Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Euskadi, Transparency International-ek lantzen duen autonomia-erkidegoen gardentasunari buruzko rankingeko buru

Euskadi, Transparency International-ek lantzen duen autonomia-erkidegoen gardentasunari buruzko rankingeko buru

egilea: Javier Bikandi, Abendua 19, 2016

Ostiralean argitaratu zen Transparency International erakundeak landutako Autonomia-Erkidegoen Gardentasunaren Indizea (INCAU), 80 adierazleren bitartez Autonomia-Erkidegoen gardentasun-maila neurtzea xede duena. Atsegin handia izan da berriz ere Euskadi garaile ikustea (100 puntutik 100), bigarren postuan Balear Uharteak, Katalunia eta Madril daudela (98,1na punturekin).

Atsegina erabatekoa izan da, gure lanak emaitzak ekarri dituela egiaztatzean, nahiz eta adierazle berriak konplexu samarrak izan diren. Gainera, ebaluazio kualitatiboak beste erronka bat ekarri du, informazio hau eskuragarri, ulertzeko moduan, etengabe eguneratua eta berrerabiltzeko aukerarekin argitaratzeko helburua zegoelako. Informazio guztia Gardena izeneko gure gardentasun-atarian eskura daiteke.

Hala eta guztiz ere, "gobernu gardena" izatea ez da bakarrik gardentasun-atari on bat izatea edota rankingetan lehen postua lortzea, nahiz eta hori guztia nahitaezkoa izan den gardentasunaren kulturan murgildu eta aurrera egiteko. Gobernu gardena izateko, derrigorrezkoa da, bereziki, gardentasunaren kultura bultzatuko duen lidergo politiko sendo bat eta kultura hori garatuko duten pertsona gaituak eta inplikatuak izatea.

Sarrera honetan, taldeka eta ekinaren ekinaz Eusko Jaurlaritzan gardentasunaren kultura bultzatzen ari diren pertsonen lana nabarmendu nahi nuke, beren-beregi. Pertsona hauek Sail bakoitzaren barruko antolakuntzako gardentasun-unitateetan lan egiten dute, prozeduren digitalizazioan, tramitazio elektronikoan, herritarrentzako arretan, kontratazioan, aurrekontuetan, Funtzio Publikoan, webgunean, datuen berrerabilpenean, EJIEn edota gardentasun-unitatean bertan. Aparteko aipamena merezi du Koldobike Uriartek Zuzendaritzatik proiektua koordinatzeko egin duen lana.

Baina etorkizuneko benetako erronka administrazio eta gobernuen jarduna gidatu behar duten balioen aldaketa da. Jardun publikoaren osotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia, partaidetza eta herritarrekiko lankidetza eta balio publikoaren sorkuntza oinarri dituzten kulturetara jo behar da. Administrazioek ez dute arazorik izan behar gobernu garden onak bihurtzeko. Hauxe da erronka nagusia, eta Eusko Jaurlaritza bide onean dago, gardentasunari buruzko auditoretzak berretsi duenez.