Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Herritarren partaidetza Eusko Jaurlaritzako ekimenetan, "VIII Getxoblog Topaketan"

Herritarren partaidetza Eusko Jaurlaritzako ekimenetan, "VIII Getxoblog Topaketan"

egilea: Koldobike Uriarte, Azaroa 29, 2016

Azaroaren 26an, larunbata, Getxoblogen urteroko topaketaren VIII. edizioa ospatu zen, BiscayTIK ezagutza-zentroan. Topaketa bloger aktiboei zuzenduta zegoen, ezinbesteko aliatuak baitira herritarren artean Internetek eskaintzen dituen aukerak zabaltzeko, baita Getxo ziberespazioan ezagutarazteko ere. Ekitaldia streamingez transmititu zen.

Hasiera eman zioten Getxoko Udalak, BiscayTIK fundazioak eta topaketaren antolatzaileek (Mikel Agirregabiria, Getxoblogetik, eta Julio Usandizaga, Internet&Euskaditik). Ondoren, Getxoblog, Harea&Ur (Hondarra eta Ura) eta Airea (Aire) sariak banatu zitzaizkien Enrique Rodali (EuskadiTeknologia), Nati de la Puertari (Jaio, la espia...eta beste blog batzuk) eta "Doce miradas" blog kolektiboari.

Jarraian, mahai-inguruak egin ziren. Lehena hezkuntzari buruz izan zen: "zer egoeratan dagoen gaur egun , zein diren erronkak, metodologiak eta agertzen ari diren teknologiak". Monica Mediavillak moderatu zuen eztabaida, Gorka Palacioren, Jaio de la Puertaren eta Asier Gallastegiren partaidetzarekin. Oso mahai-inguru interesgarria izan zen, aztertu baikenuen zer paper jokatzen duen hezkuntzak egungo gizarte likido honetan, nola defenditu behar den ikasteko eta irakasteko pasioa, erne entzutea, disruptiboaren jakinmina, eta zer garrantzitsua den konfiantzazko testuinguru bat eraikitzea, hutsegitea ikasteko tresna eta berritzeko motorra izan dadin.

Hurrengo mahai-inguruak "Politika eta partaidetza" izan zuen hizpide, eta Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuritik abiatuta Eusko Jaurlaritzan herritarren parte-hartzea nola enfokatzen dugun eta zer tresna erabiltzen ditugun aurkeztu genuen. Post honi erantsi diogu erabilitako aurkezpena.

Mahai horretan egon ziren, halaber, Amaia Agirre (Getxoko zinegotzia) eta Sonia Prieto eta Teresa Garcia Oviedo (Asociación Civis). Parte-hartze politikoak kanalez eta tresnez gainera aldaketa kulturala eskatzen du, halakoa non bakarrik lortuko den "parte-hartzearen herrialdera bidaia asko eginda" (Parte-hartzearen herrialderako Gida. Esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako 100 orientabideak").

Azkenik, hirugarren mahai-inguru bat egin zen eztabaidatzeko zer eragin duten gure gizarte digitalean masen hedabideek eta hedabide sozialek, zer arazo sortzen dituzten eta zer aukera ematen. Parte-hartzaileak Dani Alvarez (EITB) eta Bea Santo-Tomás (Diario VAsco) izan ziren, eta moderatzailea Eva Guerra. Nahiz eta sare sozialak oso garrantzitsuak diren berehalako informaziorako, kezka ere sortzen dute, berehalakotasun horrek ez duelako informazioa kontrastatzeko aukerarik ematen eta, aldi berean, ikuspegi-polarizazioa eragiten duelako, grisak baztertuz eta lankidetzaren eta ikuspegi-aniztasunaren ordez konfrontazioa bultzatuz.