez diren eskatzaileak hautaketa prozesutik kanpo geratu direla ulertuko da.

  1. Hautaketa batzorde batek baloratuko ditu merituak; honako pertsona hauek osatuko dute batzorde hori:

    1. Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzaren pertsona titularrak; bera izango da batzordeburua.

    2. Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzara atxikitako bi goi teknikarik.

    3. Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzari atxikitako pertsona batek; bera izango dira idazkaria, eta hitza bai baina botorik ez du izango.

    4. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ordezkaritza parekatuari buruz jasotako printzipioaren arabera, behar besteko gaitasuna, trebetasuna eta prestakuntza duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dela bermatuko da ahal den guztietan.

  2. Hautaketa Batzordeak elkarrizketa egingo die hautagaiei, hautagaiak eskatutako profilera egokitzen diren aztertzeko.

  3. Hautaketa Batzordeak, hala dagokio, adituen aholkuak jaso ditzake; teknikari horiek hitza bai baina botorik ez dute izango.

  4. Batzordeak edozein erabaki hartzeko, batzordekide bik, gutxienez, eman beharko dute aldeko botoa.

  1. Lehiaketa bidez esleituko dira bekak. Horretarako, deitutako beka mota bakoitzean aurkeztutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da aurretik ezarritako irizpideak kontuan hartuta; 50. puntu lortu dituzten eskabideen artetik, aipatutako irizpideen arabera balorazio altuenak lortu eta elkarrizketa egin dutenei esleituko zaie laguntza, deitutako beka kopurua agortu arte.

  2. Hona hemen balorazio irizpideak eta horien ponderazioa:

    1. Ibilbide akademikoa, batez ere interesatuak bekaren arloarekin zerikusia duten gradu ondoko ikasketak egitea, kontuan hartuta lehentasuna izango duela laguntza prestakuntza aldian dauden pertsonei esleitzeak (15 puntu gehienez).

    2. Atzerriko hizkuntzak, batez ere ingelesa, ahoz zein idatziz menderatzea (15 puntu gehienez).

      Ingelesa: 10 puntu esleituko zaizkie B1 mailako ingeles ezaupideak egiaztatzen dituztenei eta beste 5 puntu B2 edota goragoko bat egiaztatzen dutenei.

      Atzerriko beste hizkuntza batzuk: 5 puntu esleituko zaizkie B1 mailako edota goragoko ezaupideak egiaztatzen dituztenei.

    3. Ibilbide profesionala eta egindako ikerketa lanak, beti ere, bekaren arloarekin zerikusia badute (10 puntu gehienez).

    4. Nazioarteko gaurkotasuna behar bezala ezagutzea (15 puntu gehienez).

    5. Kanpoan dauden euskal gizataldeen gaiak behar bezala ezagutzea (15 puntu gehienez).

    6. Euskara jakitea (15 puntu gehienez).

      B1: 5 puntu.

      B2: 10 puntu.

      C1 edo goragoko maila: 15 puntu.

    7. Pertsonaren profil akademiko-profesionala bekaren xedeari egokitzea (15 puntu gehienez).

  3. Aurreko irizpideak baloratzeko, aukeraketa batzordeak egoki iruditzen zaizkion probak egingo ditu.

Beka baliatzea bateraezina da beste beka edo laguntza bat jasotzearekin eta ordaindutako edozein lan egitearekin, ikerketa lanak, irakaskuntza lanak edo norbere konturako lanak burutzearekin ez bada. Lan horiek burutzeko, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak horretarako baimena eman beharko du aurrez.

  1. Aukeraketa Batzordeak egindako balorazioa kontuan hartuta, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren pertsona titularrari bekak esleitzea proposatuko dio. Proposamen hori arrazoitu egin beharko da.

  2. Batzordeak, halaber, ordezkoen zerrenda bat proposatuko du, ukorik edo bestelako gertaerarik izaten den kasuetarako. Ordezko horiek dagozkien balorazio irizpideen araberako hurrenkeran ordenatuko dira, beti ere, hautaketa fasean 50 puntuko gutxienekoa lortu badute.

  3. Bekak esleitu gabe utzi ahal dira, hautagairik ez dagoelako edota deialdira aurkeztu den inork ez duelako lortu eskatutako gutxieneko puntuazioa.

  1. Hautaketa batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren pertsona titularrak eman beharreko ebazpena emango du eta beken onuradunak eta, hala badagokie, ordezkoak izendatuko ditu edo esleitu gabe utziko ditu hautagai egokirik ez dutenak. Ebazpena arrazoitu egin beharko da eta ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

  2. Esleipen ebazpena eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net-en argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

  3. Ebazpen horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

  4. Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, urteroko deialdia argitaratzen den egunean kontatzen hasita.

