Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

ZUZENEAN zerbitzuaren bitartez egindako herritarrei arreta gehitzen doa, egunean ia 4000 kontsultari arreta emanez

egilea: Pegip2020, 

 ZUZENEAN Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak 488.692 kontsulta jaso ditu 2019ko lehen seihilekoan, eguneko ia 4.000 batez beste. Horietatik % 54,64 aurrez aurreko arreta izan ziren, % 41,8 telefono bidezko arretak 012 zenbakian, % 3,14 www.euskadi.eus Interneteko postontziaren bidez, eta % 0,39, berriz, Telegrameko bat-bateko mezularitza baliatuz.

Guztizko kontsulta kopurua 2018ko epe berdinean baino handiagoa da, 13.618 gehiago jasoz (% 2,87 hazi da). Igoera hau on-line kanaletan eman da batez ere, Euskadi.eus-eko postontzi elektronikoan egindako kontsultak ia % 10 igoz eta bat-bateko mezularitza-zerbitzuen erabilera nabarmenduz, Telegram tresna erabilita -honen abantailak aurreko sarrera batean zehazten dira-, % 34,68 hazitakoa (ia 2.000 kontsulta bide honetatik).  

Gehien kontsultatzen diren gaiei dagokionez, aurreko urteotan bezala, etxebizitza, gizarte-gaiak eta hezkuntza dira.

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoa 2020k, bere hirugarren ardatzan (herritarrekiko harremanak), ZUZENEAN garatu eta hobetzea du xedetzat, pertsonei zerbitzuak eskuratzea erraztuz eta bitarteko askoren bidezko zerbitzu eraginkor bat bermatuz.

Helburu honi jarraituz, Eusko Jaurlaritzak herritarrek Administrazioarekin dituzten elkarrekintzen kalitatea hobetzeko lan egiten du egunero, baita barne-kudeaketaren kalitatea eta ZUZENEAN herritarrentzako arreta-zerbitzuan esku hartzen duten askotariko eragileen koordinazioa ere, herritarrei sor dakizkiekeen zalantzak albait lasterren eta zehaztasun handienaz artatu eta argituz, haien administrazioarekin harreman erraza eta argia izan dezaten.

Datu hauei buruzko informazioa gehiago eta estatistika zehatzagoak ikusi nahi ezkero Irekian argitaratutako berri honetara jo daiteke, hala nola Zuzenean zerbitzuko webgunean, non hileroko informazioa eguneratua ematen den.