Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Lankidetza Euskadiko Herri Administrazioaren Lege berriranzko bidean

Lankidetza Euskadiko Herri Administrazioaren Lege berriranzko bidean

egilea: Koldobike Uriarte, Ekaina 5, 2014

Euskadiko Herri Administrazioaren Legearen aurreproiektua kanpoko eta barruko pertsona eta eragileen artean zabaldu, kontrastatu eta elkarlanean lantzeko fasea amaitzen ari gara. John Stuart Mill-ek zioenez, "lankidetzaren aurrerakada dugu zibilizazioaren aurrerakadaren neurririk onena", eta administrazioaren aurrerakadaz ari garenez gero, arreta berezia egin diogu legeak arautzen duen -euskal administrazio publikoaren antolaketa eta funtzionamendua- gaiari buruzko kontzientzia kritiko eta propositiboa sortzeko prozesu kolektiboari. Euskal administrazio publikoak bizitza sozial eta ekonomikoaren berraktibatzaile eta erregulatzaile gisa duen eginkizuna gero eta beharrezkoagoa eta gero eta konplexuagoa da, eta ondorioz, derrigorrezkoa da administrazioa egituratzea, irekiagoa eta herritarrentzat irisgarriagoa, eta biziagoa eta eraginkorragoa izan dadin, betiere herritarrak informatuagoak, parte-hartzaileagoak, aktiboagoak eta balio publikoaren sorkuntzaren erantzukideak izateko helburuari begira. Hauxe da gure lege aurreproiektuan erregulatutako edukiari eusten dion filosofia. Lehenik eta behin, etxe barruko talde teknikoek egindako lan eskerga aitortu behar dut, Lehendakaritzako koordinazio-taldea eta lege-araubideko, esku-hartzeko, funtzio publikoko eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako lankideak barne, testua barruko lantaldeen artean landu baitute, oso-osorik. Prozesu parte-hartzaile honetan, nabarmentzeko moduko gertaerak izan dira. Hona hemen garrantzitsuenak:
  • 2014ko apirilaren 2an: Legeari buruzko lehenengo testu egituratua Irekian. Zabalik dago oraindik eztabaidatzeko eta iruzkinak egiteko. Kontsulta-aldia itxi bezain laster, ekarpenak eta hartutako erabakiak laburbiltzen dituen txostena argitaratuko da.
  • 2014ko maiatzaren 27, 28 eta 29an: langile publikoentzako aurkezpen eta eztabaida saioak antolatu ziren Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko, Donostiako eta Bilboko ekitaldi-aretoetan.
Zerrenda honetako azken gertaera atzokoa izan da, ekainak 4: Herri Administrazioaren Lege Aurreproiektuari buruz Bilboko Itsas Museoan antolatutako aurkezpen, eztabaida eta ekarpen jardunaldia. Ekitaldi honetan, Legea idazteaz arduratu den lantaldeaz gain, gai honetan trebatutako bi adituk ere parte hartu zuten: Manuel Villoria Mendieta, Transparency International Espainiaren sortzailekide eta Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedraduna, eta Lorenzo Cotino Hueso, Valentziako Unibertsitateko Konstituzio-Zuzenbideko katedraduna (akreditatua) eta www.derechotics.com sarearen koordinatzailea. Hauen agerraldiak oso iradokitzaileak izan ziren. Manuel Villoriak gobernantza ona delako kontzeptua, honi atxikitako balioak eta ezarkuntza errazteko bitartekoak aztertu zituen . Bestalde, Lorenzo Cotinok gardentasuna eta partaidetzaren erregulazioari erreparatu zion, teknologia berriek eta sare sozialek administrazioei esparru honetan eskaintzen dizkien aukerak arakatuz, eta gobernantzaz eta honen ulerkuntza juridikoaren zailtasunez ere hitz egin zuen. Esteka hauetan, Cotinoren 2 testu arras gomendagarri dauzkazue aipatutako gaien inguruan, eta jardunaldian erabili zuen aurkezpena: > Zuzenbidea eta Gobernu Irekia > Gobernantza kontzeptuaz eta honen ulerkuntza juridiko zailaz Jarduera honetan, euskal gizartea eta honen ehun sozial, ekonomiko eta instituzionala ordezkatzen dituzten 100 pertsona inguruk parte hartu zuten, galderak eta proposamenak eginez edo gogoetak partekatuz. Bistan denez, Lege hau lantzeko ibilbidea luzea eta trinkoa izan da, baina ez digu hutsik egin herritarren eta eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalen laguntzak, ezta langile publikoenak ere, azken emaitza hobetzeko ahaleginean. Gobernu Kontseiluan onartutako Lege Proiektuaren testua, ekainaren amaieran, Legebiltzarrera igortzea da helburua.