Azken eguneratzea: 2012/04/27

Arabako gas-aukeren ikerketan lan bateratua eta gardentasuna baliatzearen aldeko apustuarekin amaitu dira gas konbentzionalari buruzko Gasteizko jardunaldiak

Hiru egunez, Villa Suson egunean 250 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira herritarren, gizarte-taldeen eta nazioarteko aditu ospetsuen artean, eta beren jakintza partekatu dute 5 bloke tematikotan banaturiko 24 ponentzietan.

 

 

  • Parte hartu duten nazioarteko zientzialari, gizarte-talde eta alderdi politikoek positiboki balioetsi dute gas ez-konbentzionalaren arloan mundu osoko esperientzien egiazko ikerketak modu irekian ezagutarazteko ahalegina.

 

  • Mahai-inguruek eztabaida irekia ahalbidetu dute Arabako erakundeetako ordezkarien ikuspegi guztien artean.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 26a.- Gas ez-konbentzionalari buruz Gasteizen egindako jardunaldiek atzo itxi zituzten beren ateak hiru eguneko azterketaren ondoren, eta bertan nazioarteko adituek kontrastaturiko froga zientifikoak eskaini zituzten horrelako hobien eta erauzketa-teknika modernoen, hala nola haustura hidraulikoaren, inguruan.

 

Ondorioek azpimarratu dute adostasuna behar dela sentsibilitate guztien artean, informazio-gardentasuna zein fase guztien erregulazio zorrotza tarteko, tekniken behar bezalako aplikazioa bermatzeko eta, horrenbestez, erabateko segurtasun-bermea izateko. Egunero 250 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira jardunaldi irekietan.

 

Ildo horretan, John J. Tintera erregulazio-, segurtasun- eta ingurumen-alderdietako geologo adituak adierazi duenez, teknika horiek modu erabat seguruan aplikatzeko prozesuaren erregulazio osoa behar da, ikerketa hasten denetik ustiaketa uzten den arte, baita teknikak behar bezala aplikatzen direla bermatzen duten ikuskarien sare bat ere. Haren ustez, Texasko estatuan 20.000 putzu baino gehiago bildu dituen esperientziaren ondoren, hots, erabat egokia gertatu den kontrolpean haustura hidraulikoko teknikak aplikatu diren esperientziaren ondoren, erregulazio- eta jardun-protokolo horrek gas ez-konbentzionalaren aprobetxamendua pertsonentzako eta ingurunearentzako segurtasun-berme zorrotzenen pean burutzen dela bermatzen dute.

 

Columbiako Unibertsitateko ikertzaile Maximilian Khun-en ustez, gasa, nazioartean energia askoz ere kutsatzaileagoak —hala nola petrolioa eta ikatza— ordezteaz gain, energia berriztagarrien orokortze zabalerako trantsizioko energia segurua eta jarraitua da.

 

Gas naturala hornidura-energia nagusietako bat izatea eta merkatuan produzitzaile berriak eta hobi ez-konbentzionaletatik datozen bolumen handiagoak agertu izana nazioarteko boterearen oreka berriz definitzen ari da, gas konbentzionaleko herrialde produzitzaile gutxi batzuekiko mendetasun energetikoa murrizten baitu. Horri esker, segurtasuna hobetzeaz gain, gasa eskuragarriagoa da eta prezio lehiakorragoak ditu herritarrentzat. Ildo horretan, putzu-zulaketako hobekuntza teknologikoei eta erregulazio eta ikuskapen zorrotz bati loturiko jardunbide egokiei esker, Arabako eta Europa osoko gasa aukera bat izan liteke nazioarteko merkatu horretan parte hartzeko eta gizartean hazkundea, enplegua eta ongizatea sortzeko.

 

Premisa horiek gertatzeko, gardentasuna ezinbesteko baldintza da New Yorkeko estatuko Ingurumena Zaintzeko Departamentuko komisariondoko Stuart Gruskin-entzat. Arloko aditu horrek adierazi duenez, gas ez-konbentzionalaren arloan dagoen konfiantzarik ez orokorra argumentu generalista eta zehaztugabeetan dago oinarrituta, neurri handi batean. Horregatik, uste du Europa osoan, eta Euskadin ere bai, gas-baliabideen aprobetxamenduari buruz adostasuna lortzeko haustura hidraulikoari buruzko alderdi tekniko guztien gardentasun-politika aplikatu behar dela, arazoa ez baitago teknologia heldu eta segurtasun kontrastaturiko horretan, baizik eta dagokion aplikazioaren jardunbide egokietan.

 

Arabako gasaren ikerketari buruzko ikuspegi eta iritziak eta alderdi guztiek hori burutzeko dituzten prozedurak jarri ditu mahai gainean Arabako alderdi politikoen mahai-inguruak. Horrela, gaur egungo egoera energetiko eta ekonomikoa, proiektuari buruzko guztian behar den gardentasuna eta eredu energetikoa bera izan dira mahai-inguruko ardatz, batez ere jarrera guztien arteko oreka lortze aldera.

 

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osaturiko erakunde arteko batzordea osatzen duten hiru administrazioek partekaturiko ekitaldiaren antolamendua oso pozik agertu da jardunaldietan herritarrek izan dute parte-hartze mailarekin, aditu, gizarte-talde eta erakunde-ordezkariek planteaturiko iritzien aniztasunarekin, eta azterketa zientifikoetan oinarrituriko informazio kontrastatua aurkeztu duten adituekin.

 

 

Horrela, hiru administrazioak bat datoz Arabako gasarekin loturiko alderdi guztietako segurtasun-bermeen aldeko apustuarekin, izan ere Administrazio Publikoa baita ingurumena eta pertsona guztiak babesteko protokoloak zorrotz aplikatzearen bermatzailea euskal gas-baliabideen ikerketa-fase guztietan.