Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Berrikuntza (soziala) eta politika publikoa

egilea: Gotzon Bernaola, Martxoa 17, 2016

Gaur egun, Berrikuntza Sozialaren garrantzia, eraginkortasuna eta jasangarritasuna hori egiten duten erakundeek eta harremanek bermatzen dute. Eskenatoki horretan, organismo publikoek, erakundeek eta gizarte zibilak elkarren beharra dute, esku-hartze politikoak, araudiak, antolakuntza-ereduak, eskala eta eragin handia kontuan hartzen dituzten lan-praktikak eta harremanak egokiak diren ebaluatzeko eta berrikuntza sozial jasangarri bat bermatzeko.

Oso zabaldua dagoen iritziaren arabera, politika publikoen arreta gehiegi zentratzen da epe motzeko finantzaketan, neur daitezkeen ondorioetan eta komunikabideetako presentzian. Horren ondorioz, «paisaia-aldaketari» ez zaio behar adina garrantzi ematen, ez delako gizarte zibilak parte hartu eta jarduteko duen ahalmena balioesten, eta gaur egiten duguna transakziozko elkarrizketa bat delako, gure gizartearekin eraldatzeko elkarrizketa bat izan beharrean. Leku eta denbora gutxi dago berrikuntzarako, eta hori dela-eta esku-hartze kontserbadoreak egiten ari dira. Gainera, emaitza immaterialak gutxietsi egiten dira.

Politika publikoek berrikuntza soziala sustatu eta defendatzeko dituzten moduak ikertzeko asmoarekin, hainbat aditu eta eragile bildu dira Bilbon 2016ko martxoaren 8tik 10era: Txekiar Errepublikako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Ministerioa, Poloniako Enpresarien Garapenerako Agentzia, Inspiring Scotland proiektua, Devongo Konderria (Erresuma Batua) eta Batheko Unibertsitatea (Erresuma Batua) eta Poloniako Kozminski Unibertsitatea, Innobasque-Euskal Berrikuntza Agentziarekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria eta gure lurraldean Jaurlaritzak liburu horretan hartu zituen konpromisoak betetzeko egiten ari diren jarduerak oinarri hartuta, aditu-taldea Euskadira etorri da ekimen hori aztertzera. Bisita horretan, sakon aztertu dituzte gure lurraldean berrikuntza sozialerako eta herritarren parte-hartzerako dauden legeak eta estrategiak.

Administrazioak Euskadin alor hori bultzatzeko egin dituen jarduera batzuk ezagutu eta aztertu ditugu hainbat ereduren bitartez: Berrikuntza Publikoaren Plana eta Aurrerabide kudeaketa aurreratuko eredua, osasunean parte hartzeko estrategia edo Emakunde Berdintasun Legea parte-hartzearen bidez ebaluatzeko garatzen ari den eredua. Udal-alorreko bilakaera Bilboko Udalaren eskutik ezagutu eta aztertu da.

Bileraren hiru egunetan honako gai hauek landu dira: ezartzen ari garen politika eta zerbitzuak sortzeko modua egokiena den, haiengatik espero dugun azken helburua lortzeko; erabiltzen diren estrategiaren ikuspuntua eta epeak; politika eta zerbitzuak sortzeko elkarrekin egiten den sorkuntza eta parte-hartze lanaren eskenatoki horretan esperimentazioak eta partekatutako ikasketak duten balioa eta, azken finean, gauzak egiteko modu berri hauek dakartzaten harremanen kalitatea, elkarrizketa eta berrikuntza. Ez dugu ahaztu behar horrekin hausnarketa kritiko bat eragin nahi dela, desberdinen arteko konfiantza eta elkarrizketa sortu nahi dela publikoaren eta pribatuaren lankidetza errazteko, eta ikuspegi estrategiko partekatu bat eta epe luzeko lankidetza eta ikuspegia duten balore batzuk indartu nahi direla.

Aditu horiek Euskadiko esperientziaren antzeko beste ekimen batzuk ezagutzeko egingo dituzten bisitekin eta haien azterketa eta analisiekin «taldeak oinarri ekonomikoen bidez berrikuntza sozialaren eragina sustatu nahi du».