  5. Epe hori igaro eta interesatuei inolako ebazpenik jakinarazi ez bazaie, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute.

  1. Beka esleitu ondoren onuradunak uko egiten badio bekari, uko egindako aldiari dagokion diru-kopurua jasotzeko eskubidea ere galduko du. Beraz, uko egiten duenak diru-kopuru horretatik aurrez jaso duen zatia itzuli beharko du.

  2. Ordezkoak, hala badagokio, bekari geratzen zaion aldian baliatuko du beka eta aldi horri dagokion diru-kopurua jasoko du.

  1. Bekaren eskabidea aurkezteak dekretu honetan eta urteroko deialdi ebazpenean ezarritakoa onartzea dakar berekin.

  2. Emandako beka onartzea. Ildo horretan, pertsona onuradunak bekari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio beka eman zaiolako jakinarazpena jasotzen den egunaren ondoko hamabost egunetan, beka onartu dela ulertuko da.

  3. Familiaren egoerari buruzko adierazpen bat aurkeztea, onuradunaren egoera fiskala argitu eta, hala badagokio, egin beharreko atxikipen fiskalak egiteko.

  4. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren ikerketa proiektuetan parte hartzea.

  5. Ikerketaren helburuarekin zerikusi zuzena duten mintzaldi, ikastaro, jardunaldi, mintegi eta ekitaldietan parte hartzea, hala badagokio, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak proposatuta. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren kontura joango dira bekadunen inskripzio, bidaia, mantenu eta ostatu gastuak.

  6. Bekadunek zatikako txostenak egin beharko dituzte zati horiei dagozkien ordainketak jaso aurretik eta, egonaldia bukatu ondoren amaierako txostena egin beharko dute. Amaiera txostenean aztertutako gai guztiei buruz, gai horiek planteatzen dituzten arazoei eta egon daitezkeen konponbideei buruz, eta, orokorrean, gaiarekin zerikusia eta interesa daukaten arloei buruz jardungo dira.

  7. Bekaren helburu zehatza betetzeko erabiltzea beka.

  8. Deialdi honen kontura emandako bekei buruz Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak haien eginkizunak betetzeko eska ditzaketen argibide guztiak ematea.

Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzaren egitekoa izango da dekretu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea. Horretarako, zuzendaritza horrek gainbegiratuko ditu bekadunaren jarduerak.

  1. Beka bakoitzaren diru-zenbatekoa deialdi ebazpenak ezarriko du urtero. Diru-zenbateko hori onuradunen mantenuak eta ostatuak eragindako ohiko gastuak ordaintzeko izango da eta beka bakoitza garatu beharreko tokiko bizi-maila kontuan hartuta zehaztuko da.

  2. Bekak ordaintzeko era deialdi ebazpenean zehaztuko da, eta horiek ordaintzeko aurreratutako zatikako ordainketak egiteko aukera aurreikusi daiteke, betiere ordainketa horiek diru-zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrekoak (% 50) baino gehiagokoak ez badira.

Beka esleitzeko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, beka esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak kasuan kasuko likidazio-ebazpena emango du emandako beken zenbatekoak doitzeko.

Beka esleitzea ekarri duten baldintzetakoren bat ez dela bete egiaztatzen bada, ordura arte jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak itzuli beharko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak dirulaguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorrean ezarritakoaren arabera.

Bekaren indarraldia amaitutakoan, horren egiaztagiria emango die Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bekadunei. Bestalde, burutu dituzten jardueren ziurtagiri zehatza ere emango zaie.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bekadunei dagokionez, bi aseguru poliza izenpetuko ditu: istripuetarako aseguru poliza bat, heriotza eta ezintasun iraunkor absolutua edota ezintasun partziala aseguratzeko; eta beste poliza bat, erantzukizun zibilekoa, bekadunaren jarduerak eragin ditzakeen kalteengatik.

  1. Interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta burutzeko, deialdietan horrelakorik aurreikusten bada.

  2. Bitarteko elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak direla eta, aipatutako deialdietan ezarritakoari jarraituko zaio.

Indargabe geratzen da Kanpo Harremanetan eta Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko irailaren 30eko 221/2003 Dekretua, kanpoko euskal gizatalde eta etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekei dagokienean.

Lehenengoa. Dekretu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.