Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

BPParen balantzea: antolaketan, prozesuetan eta teknologian Administrazio eraginkorraren alde egindako hobekuntzak

BPParen balantzea: antolaketan, prozesuetan eta teknologian Administrazio eraginkorraren alde egindako hobekuntzak

egilea: PIP taldea, Maiatza 7, 2014

Aurreko postetan BPPean (Berrikuntza Publikoaren Plana) Administrazio efikaz eta irekiago baten alde bildutako helburuak ebaluatu ondoren, gaurko artikuluan, hiru helburu estrategikoetako azkena aztertuko dugu: Administrazio eraginkorragoa lortzea.

Helburu hau kudeaketa administratiboaren eraginkortasuna hokuntzan oinarritzen da, prozedurak sinplifikatuz eta erabilitako teknologia eguneratuz. Ebaluatzeko, hiru adierazle-multzo kontuan hartu dira: antolaketaren hobekuntzarekin, prozesuen hobekuntzarekin eta, azkenik, teknologiaren hobekuntzarekin lotuta daudenak.

1.   Antolaketa: Administrazio elektronikoaren hedapenak garrantzi handiko ahalegina eskatzen du erakundea funtzio eta lan-modu berrietara egokitzeko. Oraingo egoera ekonomikoak zerbitzu elektroniko berriei eusteko behar den egitura-antolaketa abian jartzea zaildu du, eta horrek Administrazio elektronikoaren garapenean eta erabateko hedapenean aurrera egiten jarraitzea eragotzi du. BPPean aurreikusitako lanpostuen profilen eguneratzean ere ez da behar bezala aurrera egin. Zailtasun hau ahal den neurrian gainditzen ahalegindu da, aurrerago aipatuko diren prestakuntza arloko ekintzen bitartez.

Antolaketaren hobekuntzarekin lotutakoa dugu sare profesionalen, praktika-komunitateen eta berrikuntza-taldeen sorrera, BPParen 8. ildo estrategikoan (Berrikuntzaren sustapena eta ezagutzaren kudeaketa) aurreikusita zegoen moduan, eta balorazio positiboa egiten dugu horiei buruz. Horren inguruko informazio gehiago aurki daiteke blogean argitaratutako aspaldiko post honetan. Guztira, 7 sare profesional, 8 praktika-komunitate eta 4 berrikuntza-talde sortu dira.

Azkenik, erakundearen barruko antolaketan, bitarteko elektronikora egokitutako zerbitzu eta prozedurak kudeatzen dituzten pertsona ugariei (2.700 pertsona inguru) emandako prestakuntza nabarmendu behar dugu. Prestakuntza honen barruan, era askotako ekintzak abiarazi dira, hala nola, gida didaktikoen elaborazioa -zerbitzu elektronikoen garapenean eta kudeaketan diharduten pertsonentzako "jakingune" lankidetza eta ezagutza esparruan argitaratu dira-, tutoretza pertsonalizatuko zerbitzua edota aurrez aurre egindako prestakuntza-saioak, besteak beste.

2.  Prozesuak: Prozesuen hobekuntzari dagokionez, administrazio-prozedurarik ohikoenak birdiseinatu eta horien tramitazio elektronikoa abiarazi da. Prozesuak digitalizatzeko, beharrezkoa izan da bitarteko elektronikora egokitzea, eta horrek garrantzi handiko zenbait aldaketa ekarri ditu. Prozedura hauek bi taldetan bana daitezke: kanpoko prozedurak (herritarrei eta enpresei zuzendutakoak) eta Administrazioaren ekimenez abiarazitako prozedurak (barruko tramitazio elektronikoa).

Kanpoko prozeduretan, seguraski, laguntza, beka eta dirulaguntza proiektuan egindako birdiseinu eta sinplifikazioa izan da nabarmenena. Honen hedapena 2013an amaitu zen, eta Eusko Jaurlaritzako sail guztiei eragin die.

Administrazioaren ekimenez abiarazitako prozeduretan, horiek estandarizatzeko egin diren urratsak nabarmendu behar dira, blog honetan bertan xedapen orokorren eta prozedura berrien tramitazio elektronikoari buruz argitaratutako artikuluetan azaldu dugunez.

3.  Teknologia: Azkenik, teknologiaren berrikuntzari dagokion esparruan, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, hala nola, Platea deritzon Eusko Jaurlaritzako administrazio elektronikoko plataformarekin lotuta daudenak. Seguraski, hauxe da aurrekontu-egokitzapenen eragina gehien pairatu duen esparrua, eta horren ondorioz, hobekuntza teknologikoarekin zerikusia duten proiektuetako batzuk atzeratu behar izan dira. Hala ere, horrek ez du eragotzi IT kudeaketa-eredu berri baten inguruko hausnarketa eta definizio prozesua hastea.

Laburbilduz, gogoan hartzeko moduko aurrerapausoak eman dira Administrazio eraginkorragoa lortzeko bidean, eta horiei esker, euskal Administrazioa egoera hobean dago gaur egun etorkizunean plantea daitezkeen hobekuntza eta berrikuntza erronkei aurre egiteko.