Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Euskadi, Administrazio digitalaren Estatuko liderra, EYren txosten berri baten arabera

egilea: Pegip 2020, 

Ernst & Young (EY) kontsultoretza eta auditoretza arloko multinazional ezagunak administrazio publikoen heldutasun digitalari buruzko txosten bat argitaratu berri du, egun indarrean dauden Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean jasotako oinarrizko eskakizun guztien betetze maila aztertuta.

Pixkanaka-pixkanaka ezarriz joango diren arau horiek erabat indarrean egon behar dute 2020ko urriaren 2tik aurrera, abuztuaren 31ko 11/2018 Errege Lege-Dekretuan onartutako luzamenduaren ondoren.

Administrazio digitalak paradigma aldaketa ekarri du zerbitzu publikoak emateko moduan eta administrazio publikoen funtzionamenduan, eta horien funtzionamendu digitalerako oinarriak finkatu ditu. Administrazio publiko guztiak aldez edo moldez aintzat hartzen ari diren eraldaketa digital hau, betebeharra ez ezik, alde guztien (herritarrak, enpresak eta administrazio bera) mesedeko erronka handia ere bilakatu da.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren PEGIP 2020 (Gobernantza eta Berrikuntza Publikoaren Plan Estrategikoa) deritzonak helburu estrategikotzat jo ditu administrazio elektronikoaren ezarpena eta hedapena eta zerbitzu elektronikoen eskaintza osatu eta horren erabilera sustatzea.

Arestian aipatutako legeen 132 eskakizunetan oinarritutako txosten honen arabera, Euskadi da autonomia-erkidegorik aurreratuena funtzionamendu digitalari dagokionez, eskakizun horien % 94,7 betetzen baitu, eta Euskadiren ondotik daude Galizia (% 94,2), Katalunia (% 93,5), Asturias (% 90,2) eta Madril (% 89,5).

Azterlan honetan, kanpoko erabiltzaile baten ikuspegitik aztertu dira administrazio publikoen aurrerapenak sei esparru hauetan: web ataria; egoitza elektronikoa; herritarrentzako nahiz enpresentzako laguntza; nortasun digitala eta sinadura elektronikoa; ordezkaritza eta erregistro elektronikoa, eta komunikazioa eta jakinarazpenak.

Euskadiri buruzko erreferentzien artean, EYk honako alderdi hauek nabarmendu ditu txosten honetan:

  • Herritarren eskarietarako, Gobernuaren proposamen eta erantzunetarako eta Parlamentuaren galderetarako atala duen web ataria izatea.
  • Egoitza elektronikoarekin lotutako eskakizunetan aitzindaria izatea, herritarrei eta enpresei zerbitzu arina eta eraginkorra eskainiz, nabigazio eta zerbitzu-zorro zabalarekin batera.
  • Estatuko jardunbiderik onenetakoa izatea herritarrei eta enpresei bitarteko elektronikoen bidez arreta emateari dagokionez.
  • Herritarrentzako komunikazio eta jakinarazpenetan, bitarteko elektronikoak erabiltzea jakinarazpen mota hau aukeratu duten interesdun eta interesik gabeko aldeei jakinarazpenak egiteko, eta bide honetan beste aurrerapauso bat ematea komunikazioak herritarren karpetaren bidez edo jakinarazpenen postontziaren bidez helaraziz, jardunbide honetan Galiziarekin batera erreferente bilakatu delarik.
  • Ordezkaritza eta erregistro elektronikoari dagokionez, hauxe baita txostenaren arabera Autonomia Erkidegoek hobetu beharreko alderdietako bat, Euskadi da, Galiziarekin batera, puntuaziorik onena lortu duen autonomia-erkidegoa, betetze-mailaren % 83 gainditu ez duen arren.

Laburbilduz, txosten honek Euskadi buruan kokatu du administrazio digitalaren arloan egindako ahalegin handiagatik. Hala eta guztiz ere, bide luzea dago oraindik jorratzeko, eta horren kariaz, Eusko Jaurlaritzak, inbertsioei nahiz antolaketari dagozkien ahaleginak egiten jarraituko du administrazio elektronikoari buruzko lege-eskakizun guztiak lehenbailehen betetzeko eta herritarren beharrei modu egokian erantzun ahal izateko.

Esteka honetan eskura dezakezu txosten osoa:

ESPAINIAKO ADMINISTRAZIO DIGITALARI BURUZKO TXOSTENA (leiho berri batean irekitzen da)