Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

BID-REX proiektua: biodibertsitate-politiken garapena elkarlanean sustatzen

egilea: Marta Iturribarria, 

Naturaguneak eta biodibertsitatea babesteko politika egokiak sortu ahal izateko, beharrezkoa da biodibertsitateari buruzko informazio koherentea, egokia eta egituratua erabiltzea, erabakiak zuzen hartzea ahalbidetuko diguna.

Politika horien aplikazioaren arrakasta, berriz, gizarte zibilaren, erakunde pribatuen eta botere publikoen ulermenaren eta inplikatze-mailaren mende dago, biodibertsitatea babestea helburu duten neurriak gauzatzearen garrantziaz jabetzearen mende, alegia.

Natura-ondareak eta biodibertsitateak garrantzizko eginkizun soziala betetzen dute, lotura estua dutelako pertsonen ongizatearekin, osasunarekin eta garapenarekin, eta ekarpena egiten diotelako garapen sozial eta ekonomikoari. Hil ala biziko garrantzia duen lana da herritarrek, oro har, natura-ingurumenari buruz duten hezkuntza, sentsibilizazioa eta informazioa handitzea, natura herritarrengana hurbilduz. Natura-ondarearen kontserbazioan zuzenean parte hartzen ez duten agenteak inplikatuz gero, aukerak bila daitezke berrikuntzan nahiz enplegu-sorkuntzan, biodibertsitateari buruzko informazioaren ekoizpenari, kudeaketari eta erabilerari lotuta.

Informazio konplexua da biodibertsitateari buruzkoa, jakintza zientifikoz osatutako oinarri garrantzitsua eta guztiz espezializatua duena. Eragile askok kalitate handiko ezagutza ekoizten dute, erabilgarria izan daitekeena erabakiak hartzeko. Ezagutza horren zati handi bat diru publikoarekin finantzatu da. Beraz, hura eraginkortasunez erabiltzeko eta herritarren eskura jartzeko ardura dugu, beste batzuek balio berria sortu ahal izan dezaten gizarte osoarentzat.

Eusko Jaurlaritzan urteak daramatzagu lanean bai azpiegitura teknologikoa bai ezagutza-sarea garatzen. Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema informazioa integratzeko, kontsultatzeko eta aztertzeko tresna bat da, datuak berrerabiltzeko eta pertsona eta erakundeek elkarlanean jarduteko aukera ematen duena. Eskura dagoen informaziorik onenarekin elikatu nahi dugu sistema, eta horretarako lankidetza-eredu berriak garatzen ari gara, parte hartzeko eta gizarte zibilarekiko elkarrizketarako guneak eta arlo publikoaren eta pribatuaren erantzukidetza sustatzen, kalitate handiko ezagutza-sarea edukitzeko, erabakiak hartzen lagunduko duena, informazioaren erabiltzaile, ekoizle eta eragile guztien beharrizanak kontuan hartuz.

BID-REX - Biodibertsitateari buruzko datuetatik erabakietara: Naturaren balioak hobetzea eskualde-mailako garapen-politikak hobetuz izeneko Interreg proiektuak aukera ematen digu Europako beste eskualde batzuekin gai horiei buruzko esperientziak trukatzeko eta ikasteko. Proiektuak iraungo duen bost urteetan jardunbide egokiak, ideiak, beharrizanak eta konponbideak trukatuko ditugu bai eskualde-mailan bai eskualdeartekoan, halako moldez non horren guztiaren bi norabideko fluxua eragingo baita eskualde-mintegietatik eskualdeartekoetara eta alderantziz.

Ekintza-plana eta gida prestatuko ditugu Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, eskualdeko zein eskualdearteko mintegietan ikasitakoak oinarri harturik, honako helburu hauen lorpenerantz aurrera egiteko:

  • Aurrekontu-esleipenean eta funts publikoek finantzatutako ekintzen inpaktuaren jarraipenean lehentasunak ezartzea halako moduan non biodibertsitatearen gaineko informazio garrantzitsua eskaintzen duten ekintzak finantzatuko baitira, eta bermatu egingo baita, gainera, sortutako informazioa berriz erabili ahal izatea, balio publiko berriaren ekarpena egiteko.
  • Giltzarri diren jarduleak (kudeatzaile, GKE, profesional, ikertzaile eta abarrekoak) biodibertsitateari buruzko intereseko datuak integratu beharraren inguruan inplikarazten dituzten foro sektorialak sustatu eta hobetzea.
  • Parte hartzen duten jardule guztien trebetasunak hobetzea biodibertsitateari buruzko informazioaren ekoizpenarekin, kudeaketarekin eta erabilerarekin zerikusia duten arloetan.
  • Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemak eta Ezagutza Sareak plangintza-, kudeaketa-, jarraipen- eta ebaluazio-prozesuetan eskumen publikoak egoki garatzeko duten eginkizuna sendotzea.

BID-REX proiektua Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria hedatzeko prozesuaren parte da, eta horretan Innobasquek berrikuntza sozialaren arloko esperientzia, trebetasunak eta baliabideak eskaintzen ditu, toki-eragileak parte hartzen ari diren lankidetza-prozesuei laguntzeko.

Informazio gehiago BID-REX proiektuari buruz