Azken eguneratzea: 2012/06/19

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 500.000 euro emango dizkio Cáritas erakundeari, krisi ekonomikoak eragindako pobreziari aurre egiteko económica

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Euskadiko Caritas erakundeak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute, krisi ekonomikoak eragindako pobrezia-egoerei aurre egiteko. Sailak 500.000 euroko diru-laguntza emango dio Caritasi aurten, Elizaren erakunde horrek dituen harrera-zerbitzuak kudeatu dezaten eta bestelako diru‑laguntzak jasotzen ez dituzten pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko erabili dadin.

Proiektu hori Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak garatzen duen Gizarteratze Aktiboko Euskal Planaren barruan kokatzen da. Plan horren helburu nagusia Euskadiko herritar ahulenek nozitzen duten pobreziaren eta gizarte‑bazterkeriaren aurka borrokatzea da.

Gizarteratze Aktiboko Euskal Plana 2016. urtera arte egongo da indarrean, eta haren erronka eta lehentasunen artean dago gizarte-bazterkeriaren prebentzioa eta tratamendua, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak errazteko aldaketei eta jarduerari ekinez.

Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren tasa murrizteko helburua erdiesteko beharrezkoak diren jarduera-ildoen artean, bi nabarmendu litezke: batetik, egungo babes-mailaren funtsari eustea, diru-prestazioak barne; eta, bestetik, enpleguaren bitartez gizarteratzeko prozesuetan ekintza selektiboa ezartzea. Hau da, diru-prestazioen onuradunengan aldaketa eragin nahi da, horietako batzuk enplegurantz bideratu ahal izateko.

Horren ildotik, herri-administrazioek pobreziaren aurkako borrokan egin duten lanaren osagarri izan da Caritasen jarduna. Horregatik proposatu du hitzarmen hau Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, eta milioi erdi eurorekin hornitu, Caritas erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan egunero egiten duen lana indartzeko. “Caritasen lana eredugarria da, eta erakundea ondo hedatuta dago Euskadi osoan, inork zalantzan jartzen ez duen izen onarekin", adierazi du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Hitzarmena urte honen amaierara arteko indarraldiarekin hasi da, baina urtero luzatu ahal izango da “Euskadin krisiak irauten duen eta laguntza horren beharra duten pertsonak dauden bitartean”, iragarri du Zabaletak.

Hitzarmenak elkarrekin lan egitea ahalbidetuko die sailari eta Caritas erakundeari, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak herritarrentzat jasotzen dituen eskubideak osatzeko eta Euskadik “pertsonen beharrizanen erantzunean eta familien gizarte-bazterkeria arriskuaren aurkako babesean eredugarri” izaten jarraitzeko.

Horrez gain, programa honetan laguntza jasoko dutenen eskubideen eta betebeharren artean egongo da prestakuntza jasotzeko eta lan egiteko prest egotea (orientazioan oinarritutako ibilbideak), horretarako eragozpen zehatzen bat dutenen kasuetan izan ezik.