Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Javier Bikandi DACIMAko zuzendariak OCDEren Herritarren Partaidetza Berritzailearen Sarean parte hartu du

OECD

egilea: Pegip 2020, 

Joan den urtarrilaren 29an, Javier Bikandi Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariak Manchesterreko People’s History Museum-ean egindako Herritarren Partaidetza Berritzailearen Sarearen topaketan parte hartu zuen ("OECD Innovative Citizen Participation Network Meeting”)

OCDEk (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) sustatutako sarea da, eta dagoeneko asmatzen, prototipoak sortzen eta gobernu irekiko formula berritzaileak testatzen ari diren pertsonak eta erakundeak biltzen ditu. Sareko kideak hemen kontsulta daitezke.

Bikandik hainbat mahai-ingurutan parte hartu zuen. Bertan parte-hartzaileek esperientziak partekatzeko aukera izan zuten.

Joan den ekainean egin zen Sarearen lehen bileran jasotako ekarpenek lanaren ikuspegia taxutzen lagundu zuten. Sareko kide ugariren laguntzarekin, datu asko bildu eta baliozkotu dira hilabete hauetan. Datu hauekin OCDEk txosten bat egin du erabaki publikoak hartzeko deliberazio prozesuen erabilera sakon aztertzeko. Txosten hori 2020ko ekainean argitaratuko da, Sareak Manchesterren egindako bilera honetan jasotako ekarpen gehigarrien ondoren.

Urtarrilaren 29ko bileran, atariko emaitzak partekatu ziren, ekarpen berriak jaso, lana zabaltzeko hainbat modu identifikatu eta edukiak aztertu ziren, txosten hori Sareko parte-hartzaile guztientzat erabilgarria izan zedin. Bileraren agenda hemen kontsulta daiteke.