Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Herritarren hizkuntza

Herritarren hizkuntza

egilea: Jose Ramon Guinea Uriarte, Urtarila 9, 2012

Jende askorentzat administrazioa izate urruna eta goibeltsua da, beraiekin zerikusi handirik ez duena. Bere erakunderen batek bidalitako gutun bat jasotzen dutenean erne egoten dira, aukera bakarra albiste txarrak edo esperientzia desatseginak edukitzea izango balitz bezala. Pertzepzio hori justifikatzeko arrazoi asko dago. Horien arteko bat, zalantzarik gabe, administrazioak erabili ohi duen hizkera da, hizkuntza sekretu bat bezain misteriotsua eta nahaspilatua.

Arazo hau, gure bi hizkuntza ofizialetan gertatzen da, bereizgabe. Euskal hiztun askok orriaren beste aldera jotzen dute automatikoki administrazioak bidalitako gutun bat jasotzen dutenean. Dena den, hau gehienetan ez da soluzioa. Administrazioaren hizkera, gaztelaniaz zein euskaraz, korapilatsua eta abstraktua da, ia metafisikoa, eta oso urrun dago nahi dugun gaurko administrazio hurbiletik. Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza zeregin horretan, hiritarrekin duen komunikazioa hobetzeko asmotan. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean (HAEEn) administrazioaren hizkera arrazionalizatzeko eta ulergarri egiteko egitura bat dago. Honen zeregina hiritarrekin kalitatezko komunikazioa sustatzea da, testu argiak, egokiak, zuzenak, zehatzak eta bisualki erakargarriak erabiliz, paperean edo baliabide elektronikoen bidez. Gaur egun, beste gauza batzuen artean, tramitazio elektronikoa errazten dituzten egiturak, pantailak eta dokumentuak aztertzen ari dira. Hona hemen egindako aldaketen adibide bat (aldaketok bigarren irudian ikusi ahal dira):

[Klik egin irudia handiago ikusteko][Klik egin irudia handiago ikusteko]

Era berean, Berrikuntza Publikoaren Planaren babespean lan-talde bat sortu da. Talde horren helburua denontzat ulergarriak izan behar dituzten administrazio-agiriak (ebazpenak, jakinarazpenak eta komunikazioak) sortzea da. Diziplina anitzeko talde bat da, zeinean parte hartzen duten Jaurlaritzaren sail askotako hainbat kidek: abokatuek, laguntzen izapidetzaileek, informatikariek, itzultzaileek eta hizkuntzetan adituek.

Bilatzen duguna, azken batean, bere pulpitutik hitz egiten ez duen administrazioa da, aise eta aldi berean era eraginkor batean idazten duena, herritarren hizkuntza erabiltzen duena, irakurtzen duen horri, komunikatu nahi zaion hori ulertzeko aukera guztiak ematen dizkiona. Ahaztu gabe, nola ez, hizkuntza argia eta erraza erabiltzeak ez duela esan nahi zorrotza, zehatza eta legala ez denik. Asko dago oraindik egiteke. Ziur asko, bide luze baten hasierako urratsetan baino ez gaude.