Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

2025ean euskal enpresa guztiek Administrazioekin harremanak izango dituzte Internet bidez

2025ean euskal enpresa guztiek Administrazioekin harremanak izango dituzte Internet bidez

egilea: PIP taldea, Otsaila 24, 2015

Euskadiko Administrazio Elektronikoaren Barometroak emandako datuen arabera, horren erabilera gero eta handiagoa da enpresen nahiz hiritarren artean. Hauexek dira, labur-labur azalduta, baieztapen hori egiteko aukera ematen diguten datuak:

Enpresei dagokienez, hauxe nabarmendu behar da:

  • Bi faseko hazkundea gertatu da: 2000 eta 2008 urteen artean, gehikuntza nabaria gertatu da Administrazio Elektronikoaren Erabileran (aurrerantzean, AEE). Denbora-tarte horretan, zortziz biderkatu da Administrazio Elektronikoa erabili duten establezimenduen kopurua, 9.731tik 81.940ra igaroz. 2008tik aurrera, aldiz, krisi ekonomikoak hazkunde hori moteldu du, nahiz eta 2009tik 2013ra bitartean AEEk hazten jarraitu duen, 90.019 establezimendutara iritsi arte, hau da, establezimendu guztien % 54,5 (Lehen Sektorekoak bazterrean utzirik). 10 langile edo gehiago dituzten enpresetara mugatuz gero, 2013ko portzentajea ia % 90ekoa izango litzateke. Ondorioz, hazkunde-erritmoa bere horretan mantenduko balitz, hamarkada bat beharko litzateke, gutxi gorabehera, EAEko enpresa guztiek Administrazio Elektronikoa erabil dezaten.
  • Establezimenduen % 20,3k Prozedura Administratiboak era guztiz elektronikoan tramitatzea lortu dute 2013an. Puntu honetan, atentzioa emateko modukoa dugu 2012ko portzentajea: % 22,5.
  • Gainera, 2013an, Euskadiko establezimenduen % 45ek harreman elektronikoa izan zuten Foru Aldundiekin; ia %40k Estatuko Administrazioarekin; % 36 baino zertxobait gehiagok Eusko Jaurlaritzarekin; % 22 baino gehixeagok Tokiko Erakundeekin eta % 5 eskas batek Europar Batasunarekin eta beste batzuekin. Azken hau izan ezik, emandako kopuruak 2012koak baino handiagoak dira.

Herritarrei dagokienez, aldiz, zera esan liteke:

  • 16 eta 74 urte tarteko herritarren % 38 baino gehiagok Lehiatila Elektronikoetara jo izan dute 2013ko azken hiruhilekoan. Emakumeen kasuan, portzentaje hau % 37koa izan da. Bi kopuru hauek 2012ko azken hiruhilekokoak baino handiagoak dira.
  • Enpresetan bezalaxe, Herritarren artean ere, AEEk goranzko bilakaera lineala izan du, 2012an izan ezik.
  • Azkenik, bisitatutako Administrazio desberdinen webei dagokienez, % 74 Eusko Jaurlaritzarenak dira, % 10 Foru Aldundienak, % 5 Udalenak eta ia % 10 EHUrenak.