Azken eguneratzea: 2012/07/06

Jardunaldia: 'Segurtasun pribatua, bitartekotza eta kontsumo-arbitrajea Euskadin' (Bilbao, 2012ko uztailaren 18a)

Kontsumobidek bitartekotzaren eta arbitrajearen aldeko apustua egin du segurtasun pribatuko enpresen artean

Kontsumobidek eta AECRA elkarteak lankidetza-protokolo bat sinatuko dute erabiltzaileen eta segurtasun-arloko zerbitzuak ematen dituzten enpresen arteko gatazkak arbitraje-sistemaren bidez konpondu daitezen sustatzeko

Kontsumobide (Kontsumoko Euskal Institutua) erakunde autonomo gisa sortu zen, berezko nortasun juridikoa, autonomia administratibo eta ekonomikoa eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa dituela. Erakunde hori sortu zuen legearen arabera, horren eginkizuna da, besteak beste, kontsumo-gaietan gatazkak konpontzeko tresna gisa bitartekaritza eta arbitrajea bultzatzea.

Horrela, Kontsumobidek (Kontsumoko Euskal Institutua) eta AECRA elkarteak (herritarren segurtasuneko jarduerak ezagutu eta arautzeko Europako profesionalen elkartea) “Segurtasun pribatua, bitartekotza eta kontsumo-arbitrajea Euskadin” jardunaldia antolatu dute. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan egingo da (Nicolás Alkorta kalea, 2. zk., Bilbao), 2012ko uztailaren 18an.

Jardunaldiaren programa (pdf, 42 Kb)
Izena emateko orria (pdf, 29 Kb)
Segurtasun pribatuari buruzko araudia. Laburpena (Iturria: AECRA) (pdf, 471 Kb) [es]

Jardunaldiaren helburuak dira segurtasun pribatuko araudia eta sektore horretako kasu praktiko batzuk ezagutu eta eztabaidatzea, eta epaitegiez kanpoko konponbide batzuk aztertzea, esate baterako, Kontsumoko Arbitraje-sistema, segurtasun pribatuaren esparruan lan egiten duten enpresa eta elkarteak Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeari atxikitzea bultzatuz.

Gaiak piztu duen interesa ikusita eta gaia garrantzitsua denez, honako hauek parte hartuko dute jardunaldian: kontsumitzaileen informaziorako udal bulegoetako ordezkariak, kontsumitzaileen elkarteak, enpresari elkarteak, Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko arbitroak, funtzionarioak, segurtasuneko eta herrizaingoaren arloko erakundeak eta beste laguntzaile batzuk.

Prestakuntza-jardunaldi hauek erakusten dute Kontsumobidek apustu argia egin duela segurtasun pribatuko enpresen esparruan ere kontsumo-gaietako gatazkak konpontzeko tresna gisa bitartekaritza eta arbitrajea sustatzeko.

Kontsumobidek azpimarratzen du kontsumoko arbitrajea dela kontsumitzaile edo erabiltzaileen eta enpresa, merkatari edo zerbitzu-emaileen arteko gatazkak konpontzeko judizioz kanpoko sistema azkarra, doakoa eta eraginkorra delako eta, nahiz eta borondatezkoa izan, hori baliatzea onartzen bada, erabakia loteslea eta betearaztekoa izango delako.

Bestalde, Kontsumobidek gogorarazten du arbitraje-sistemari atxikitzen zaizkion enpresek berme handiagoa ematen dietela beren produktu eta zerbitzuei, eta horrek konfiantza handitzen duela kontsumitzaileengan.

 

Ana Collía Kontsumobideko zuzendariari egindako elkarrizketa jardunaldiari buruz (Punto Radio Euskadi. 'Primera hora en punto' saioa. 2012ko uztailaren 18a)

(mp3, 5 Mb) [es]